Ilusio ugari piztu du Athleticek zaleengan datorren denboraldirako. Josu Urrutia presidentearen eta Marcelo Bielsa entrenatzailearen egitasmoak bat baino gehiago konbentzitu du. Ikusi besterik ez dago lan saioetan Lezamara hurbiltzen den jende andana. Orain arteko lagunarteko partidetan ere itxura ona eman du. Ilusioa, ordea, azkar zapuzten da emaitzek laguntzen ez badute, eta zuri-gorriek atzo ezagutu zuten sasoiko lehenengo koskaren izena: Trabzonspor. Alegia, Bilboko taldeak Europa Ligako atarikoan izango duen aurkaria.
Europa Ligako zozketa Nyonen (Suitza) egin zen atzo, eta Athletici Turkiako taldearen kontra aritzea egokitu zaio atariko kanporaketan. Joanekoa hilaren 18an jokatuko da, eta itzulerakoa 25ean, San Mamesen, Bilboko Aste Nagusian. Talde turkiarra maila onekoa da, urtetik urtera hobera doana, beraz, ilusioari emaitza jartzea ez du lan erraza izango Athleticek.
Halako kontuak dakartza, ordea, Europa mailako txapelketa bat jokatzeak. Edozein talderen kontra aritzea egokitu daiteke, izan maila onekoa, edo izan eskasagokoa. Bielsaren taldeak, bada, ez du zorte gehiegirik eduki. Urrutia zozketan bertan presente izan zen, eta iritzi bera zeukan: «Ezda zozketarik onena izan guretzat. Trabzonspor oso talde ona da, eta beste bat tokatu izan balitzaigu nahiago izango genuen. Baina tira, guk geureari begiratu behar diogu». Alde txarrari, baina, begi onetik begiratu behar zaio. Talde turkiarra mendean hartuz gero aurkari on bat kenduko lukete gainetik Bielsarenek, eta taldeak konfiantza hartuko luke. Beraz, bere txarrean, ez da hain txarra.
Lagun zaharrak dira Athletic eta Trabzonspor. Orain zazpi urte elkarren kontra aritu ziren garai hartan UEFA Kopa zenaren kanporaketa batean, eta zuri-gorriak nagusitu ziren. Joanekoa Turkian izan zen, eta etxekoek 3-2 irabazi zuten. Carlos Gurpegik gogoan du norgehiagoka hura: «3-0 galtzen hasi ginen, eta pentsatzen nuen denboraldi osoa pikutara botatzen ari ginela. Bigarren zatian, ordea, hobeto aritu ginen, eta bi gol egitea lortu genuen, geldikako bi jokalditan. Hura lasaitua». Ordutik, Andosillakoak, Iraolak eta Orbaizek jarraitzen dute lehen taldean. Itzuliko partidarako bete egin zen San Mames, eta Athleticek arazo handirik gabe egin zuen aurrera (2-0). Ezquerro eta Yesteren bi golei esker —azken horrek barneko arropa erakutsi zuen gola egitean— hurrengo fasera sailkatu zen.
2004-2005 denboraldia zen hura, eta talde zuri-gorriko jokalari gehienen esanetan, orduan baino hobeto jokatzen du egun Trabzonsporrek. «Fitxaketa onak egin dituzte, tartean Zokora Sevillako jokalari ohia, eta ekonomikoki ere indartu egin dira. Hori guztia kontuan hartuta, eta errebantxa gosez egongo direla jakinda, ez dugu erraza izango», aztertu zuen atzo Gurpegik. Hori bai, Javi Martinezen iritziz garrantzitsuena taldea ondo egotea da, eta alde horretatik ez dago arazorik. «Zozketaren berri izatean zorte txarra izan dugula pentsatu dugu, baina horrek ez du axola. Gu ongi ari gara lanean, eta txapelketa ona egiteko ilusioz eta gogotsu gaude».
Orain zazpi urte moduan, joanekoa Turkian jokatuko da, eta bueltakoa Bilbon. Hori abantaila handia da Gorka Iraizozen ustez: «Itzulikoa etxean jokatzea beti da hobeto. Jendearen animoek lagundu egiten dute, eta babesa eman». Bilbo Aste Nagusia ospatzen egongo dela aintzat harturik, gainera, ziurtaturik dago zelaiko giro ona. Turkiatik emaitza txarra ekarriz gero, zaleen babesik ez dute faltako zuri-gorriek, eta alderantziz baldin bada, lehertzeko arriskua ere izango du.
Gaur, Tottenhamen aurka
Hilaren 18an Turkian jokatuko duen partidarako prestaketa lanetan jarraituko du Athleticek, eta gaur Tottenhamen aurka neurtuko ditu indarrak, Londresen (18:15). Hasieran batean, denboraldi-aurre honetako norgehiagokarik zailena dirudi, baina gogotsu daude zuri-gorriak. Bielsa entrenatzaileak hemezortzi jokalari deitu zituen atzo, tartean taldearekin lanean hasi berri diren Aurtenetxe eta Ramalho.
Hasierako ustezko hamaikakoaren berri ere eman zuen argentinarrak atzoko lan saioan. Nabarmentzekoa De Marcos atzeko lerroko ezker hegalean ipini zuela. Herrera eta Martinezek euskarri postuan jokatuko lukete, eta Llorente eta Toquerok aurrean. Orbaiz etxean geratu zen, kolpe baten ondorioz.
Lagun zahar bat bidean
Athleticek Trabzonspor talde turkiarraren kontra jokatuko du Europa Ligako atariko kanporaketa, zazpi urteren ondorenJoanekoa hilaren 18an izango da Turkian, eta itzulikoa 25ean, Bilboko Aste Nagusian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu