Amaya Sport San Antoniok esku-eskura ditu Europako Errekopako finalerdiak. Horretarako, joaneko partidan Esloveniako Maribor Braniken pistan lortutako sei golen aldeari (28-34) eutsi behar dio gaur NUPeko pabiloian, itzuliko partidan.
Alde hori nahikoa izan daitekeela pentsa daiteke, batez ere kontuan hartuta Eslovenian San Antoniok erakutsitako nagusitasuna. Europan, hala ere, deus ezin da ziurtzat eman, eta kontuz ibili beharko dute iruindarrek orain esku artean duten abantaila hutsean gera ez dadin.
San Antoniok, gainera, ez du oraingoa bere garairik onena. Bigarren itzulia gogorra izaten ari da Iruñeko taldearentzat, eta sumatzen hasi zaio nekearen eta presioaren zama. Gainera, lesioek jo dute azken asteotan, eta horrek erran nahi du pistara ateratzeko moduan diren jokalariek ahalegin berezia egin beharko dutela dauden hutsak betetzeko. Eloy Gonzalez eta Javier Humet dira arazo fisikoak dituzten jokalarien zerrendarekin bat egin duten azkenak. Asteazkeneko Naturhouseren aurkako partidan hartu zuen min Eloy Gonzalezek. Orkatila bihurritu zuen. Humet, berriz, sukarrak jota zen atzo. Ondorioz, ez zuen entrenamendu saioan parte hartu. Gonzalezek ere ez, eta azken unera arte ez du erabakiko Apezetxeak deialdian izanen diren edo ez.
Partidak erabaki
23-25 galdu zuen San Antoniok Naturhouseren kontrako asteazkeneko partida. Azken txanpan garaipenari ihes egiten utzi zion Iruñeko taldeak, amaierarako bederatzi minutu falta zirenean 20-16 baitziren nafarrak aurretik markagailuan. Baina, ez zuten partida erabakitzen asmatu azken txanpan, eta garesti ordaindu zuten.
Egoera horrek kezkatzen duela ez du ukatu San Antonioko entrenatzaileak. «Azken partidetan esperientzia ezaren eragina sumatzen ari gara; ez dugu partidak erabakitzen asmatu. Maribor Braniken aurka ezin zaigu horrelakorik gertatu».
Maribor Braniken aurkako joaneko partidan defentsa izan zen nafarren arma nagusia. Defentsa sendoa izan da beti San Antonioren ikur, eta argi dago behar bezala erabiltzen duenean garaitzen hagitz zaila dela Iruñeko taldea. Gaur ere arma horri ahalik eta etekinik handiena ateratzen saiatu beharko du San Antoniok, kontraerasoaren bidez aurkariari min egin ahal izateko. «Tentsio handia erakutsi behar dugu defentsan».
Erasoan, halaber, lasaitasunez jokatzeko eskatu die Apezetxeak jokalariei. «Lehen unetik partidaren kontrola gure esku hartu behar dugu. Abantaila hartzen uzten badiogu aurkariari, urduritasunak min handia egiten ahal digu».
Urduritasuna izan daiteke San Antonioren arerio nagusia, hain zuzen ere, gaurko partidan. Europako Errekopako finalerdiak eskura ditu Iruñeko taldeak, baina kanporaketa gainditzeko azken urratsa egiteko presioari, nekeari eta nerbioei aurre egiten asmatu beharko dute Apezetxeak zuzendutako jokalariek. Hori eginez gero, eskura izango dute helburua, eta iragan sasoian lehiaketa honetan lortutakoa berdintzea.
Haiek inork baino hobeki dakite Europan aurrera egitea sari handia izan daitekeela nafarrentzat. Konfiantza emanen lieke garaipenak iruindarrei, eta denboraldiaren azken txanpari indarberrituta aurre egiteko aukera.
SAN ANTONIO-MARIBOR
Lehiaketa. Errekopako final-laurdenetako itzuliko partida.
Amaya Sport San Antonio. Ristanovic, Lucau, Sevaljevic, Gedeon Guardiola, Urdiales, Borragan, Mindegia, Vargas, Humet, Meoki, Victor Alvarez, Eloy Gonzalez, Crowley, Rasic eta Agirrezabalaga.
Maribor Branik. Cudic, Grm, Lesnik, Ostic, Klec, Fister, Tominec, Ivancic, Batinovic, Pucnik, Nikolic, Mackovsek, Vrecar, Razgor, Gregorc eta Gajic.
Epaileak. Herczeg eta Suedi.
Lekua. NUPeko pabiloia (3.000 ikusle).
Ordua. 18:30.
Beste final-laurdenak. Gaur:Sport Resita-Vardar (22-28 joanekoan) Bihar: Elverum-Gummersbach (25-44) Tremblay-Drott Halmstard (31-26).
Lanak amaitzeko ordua da
San Antoniok Maribor Braniken aurka jokatuko du gaur Europako Errekopako final-laurdenetako itzulikoa, IruñeanSei golen aldea dute nafarrek, 28-34 irabazi baitzuten Eslovenian jokatutako partidan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu