Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Lagunetik lagunera, amorrua

Andre Greipelek irabazi du Tourreko hamargarren etapa, esprintean Mark Cavendish taldekide ohiari aurrea hartutaPharma-Lottok txikitu egin du tropela azken muinoan, eta itota iritsi da Highroadekoa

unai zubeldia
2011ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
«Izorra adi!», ulertu zitzaion atzo Andre Greipeli (Omega Pharma-Lotto) garrasika hasi zenean; «Ikas ezak bigarren izaten» zegoen idatzita alemaniarraren keinuan. Amorrua, amorru handia nabari zen Carmauxeko helmugan, Frantziako Tourreko 10. etapan. Bi lagunen arteko amorrua. Lau urte atzera egin zuten Greipelek eta Mark Cavendishek (Highroad) atzoko esprintean. Ustezko laguntasuna amaitu zen unera. Bessegeseko Izarrean elkarri kolpeka hasteko zorian izan ziren, 2007an. Greipelek izartzat zeukan bere burua, baina Cavendish gaztea oilartzen hasita zegoen ordurako. Oilartzen... etapan aurrea hartzeraino. «Zital alaena!». Sutan zeukan barrua alemaniarrak, Man uharteko gaztetxoak taldeko hierarkia errespetatu ez zuelako. «Ni naiz taldeburua». Greipelek ezin zuen onartu Cavendishen jarrera. «Jarrai diezadala ahal badu!». Erantzuna argia izan zen.

Lagun onen moduan, muturrera eraman dute biek elkarrekiko ezinikusia. Esprintetan bakarrik ikusten dute elkar. Eta behartuta daudelako. Etsaiari irabaztea baino plazer handiagorik ez dute aurkitu lasterketaz lasterketa. Eta keinuen bidez adierazten dute hori. Atzo Greipelek egin zuen bezala. Garaipen zerrendari begiratuta, oilartzeko arrazoirik badu Cavendishek, azken hiruzpalau urteetan taldekide ohia baino nabarmen hobea izan delako.

Baina berdinduta daude aurtengo Tourrean. Joan den astean, ostiralean, Cavendishek askatu zuen barrua, Greipelen kaltetan. Eta atzo alemaniarrak amorrarazi zuen Highroadekoa, «txirrindulari ibilbideko momenturik handienean». Adierazpen horiekin dena esanda dago. Buruz buruko lehia izan zen atzokoa ere, baina prestaketa lanean egon zen gakoa. Highroadi esprinta nahierara prestatzen utziz gero, Cavendishek nahierara irabazten du gero, ia beti.

Baina Tourreko hamargarren etapak bazeukan Cavendish itotzeko moduko koska txiki bat: Mirandol-Bourgounac, laugarren mailako mendate motza. 20. kilometrotik sei laguneko ihesaldia sortuta zegoen: Remy Di Gregorio (Astana), Sebastien Minard (Ag2r), Arthur Vichot (Francaise des Jeux), Julien El Fares (Cofidis), Marco Marcato (Vacansoleil) eta Anthony Delaplace (Saur Sojasun) sartu ziren bertan. Sei iheskideen aldea nekez igo zen lau minutuko langatik, atzean lanerako zeudelako esprinterren taldeak.

Highroad, Sky, Lampre, Europcar... Esprinta nahi zuten gehienek. Baina azkeneko koska zeukaten buruan beste batzuek. Helmugara iristeko 50 kilometro eskas falta zirenean, minutu eta erdikoa zen aurreko seien aldea. Cavendish. Izen hori zegoen denen buruetan. Etsi-etsian, Marcatok erasoa jo zuen aurreko seikotean, eta Minard eta Bichot iritsi ziren, kontraerasoan. Omega Pharma-Lottok beste estrategia bat zeukan, ordea. Belgikarrek erritmo ito-itoa jarri zuten laugarren mailako aldapatxoan gora. Helburua? Cavendish zigortzea. Tropela luze-luze eginda jarri zuen Omega Pharma-Lottok, eta Gilbertek erabat hautsi zuen igoerako azken metroetan.

Gilbert, Thomas Voeckler liderra (Europcar), Tony Martin (Highroad), Dries Devenyns (Quick Step) eta Tony Gallopin (Cofidis) ihesean joan ziren, Highroaden lana are gehiago zailduz. Omega Pharma-Lottorentzat bikaina zen egoera. Aurrean bakar-bakarrik geratu zen Gilbert —ikaragarria da belgikarraren gaitasuna—, eta atzean BMC, Highroad eta Leopard-Trek lan egitera behartu zituen. Greipel babesean zihoan. Helmugara iristeko hamar kilometro falta zirenean hamalau segundorena zen aldea. Bazirudien min egiteko gai izango zela. Baina bost kilometroko pankartapean etsi zuen.

Euskaltelen ahalegina

Tartean iritsi ziren Gorka Izagirre eta Alan Perezen erasoak (Euskaltel-Euskadi). Saio politak izan ziren, baina ordurako ezinezkoa zen tropelaren oreka haustea. Biel Kadri (Ag2r), Rob Ruijgh (Vacansoleil), David Millar (Garmin-Cervelo). Bospasei segundoko iraupena zuten tropel nagusiko erasoek. Esprinterako etapa zen atzokoa, eta esprinta izan zen amaieran. Liquigasen laguntza txiki batekin, bi etsairen arteko esprinta. Taldekideen laguntzarik gabe, ondo ekin zion Cavendi-shek esprintari. Baina laugarren mailako muinoan gora Omegak jarritako erritmoak ito egin zuen azken 50 metroetan. Amorrua nabari zen Greipelen garrasian; gainetik pisu handia kendu duenaren amorrua. Horixe baita Cavendish eta Greipel lotzen dituen soka: amorrua.

Biharko Pirinioetako lehen borrokaren aurretik, esprinta espero da gaur ere. Blaye les Mines eta Lavaur artean, 167,5 kilometro dauzka etapak, eta ia ez dauka zailtasunik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.