Txirrindularitza

Landak Giroa utzi du

Txirrindulari arabarra erori egin da helmugarako lau kilometro falta zirela, eta ezker lepauztaia eta zenbait saihets hautsi ditu. Caleb Ewanek irabazi du bosgarren etapa, eta Alessandro De Marchik eusten dio maglia arrosari.

Mikel Landa, aurtengo Giroan. LUCA ZENNARO / EFE
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 12a
17:42
Entzun

Mikel Landak ezin dio ihes egin zorigaitzari. Hamaikagarrenez, ezbeharra izan du, eta lasterketa utzi behar izan du. Oraingoan, Italiako Giroa, eta hasi eta gutxira, bosgarren etapan. Murgiarra erori egin da helmugarako lau kilometro falta zirela, eta kolpe handia hartu du. Ezker lepauztaia eta zenbait saihets hautsi ditu. Kolpe handia da, Landa oso ondo aritu baitzen bezperan, aldapan gora eraso eginez, eta Giroa irabazteko faborito nagusiekin helmugaratuz.

Etapari dagokionez, esprintean amaitu da, eta Caleb Ewan australiarra (Lotto) izan da azkarrena. Sailkapen nagusian, Alessandro De Marchi italiarrak (Israel) maglia arrosari eutsi dio. Joseph Dombrowski estatubatuarra (UAE) zen gaur arte bigarren sailkatua, baina hura ere erori egin da Landarekin batera, eta denbora asko galdu du helmugan. 

Bihar, mendate batean amaituko da etapa: San Giocomoko santutegian bukatuko da. 15,5 kilometroko igoera da, gogorra: %6,1eko batez besteko pendiza du. Ikusteko dago faboritoen artean sua piztuko den edo ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.