Handia da Mark Cavendish (Sky). Oso handia. Ezkutuan egon eta denbora gutxian helmugan garaile izateko ahala duten txirrindulari bakanetako bat da. Eta atzo ere erakutsi zuen hori, Frantziako Tourreko bigarren etapan. Azken hiru kilometroak tentsioz jositakoak izan ziren, talde guztiek tropelaren aurreko muturrean egon nahi izan zutelako. Besteak beste, Lotto eta Greenedge aritu ziren jo eta su tiraka. Nonbait, itxaropen handia zuten Andre Greipelengan (Lotto) eta Matthew Gossengan (Greenedge). Ordea, distira egin zuen izarra beste bat izan zen: Cavendish. Taldekideen laguntzarik izan ez arren, atzetik aurrera egin eta ederki jakin izan zuen aurkarien gurpila hartzen. Esprint ikusgarri batean, gurpil erdiren aldea atera zion Greipeli.
Aurrez idatzirik zegoen gidoia bete zen Vise eta Tournai arteko 207,5 kilometroetan. Hasiera oso polita izan zen, eta kosta zen eguneko ihesaldia osatzen. Azkenean, Anthony Rouxek (FDJ), Michael Morkovek (Saxo Bank) eta Christope Kernek (Europcar) izan zuten zorte hori. Tropelarekiko zortzi minuturen aldea ere eskuratu zuten, baina ezer gutxirako balio izan zien gero. Roux izan zen azkena amore ematen. Bezperan erori eta ezker eskua minduta eduki arren, saiatu zen helmugaraino iristen, baina alferrik. Hamalau kilometroren faltan amaitu zen haren ametsa. Dudarik gabe, atzokoa esprinterrentzat diseinatutako eguna zen.
Espero zen esprint horren aurretik, dena den, tarteko helmuga puntuagarrian lehiatu ziren ziklista azkar guztiak. Goss izan zen onena, eta bigarrena, Mark Renshaw (Rabobank). Cavendish ez zen agertu, eta bazirudien ez zegoela sasoirik onenean Tournaiko helmugan irabazi ahal izateko. Gainera, Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak esana du aste honetan Cavendishi kostako zitzaiola garaipen bat lortzea, harentzat etapa egokirik ez zegoelakoan.
Inor ez erortzea, ia miraria
Bada, usteak erdia ustel bihurtu zituen Sky taldeko txirrindulariak. Tropela azken kilometroan sartu zenean, inor gutxik egingo zuen haren alde apustua. Izan ere, gainerako faboritoengandik urrun zegoen. Pelotoiaren aurreko aldean zeuden taldeek abiadura ikaragarria ezarri zuten, eta oso zaila zen atzetik aurrera egitea. Txirrindulari guztiak elkarren traban ibili ziren, eta ia miraria izan zen inor ez erori izana. Astana taldeko ziklista batek, gainera, ur bidoi bat bota zuen bazterrera, baina hesia jo eta bueltan etorri zen, eta hainbatek pasatu zuten gainetik. Beraz, oso zail zeuzkan kontuak Cavendishek.
Taldekideen laguntzarik eza ere igarri egin zuen, baina Erresuma Batukoa esprintetarako jaioa da, eta berezko sena dauka. Arazoak ikusita, Greenedgeko txirrindulari baten gurpila hartu zuen, eta ondoren, Greipelena. Halaxe sartu zen azken metroetan. Momentu erabakigarrian, berriz, zeukan guztia eman zuen, eta ozta-ozta izan arren, aurrea hartu zion Greipeli. Esprint ikusgarria izan zen, eta, okerrik ezean, aurtengo Tourrean lehia bizia izango dute alemaniarrak eta Cavendishek.
21. garaipena Tourrean
Irabazteari esker, zenbaki handietan sarturik dago Sky taldeko txirrindularia. Frantziako Tourrean 21 aldiz altxatu ditu besoak helmugan, eta seigarrena da garaileen zerrendan. Erregea Eddy Merckx da, 35 etapa irabazi baitzituen bere garaian. Cavendishek 27 urte ditu, eta, okerrik ezean, lasterketa gehiagotan nagusitzeko dohain guztiak ditu. Gaztea da, irabazle sena duena, baina kostako zaio Merckxen zenbakietara iristea.
Amaiera gaiztoko etapa gainditu beharko dute ziklistek gaur: 197 kilometro egingo dituzte Orchies eta Boulogne-Sur Mer artean, eta azken txanpan 700 metroko aldapa dago, %10eko pendiza duena. Faboritoak Philippe Gilbert (BMC), Cadel Evans (BMC) eta Peter Sagan (Liquigas) dira, besteak beste.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Laguntza, zertarako?
Mark Cavendishek atzetik aurrera egin eta irabazi egin du Tourreko bigarren etapa, esprintean, Andre Greipeli aurrea hartutaAmaiera gaiztoa du gaurko etapak, %10eko pendiza duen 700 metroko aldapa baitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu