Olaizola II.a-Albisu 8. Irujo-Laskurain 22

Lan grisak ere balio du

Irujok eta Laskurainek aurkariek baino sendoago jokatu dute finalean, eta lehen aldiz irabazi dute Zarautz Hiriko TorneoaSoraluzeko atzelaria izendatu dute txapelketako pilotaririk onena, merezita

Irujo eta Laskurain, garaikurrak eskuetan, atzo Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan bildutakoak agurtzen, Albisu eta Olaizola II.aren ondoan. JUANAN RUIZ/ ARP.
jon eskudero
Zarautz
2011ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Iraupena. 38 minutu.
Pilotakadak. 291.
Saketik. Olaizola II.ak, alerik ez, eta Irujok, bost.
Markagailua. 0-3, 6-3, 6-7, 7-7, 7-12, 8-12 eta 8-22.
Bestelakoak. Jendetza Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, ia leporaino beteta. Partida hasieran dirua parean irten zen. Jaialdiko lehen partidan erremate erakustaldia eman zuten Lasak eta Apezetxeak.


Zarautz Hiriko Torneoaren irabazle zerrendara beste bi pilotari batu ziren atzo: Irujo eta Laskurain. Aspekoek sekula irabazi gabea zuten torneo hori, baina finalean uste baino errazago nagusitu zitzaizkien Olaizola II.ari eta Albisuri. Galtzaileak gaizki aritu ziren, inspiraziorik eta freskotasunik gabe, eta erraztasun ugari eman zizkieten aurkariei. Guztira hamahiru pilota galdu zituzten bien artean, eta hala oso zaila da lehen mailako torneo bat irabaztea. Irujok txukun bete zuen bere lana, baina laukoteko onena Laskurain izan zen. Torneoko onena Soraluzekoa izendatu zuten.

Erakustaldia emanda torneo bat irabaztea gauza handia da, baina distirarik gabe jokatuta hori lortzeak ere badu bere meritua. Irujok eta Laskurainek hala egin dute. Finalerdietan pattal aritu ziren, eta atzo ez zuten aparteko jokorik egin. Halakoetan, baina, jokatzen jakin behar da, eta Aspekoek hori badakitela erakutsi zuten. Aurreko koadroak apur bat ahaztuta, Albisuren bila joan ziren, eta bete-betean asmatu zuten taktikarekin. Laskurainek pilota asko baztertu zuen ezker hormara, eta ataundar gazteari ez zion eroso jokatzen utzi. Olaizola II.a, berriz, urrutitik ahalegindu zen tantoa amaitzen, baina alferrik. Azkenean, galdutakoak gehiago izan zituen egindakoak baino. Guztira, zazpi.

Hor egon zen gehienbat partidaren gakoa. Agerikoa da Albisuk ahal handia daukala, tarteka harritzeko moduko pilotakadak jotzen ditu, baina oraindik asko dauka ikasteko. Zaildu beharra du. Sei pilota galdu zituen, eta eramateko moduko bost sake utzi frontisean jarri gabe. Izarren maila baterako akats gehitxo egin zituen, eta Irujok eta Laskurainek ez zuten barkatu. Iberokoak zentzuz jokatu zuen, eta lau tanto lortu zituen jokoan.

Partidaren hasiera orekatua izan zen. Aspekoak aurreratu ziren, baina Olaizola II.ak eta Albisuk euren gustuko pilota atera eta sei tanto egin zituzten jarraian. Horietako bi, goizuetarraren erremate bikainak. Bazirudien norgehiagoka osoa bide beretik joango zela, baina ez. 7-8ko tantoa sekulakoa izan zen. Gorriak dominatzen aritu ziren, baina Irujok oso pilota zailak eraman zituen, eta azkenean Laskurainek atzean egin zuen tantoa. Pilotazale guztiak besaulkietatik altxatu ziren txalo jotzeko. Hortxe hautsi zen lehia. Olaizola II.ak eta Albisuk burua makurtu eta ez zuten euren maila eman aurrerantzean.

Goizuetakoak zortea ez zuen lagun izan pare bat errematetan, eta konfiantza galdu zuen. Albisuri, berriz, behar baino gehiago eragin zion urduritasunak. Irujok eta Laskurainek euren jokoa egiten jarraitu zuten 22ra heldu arte. 7na egotetik 8-22ra igaro zen norgehiagoka, apenas ordu laurden batean, eta ezer ikusgarririk gabe. Iberokoaren pare bat erremate izan ezik, gainontzeko pilota guztiak galdutakoak izan ziren. Amaieran, uste baino errazago nagusitu ziren Aspekoak, eta Irujok udako bigarren torneoa irabazi zuen, sanferminetakoaren ondoren.

Laskurain, domatzaile ona

Aurreko koadroetan gehiegi nahastea leporatu izan zaio sarritan Irujori, baina atzo ez zen halakorik gertatu. Burutsu aritu zen, eta aukera ona bakarrik zuenean sartu zen airez. Horren merituaren erdia, hala ere, Laskurainena dela esan daiteke. Soraluzekoa beti dago ongi jarrita kantxan, eta bere aurrelariari laguntzeko prest, atzo bezala. Ongi gidatu zuen Iberokoa, eta hark kasu egin zion. Irujok eta Laskurainek bikote ona osatzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.