Lan erditan bueltarik ez

10 etapa eta 1.700 kilometro geratzen dira oraindik Vuelta bukatzeko, baina aldaketa gutxi espero da

Andoni Urbistondo.
2007ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Telebistako audientzia datuak oso apalak dira, errepide bazterrean ikusten diren zaleak banakako batzuk, eta sailkapen nagusiko borroka, txinpartarik gabekoa. Vueltak ez du bueltarik, oraindik itzuli erdia geratzen bada ere. 10 etapa eta 1.700 kilometro. Mendate gogor batzuk eta haizearen mehatxua, baina Vuelta hanka-motz dago. Erlojupekoan hautsi eta mendateetan gora aise eusten dion lider sendoa du, Denis Mentxov, eta errusiarra aldaretik jaitsiko duenik ez dago. Izatekotan, Carlos Sastre, baina oso urrun ikusten den egoera da hori.

Vuelta hasi aurretik jakina zena esan zuen atzo. Etapa gogor-gogor bat botatzen duela faltan, lasterketa urrutitik hausteko. Eduki izan balu, hautsiko al luke? Zaila, Mentxov bera baino hobeto baitabil mendian gora. Ez askoz hobeto, baina bai bere erasoei eroso eusteko moduan. Mentxov erlojupekoan moldatzen da ondoena, maldan gora baino hobeto, baina aurten dotore dabil bi diziplina horietan, eta ezin hobeto jardun du.

Non kendu behar dizkiote bi minutu Sastrek, Evansek edo Efimkinek liderrari? Sastrek dio egunero saiatuko dela, baina hori erretolika hutsa da. Buruz buruko lehian nekez utziko du atzean liderra, eta beste zirrikituren bat topatzekotan, haize-babesetan, edo etapa gorabeheratsuetako ihesaldietan bilatu beharko du, baina Rabobank taldea ondo moldatu da orain arte. Ez du talde ikusgarria, baina konplitzeko modukoa bai.

Lau etapa zail geratzen zaizkio Mentxovi. Lehen biak asteburuan. Larunbatean Cazorla eta Segura mendikateetan barrena ibiliko da Vuelta, Jaenen. Segadak egiteko aproposa da etapa, atsedenik gabekoa, zoru lakarretatik, eta luzea, 215 kilometro. Mentxov helmugatik urrun bakarrik uzten badute, saria lor dezakete bere aurkariek. Igandeko etapa klasikoagoa izango da. Monachil igoko da, Vueltako mendaterik gogorrena, baina aldapa gora bezain erabakigarria izan daiteke jaitsiera. Vinokurovek Granadarako jaitsieran utzi zuen atzean Valverde iaz. Sastre, ordea, ez da Vinokurov.



saILKaPenaK
NAGUSIA

1. Denis Mentxov (Rabobank) 39.41.51

2. V. Efimkin (Caisse d'Epargne) 2.01era

3. Cadel Evans (Predictor-Lotto) 2.27ra

4. Carlos Sastre (CSC) 3.02ra

5. Ezequiel Mosquera (Karpin-G.) 4.35era

6. Samuel Sanchez (Eusk.-Eusk.) 4.42ra

7. V. Karpets (Caisse d'Epargne) 5.49rara

8. Manuel Beltran (Liquigas) 5.56ra

9. Leonardo Piepoli (Saunier) 6.06ra

10. Stijn Devolder (Discovery) 6.28ra

11. Carlos Barredo (Quick Step) 6.39ra

12. Maxime Monfort (Cofidis) 7.13ra

13. Igor Anton (Eusk.-Eusk.) 7.58ra

14. Sylvain Chavanel (Cofidis) 8.45era

15. Daniel Moreno (Relax)9.34ra

16. Josep Jufre (Predictor-Lotto) 9.39ra

17. Luis Perez (Andaluzia) 10.31ra

18. Stephane Goubert (Ag2r) 10.40ra

19. Oliver Zaugg (Gerolsteiner)11.44ra

20. J. Van Goolen (Discovery) 12.38ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.