Lan erditan, lasterketan sartuta

Iragan agorrilan hasi eta gero, txapelketaren erdia jokatu da Top14an; Miarritze sendo dabil, eta Baiona gorabeheratsu

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Azaroan sartzearekin batera, nazioarteko errugbi selekzioak elkarri desafioka ari dira, eta Top14ak atseden hartu du abenduaren lehen asteburua arte. Lehen fasea bururatzeko partida bakarra eskas dute bertan ari diren Baionak eta Miarritzek. Kasik lan erdietara arribatu direlarik, hobeki ikus daiteke nora irits daitekeen bata zein bestea. Estutasuna nagusi den txapelketa honetan, bi taldeak beren helburuak betetzeko moduan direla da lehen balantzea.

Racing hirugarren sailkatutik Stade Français hamargarren sailkatura arte zazpi punturen aldea dago. Zortzi talde egonen dira, beraz, borrokan, Heineken kopa eta Top14ko finalerdiak jokatzeko igoera faserako eskubidea ematen duten lehen sei postuak lortzeko. Zortzi talde horiei, zulotxoa egin duten Tolosa eta Montpellier erantsi behar zaizkie.

Hamar talde sei posturendako, eta gibelean beste lau (Arroxela, Brive, Agen eta Bourgoin) jaitsierako azken bi postuak saihestu nahian. Top14aren estutasuna ederki laburbiltzen du datu horrek. Gorako ala beherako, oraingoz denek badute zerengatik borrokatu, eta talde bakoitzak izanen du zerbait jokoan.

Miarritze bere helburuetan dago oraingoz. Iragan sasoian Heineken kopako finalera iritsi zen Jean Mixel Gonzalezek eta Jack Isaacek zuzentzen duten taldea, baina Top14an ibilbidea ez zen nahi bezain biribila izan. Fase erregularreko azken jardunaldian Racingen zelaian galdu eta gero, lehen sei postuetatik kanpo gelditu zen, eta finalerdietan sartzeko igoera fasea jokatzeko aukerarik ez zuen izan.

Europan lortutakoak anbizioa handitzera eraman du Agilerako taldea, eta sasoi honetarako xedea Europan kopa irabazteko borrokan sartzea da, eta Top14an, lehen sei postuetan sartzea, lehenik, gero gorago begiratzen hasteko. Azaroan sartuta gaudenean, helburuak betetzeko bidean dago Miarritze. Heineken kopan multzoko lehena da, Ingalaterrako Bathi eta Irlandako Ulsterri irabazi eta gero. Abenduan bi partida eroso izanen ditu Italiako Aironiren aurka. Beraz, final-laurdenetarako sailkapena bide onean doa.

Top14an, berriz, pattal hasi zen Serge Blanco buru duen taldea. Estreinako partida etxean irabazi eta gero, bolada txarra izan zuen hiru aldiz segidan galduta Toulon, Agen eta Perpinyaren aurka. Ordutik, baina, pixkanaka bidea zuzendu du, eta astez aste gora iristen ari da. Lehenik, etxean irabazten hasi da talde xuri-gorria Stade eta Tolosaren kontra. Gero, etxean bildu erorikoak zuzendu ditu, Arroxelan eta Baionan irabaziz. Tartean, eroriko batzuk ere izan dira, dena irabaztea ezinezkoa baita, eta Racingen zelaian galdu eta etxean Castresen aurkaberdindu arren, ederki hartu du abiada Miarritzek.

Hemendik aitzina, ikusi beharko da nola kudeatuko duen Lapurdiko kostaldeko taldeak gainera heldu zaion egutegia. Sasoi hasiera on horri esker, azken urteetan selekziotik kanpo egon ziren Yachvili, Traille eta Thion Frantziako taldera itzuli dira. Munduko Kopa jokatzeko asmoa dute denek, eta berri ona da haientzat, baina atsedenerako tarte gutxiago izanen dute orain. Gainera, Heineken kopako fase garrantzitsua hurbilduko da, horrek gorputzari emanen dion kolpea eta guzi. Horiek denak kudeatu beharko ditu Miarritzek, Top14an ez dagoelako giro, eta partida guzietan ederki borrokatu beharko baitu garaipena.

Baionak iragan sasoiko mamuak buruan zituela hasi zuen 2010-2011ko denboraldia. Bulegoetan lortu zuen Top14an jarraitzeko eskubidea, zelaian jaitsiera postuetan bukatu zuelako 2009-2010eko sasoia. Hala ere, abiatze ezin hobe bati esker fite utzi ditu gibelean iragan sasoiko zalantzak eta kritikak. Toulonen zelaian irabaziz hasi zen aurrena, sekulako ezustekoa emanda. Martxa ederki hartu eta gero, bide beretik segitu zuen. Lehen sei jardunaldietatik bost irabazi eta gero, sailkapeneko lidergoraino ere igo zen.

Behetik gora eta goitik behera

Baina, orduan, motorra itzaltzen hasi zitzaion. Etxean bi aldiz galdu zuen lehenik, oso emaitza estuagatik Perpinya eta Miarritzeren aurka. Bi partida horietan irabazle ateratzen ahal zen, baina porrotaren bidean sartu zen. Etxetik kanpo partida zailak jokatzea egokitu zitzaion orduan, eta beste bi porrot etorri ziren, horietan ere emaitza estuarekin.

Bazirudien berriz ere iragan sasoiko bidera itzuliko zela Christian Gajanek zuzentzen duen taldea. Etxean hirugarrenez galdu zuen Montpellier denboraldi honetako ezustekoaren aurka -bigarren da sailkapenean-. Partida irabazi ahal izan zuen Lapurdiko hiriburuko taldeak, batik bat azken minutuetan, baina Montpellierrek egin zuen zuloa. Hala ere, bakantzetara joan baino lehen burua altxatzen hasi da, eta joan zen ostegunean Stade Françaisi irabazi zion Parisen. Horri esker balantze orekatua du -sei partida irabazi ditu, eta beste horrenbeste galdu-, eta lehen sei postuetan sartzeko aukerari eusten dio oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.