USADA AEBetako dopinaren kontrako agentziak ebatzi du Lance Armstrong txirrindulari ohia 1998 eta 2005 bitartean etengabe dopatu zela. Hala, Armstrongi epe horretan lortutako lortutako lorpen guztiak ken diezazkioten eskatuko du; tartean dira irabazi zituen zazpi Frantziako Tourrak, eta baita 2000. urteko Olinpiar Jokoetan irabazitako brontzezko domina ere.
Frantziako Tourrak jakinarazi duenez, epaiaren xehetasunen berri izatean erabakiko du txirrindulari ohiari Tourrak kendu ala ez.
Armstrongek ez du bere burua defendatzeko aukera baliatu, "aski delako". Hala, amore eman du urteetan kateatuta izan duen borrokan, eta ihesbiderik gabe geratu da; USADAK zituen probak behin betikotzat hartu ditu, era horretan.
"Kontu horrek guztiak halte handia egin dio nire familiari eta gure fundazioaren lanari; horregatik, zentzugabekeria hori amaitzea erabaki dut", adierazi du Armstrongek. Livestrong fundazioa sortu zuen txirrindulari ohiak 1997an, minbizia dutenak laguntzeko, berak ere gaixotasun horri aurre egin ostean.
Etengabeko dopinaren susmoa
AEBetako dopinaren kontrako agentziak (USADA) 1998 eta 2005 artean etengabe dopatu izana leporatzen zion txirrindulari ohiari, zazpi Tourrak lortu zituen urteetan, alegia. Hori horrela, ekainaren 29an, Armstrongen, Pedro Celaya Lezema eta Luis Garcia del Moral medikuen, Pepe Marti entrenatzailearen, Michele Ferrari mediku laguntzailearen eta Johan Bruyneel kirol zuzendariaren kontrako karguak aurkeztea erabaki zuen dopinaren kontrako erakundeak.
40 urteko estatubatuarrak errugabea dela berretsi du behin eta berriz, eta ukatu egin ditu dopin salaketak. Hala ere, dopinaren kontrako agentziak dio Armstrongen hamar taldekide ohik kontrakoa esaten dutela eta badaudela odol laginak dopin substantziak hartu izan dituela egiaztatzen dutenak.
Bigarren postutik lehenengora
Frantziako Tourraren antolatzaileek Armstrongi zazpi tituluak kentzea erabakiko balute, bigarren postuan geratu ziren txirrindulariek jaso dezakete saria. 2002ko Frantziako Tourrean Joseba Beloki izan zen bigarrena. Belokiz gain, Ivan Basso (2005), Andreas Kloden (2004), Jan Ullrich (2003, 2001, 2000) eta Alex Zulle (1999) ere izan daitezke Tourraren irabazle berriak.
Dena dela, txirrindulari horietako batzuk ere dopinarekin lotuta auzipetu dituzte; beraz, zaila da asmatzea Armstrongi kendutako titulua nork jasoko lukeen. Adibidez, Ullrichek berak aitortu zuen dopatu egin izan zela.