Mikel Landak (Astana) handikiro irabazi du Italiako Giroko hamabosgarren etapa, Madonna di Campiglion gora azken unean erasoa jota. Egunero-egunero ari da erakusten podiumera igotzeko moduan dagoela, eta, bezperan erlojupekoan denbora asko galdu ondoren, 27 segundora dauka, berriz ere, erronka hori. Gaur-gaurkoz Andrey Amador (Movistar) dago hirugarren postuan, baina mendiko etaparik gogorrenak zain daudela, murgiarrak eskura dauka erronka. Alberto Contadorrek (Tinkoff), berriz, sendo jarraitzen du lider. Espainiarrak arazorik gabe erantzun die Landa eta Fabio Aruren (Astana) erasoei, eta, azken unean, Juri Trofimov (Katuxa) metro batzuk hartuta zegoela, Landari baimena eman dio erritmo aldaketa egiteko. Aru zaintzera mugatzen ari da Tinkoffeko taldeburua, eta gaur ere larri ibili da Astanakoa.
Giroak bigarren atseden eguna izango du bihar, eta etapa beldurgarria izango dute etzi, Mortirolo eta Aprica igo beharko dituztelako azken kilometroetan sartuta.