Lanak burutzeke

Mailari eusteko dena du alde Realak, baina kontuz ibili beharko du, beheko taldeak gora doazelako, eta oreka handia dagoelakoBederatzi puntu besterik ez daude hamargarren postutik jaitsiera postuetara

Bravo, Ansotegi eta Rivas, lur jota, igandean, Malagak sartutako bi goletako batean; Reala ez zen gai izan burua altxatzeko. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Xabier Lopetegi.
Donostia
2011ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Malagaren aurkako porrotak kezka sortu du Realean, hainbat arrazoigatik. Beti da kolpe gogorra azken sailkatuaren aurka etxean galtzea. Are gogorragoa kontuan hartuta Malagak garaipen bakarra zeramala azken hamar jardunaldietan, eta Ligako talderik ahulena dela defentsan, alde handiarekin, gainera: 59 gol sartu dizkiote, Realari baino hamahiru gehiago. Hala eta guztiz ere, denboraldi honetan lehen aldiz, atea zulatu gabe gelditu ziren txuri-urdinak Anoetan, eta agerian utzi zuten galduak dituztela partida gehienetan erakutsitako lehiakortasuna eta konfiantza. Ezer askorik egin gabe sartu zituen bi gol Malagak, eta eroso eraman zituen hiru puntuak etxera, bigarren zatian sufritu gabe.

Emaitza horrekin, Realak lau jardunaldi daramatza dagoenekoirabazi gabe. Tarte horretan, hiru gol baino ez ditu pilatu, eta bederatzi sartu dizkiote. Etsiak hartuta daude hainbat zale, puntuak batzeko bolada aproposa zela uste baitzuten, aurkariei begiratuta: Espanyol, Levante, Deportivo eta Malaga. Haatik, lezio gogorra utzi dute norgehiagoka horiek: lehia bizia dagoela Lehen Mailan, eta onena eman ezean, edonork irabaz diezaiokeela Realari, erakustaldien beharrik gabe. Borroka latza dago goiko eta beheko postuetan, eta jokoan behera egiten duenak garesti ordaintzen du.

Lehen itzulian jaitsiera postuetan edo ingurumarietan zebiltzan talde ugari suspertu egin dira bigarrenean. Levante da adibiderik garbiena, puntu gehien batu duena baita Bartzelona eta Real Madrilen atzetik, Valentziarekin berdinduta. Sei puntura aldendu du jada putzua. Zaragoza, Osasuna eta Sportingek ere arnasa hartu dute. Tartean, gainera, meritu handiko garaipenak lortu dituzte: Real Madril hartu zuen mendean Osasunak; Vila-real Levantek, El Madrigalen; eta Valentzia jipoitu zuen Zaragozak azken jardunaldian. Sportingek, berriz, puntu bat urratu zuen Mestallan, eta Bartzelonaren aurka, etxean. Eta 0-4 irabazi zion Mallorcari. Almeria bera itxuroso aritu da, Sevillak eta Vila-realek adina puntu batuta, oraindik putzuan jarraitzen duen arren.

Txanponaren beste aldean Hercules dago, arazo larrietan sartu baita, lau punturekin. Bitxia bada ere, lehen itzulian Europako postuetan, postu horietatik gertu edo sailkapenaren eremu epelean ibilitako lau taldek osatzen dute bigarren itzuliko sailkapena behetik hasita: Espanyol, Atletico Madril, Mallorca eta Getafek. Egutegi gogorra izan dute, Atletico Madrilek eta Mallorcak batez ere, baina datuak agerian uzten du inor ezin dela lasaitu. Reala ere ez da askoz hobeto ibili, hamar puntu lortu baititu, Deportivok eta Racingek bezala. Almeria, Osasuna eta Mallorca garaitu zituen, eta beste puntu bat urratu zuen Levanteren aurka. Guztiak, etxean. Madrigal, Bernabeu, Cornella eta Riazortik esku-hutsik atera zen.

Ahulak ez hain ahul, eta indartsuak ez hain indartsu. Jaitsiera postuak urruti samar ditu taldeak oraindik, baina hobe du lehenbailehen suspertzea. Izan ere, denboraldi honetan ez dago, beste askotan bezala, nabarmen hondoratutako talderik. Azken sailkatuak, Malagak, 26 puntu ditu. Dezenteko kopurua da. Azken aurrekaria 2002-2003 sasoikoa da: orduan ere 26 puntu zituen Alavesek. Harrezkero, hurrenkera kronologikoan, ondorengoa da azken sailkatuen zerrenda eta puntu kopurua 28. jardunaldian: Murtzia (17), Numantzia (20), Malaga (22), Gimnastic (21) —Realarekin berdinduta—, Levante (19), Espanyol (22) eta Xerez (19).

40 puntutik gora beharko dira

Egia da, hala ere, jaitsieraren langa 26 puntutan dagoela. Beste denboraldi batzuetan gorago egon izan da, eta estuago ibiliko litzateke Reala: 30 puntutan zegoen 2002-2003an; 27an 2003-2004an eta 2005-2006an; 32an 2007-2008an; eta 29an 2008-2009an. Bestalde, aurreko denboraldian, 37 punturekin eutsi zion mailari Malagak, baina ezin da eredu gisa hartu. Sasoi honetan beheko taldeak batez beste batzen ari diren puntuei erreparatuta, 40 puntutik gora beharko dira ziurrenik. Mende honetako hamar denboraldietan beti behar izan dira 40 eta 43 puntu artean, aipatutako salbuespena, eta 2004-2005ekoa kenduta: 39 punturekin libratu zen Mallorca.

Une honetan Mallorca da bederatzigarren sailkatua, 35 punturekin. Kopuru berarekin dago Reala, hamargarren postuan. Hortik azken postura bederatzi puntu baino ez daude. Hiru partida. Sekula ez da gertatu, azken hamar sasoietan behintzat, horren tarte txikian horrenbeste talde sartuta egotea. Nabarmen handiagoa izan da alde hori ia kasu guztietan: 2000-2001ean hamahiru puntu zeuden; 2001-2002an 11; 2002-2003an hamar; 2003-2004an 21; 2004-2005ean 22; 2005-2006an 20; 2006-2007an hemezortzi; 2007-2008an hemeretzi; 2008-2009an hamazazpi; eta aurreko sasoian hemezortzi.

Realak neurrian sentitu behar du presioa, erotu gabe. Mamu asko uxatuko lituzke garaipen batekin, eta lehenbailehen lortu nahi du, konfiantza berreskuratzeko. Dituen 35 puntuak altxorra dira, behar bezala kudeatzen baditu. Hondamendia behar luke jaisteko, baina dena da posible. 2003-2004 denboraldian, esaterako, kopuru berarekin jaitsi zen Bigarren Mailara Valladolid, azken hamar partidatan sei puntu soilik batuta. Bide bera jarraitu zuen Levantek 2004-2005ean, 28. jardunaldian 34 puntu eduki arren. Hiru puntu baino ez zituen erdietsi azken txanpan. Lanak burutu behar ditu Realak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.