LeBron Jamesek Clevelandeko Caveliers taldea utzi du, eta, hainbat asteetako zurrumurruen ondoren, hurrengo urteetan non jokatuko duen argitu du. Alero izarra Los Angeleseko Lakers taldean ariko da, hurrengo lau denboraldietan.
Jamesek esana zuen Caveliersen amaitu nahi zuela bere ibilbidea. Talde kutuna izan du, Clevelanden bihurtu baitzen izar, eta hara itzuli zen duela lau urte. Jokalariak, baina, ez du kontratua beste urte betez luzatzeko aukera gauzatu nahi izan, eta joan den larunbatean jakin zen libre geldituko zela. Sare sozialetan agurtu du orain arte bere taldea izan dena: "Mila esker, Ohio ipar-mendebaldeari, lau denboraldi sinestezin hauengatik. Beti izango da nire etxea".
Los Angelesera lekualdatuta, lehenengoz jokatuko du Jamesek Mendebaldeko Konferentzian —orain arte Miami Heatsen eta Caveliersen jokatu du bakarrik—. Hala, handitu egin daiteke azken urteotan bi konferentzien artean egon den desoreka.
Jamesek 33 urte ditu, eta 14 aldiz izan da All Star selekzioko kide. NBAko jokalaririk onena izendatu dute lau aldiz. Lakersera joan izanak, beste jokalari nabarmen batzuk ere erakar ditzake Los Angelesera. Lakers da NBA eraztun gehien eskuratu dituen bigarren taldea, eta berriz ere irabazle izateko hautagai bihur daiteke Jamesekin. Azken bost denboraldietan ez du kanporaketetarako sailkatzea lortu.