Bezperan ez bezala, tropelak txukun lan egin du Kataluniako Voltako bigarren etapan, eta esprinta izan du berez esprintean amaitu behar zuen egunak. Hori bai, ohikotik gutxi izan du azken berotuak, Jose Joaquin Rojasi (Movistar) bideratzaile lanak egiten hasi, eta etapa garaipenarekin amaitu duelako eguna Alejandro Valverdek. Etixx aritu da lanean azken kilometroetan, baina Movistarrek eman du errematea.
Aurretik, Lluis Mas (Caja Rural), Sam Bewley (Orica), Tom Stamsnijder (Giant) eta Tsgabu Grmay (Lampre) ibili dira ihes eginda, eta lau minututik gorako aldea ere izan dute. Bezperan gertatutakoa buruan zutela, ordea, esprinterren taldeek motzean lotu dute ihesaldia, eta helmugara iristeko hamabost kilometro falta zirela elkarrekin ziren denak. Gironan hasi eta bukatu, hirugarren etapa jokatuko da bihar, 156,6 kilometrokoa. Hirugarren mailako bi mendate, bigarren mailako bat eta lehen mailako bi igo beharko dituzte.