Etaparen amaieran hunkituta zegoen Andrea Vendrame (AG2r). Ez zen gutxiagorako: bere kirol ibilbideko garaipen handiena lortu du gaur, Giroko hamabigarren etapan, azken metroetan Chris Hamilton (DSM) atzean utzi ostean. Liderrentzat lan egitera ohituta dago Vendrame. Baina AG2r-k, nagusira begira, ez du liderrik aurtengo Giroan, eta taldeko txirrindulari guztiek dute aukera ihesaldietan sartzeko eta etapa garaipenak lehiatzeko. Bada, Vendramek ondo baliatu du. Aipatu bezala, txirrindulari langilea da italiarra. Atzo ere lanaren poderioz lortu du irabaztea; eguneko ihesaldian sartutako hamasei txirrindularien artean saiatuenetako bat izan da, eta une erabakigarrietan agertu da.
Etapa luzea izan da, 212 kilometrokoa, ihesaldietarako aproposa. Baina lehen 80 kilometroak oso bizkor egin ditu tropelak, eta ez da horretarako aukerarik egon. Lehen kilometro horietako gauzarik azpimarragarriena zera izan da, Movistarreko liderrak, Marc Solerrek, lasterketa utzi behar izan duela, laugarren kilometroan izandako eroriko baten ondorioz.
80. kilometroan egin da eguneko ihesaldia. Jendetsua izan da, hamasei txirrindularik osatu baitute; tartean ziren Giovanni Visconti (Bardiani), Mikkel Honore (Deceuninck), George Bennett (Jumbo), mendiko sailkapeneko buru Geoffrey Bouchard (AG2r) eta azken metroetara bakarrik iritsi diren bi txirrindulariak: Vendrame eta Hamilton.
Tropelak baimena eman die bidea egiteko, eta aurrekoek hala egin dute ibilbide gorabeheratsuan; 10 minututik gorako aldea izan dute. Bouchardek mendiko sailkapenerako puntuak biltzeko baliatu du eguna. Euria egin du hainbat zatitan, eta horrek are arriskutsuago egin ditu jaitsierak. Hala, ihesaldiko multzoan sartu eta atera ibili dira txirrindulariak. Atzean, tropela pixkanaka bizituz joan da erritmoa, baina estutu gabe. 25 kilometro falta zirenean, argi zegoen aurrekoen artean erabakiko zela etapa.
Hain zuzen ere, bost kilometro beranduago ekin diote Passo del Carniora igotzeari. Eguneko azken igoera zen, 10,5 km, %5eko pendizarekin. Hor hasi da erabakitzen etapa. Erasora jo duten lehen txirrindulariak Gianluca Brambilla (Trek) eta Bennett izan dira, baina hor agertu da buruan Vendrame ere. Baziren hark baino garaipen zerrenda oparoagoa zuten txirrindulariak, baina orduan hasi da erakusten indartsu zegoela. Azkenean, lau txirrindulari borrokatu dira etaparen garaipenaren lehian: Bennett, Brambilla, Hamilton eta Vendrame.
Ustez, Bennett zen indartsuena, baina, hiru kilometro falta zirenean, Vendramek lehenago erakutsitakoa berretsi du. Indartsu zegoen, eta ez zuen irabazteko aukera galdu nahi. Hamiltonekin batera egin du aurrera, eta, helmugatik 300 metrora, atzean utzi du, eta garaipena lortu. «Ametsa egia bihurtu dut Giroan irabazita». Hunkituta zegoen. Izan ere, ez du denboraldi hasiera erraza izan. Coppi Bartalin erorikoa izan zuen, eta lasterketa utzi behar izan zuen. Aste batzuk eman zituen lehiatu gabe.
Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan. Egan Bernal (Ineos) da lider oraindik ere. Etziko Zoncolaneko etaparen zain, bihar ere etapa luzea dute aurretik ziklistek, 198 kilometrokoa, Ravenna eta Verona artean. Baina ez du gaurkoak bezalako gorabeherarik. Esprinta espero da.