Athletic eta Getafe aurrez aurre izango dira gaur San Mamesen. Bi taldeen maila aintzat hartuta, duela hilabete batzuk ez zen harritzekoa izango batek baino gehiagok pentsatzea sei onenen artean sailkatzeko postu bat izango zutela jokoan gaurko norgehiagokan. Baina ez da hala izango, matematikoki aukeraren bat izan arren urrun daudelako goiko postuak bi taldeentzat. Behekoak ere bai. Hortaz, gertatzen denak ez dio inori eragingo. Ez lehian arituko diren taldeei, ez gainerako taldeei. Horrek tentsioa kenduko dio neurketari.
Lagunarteko baten itxura dauka partidaren atarikoak. Inork ez dio gaurko neurketari erreparatzen; jarraitzaile zuri-gorri guztiak Bukarestera begira daude jada. Eta, nahiz eta haiek onartu ez, bai teknikariek, bai jokalariek Europako Ligako finala daukate begiz jota. Ezinezkoa da pentsatzea Atletico Madrilen kontrako neurketan ez den beste edozertan.
Hala ere, neurketa ofiziala da, eta nahitaez aurkitu behar dira motibatzeko arrazoiak. Ordaintzen duenari ikuskizun duin bat eskaintzea izan daiteke bat. Izan ere, futbola ikustea garestia da; urteak joan eta urteak etorri, zale askok gastatzen dituzte ehunka euro euren gustuko taldeak bertatik bertara ikusteko, eta horiek guztiek profesionalen zintzotasuna merezi dute. Bestalde, ez litzateke txarra izango finalari begira sentipen onak berreskuratzea. Athleticek galdu egin ditu jokatu dituen azken bi neurketak, eta horrek ez du eragin handirik izango jokalarien konfiantzan, baina beti da hobea norgehiagoka handi baten atarian bolada onean egotea. Eta, nahiz eta gutxirako balio izan, beti da hobea liga zortzigarren bukatzea, eta ez hamalaugarren.
Jakina da Marcelo Bielsak ez duela onartuko futbolarien lasaitasuna: paso egiten duenak finala jokatzeko aukera gal lezake. Baina, era berean, ez da komeni erokeriarik egitea. Alegia, ez dela komeni min hartzea; eta lesiorik ez izateko erarik onena betiko moduan jokatzea da. Beti legez, baina ohi baino zuhurtzia handiagoarekin; apur bat handiagoarekin. Bestalde, egun aproposa dirudi oparitxo bat egiteko orain arte gutxi izan duten jokalariei. Batzuentzat azken aukera izango da Athleticeko elastikoarekin San Mamesen jokatzeko; beraz, Bielsak aukera ezin hobea du beste egoera batzuetan erakutsi duen gizatasuna erakusteko.
Lagunartekoa San Mamesen
Athleticek ez du ezer jokoan Getaferen aurka, eta zaleek eta jokalariek Bukaresten dute aspaldi burua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu