"Saiatuko naiz" esaten duen bakoitzean kolpea ematen du amaieran. Iaz egin zuen Aian eta aurten ere egin du Garrastatxuko ermitan. Mikel Landak (Sky) garaipen ikusgarria lortu du Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapan, eta liderraren maillotarekoin abiatuko da bihar Gasteiztik. Nola egiten duen? Auskalo. Berak bakarrik jakingo du hori. Baina Garrastatxuko aldaparik gogorrenean mugitu, eta Wilco Keldermani (Jumbo) buruz burukoa irabazi dio azken metroetan. Faboritoen artean, berriz, Sergio Luis Henao (Sky) izan da indartsuena, eta segundo politak irabazi ditu azken metroetan. Landak segundo batera dauka Kelderman, bostera Henao, 9ra Samuel Sanchez (BMC), 11ra Alberto Contador (Tinkoff) eta 15era sei txirrindulariko taldetxo bat, Nairo Quintana (Movistar) eta Joaquim Rodriguez (Katuxa) tartean direla.
Azken leherketaren aurretik, Angel Madrazok (Caja Rural) eta Stefan Denifl (IAM) ibili dira ihesean, eta lau minututik gorako aldea ere lortu dute. Baina Katuxa lanean hastearekin batera geratu da ezerezean aldea. Errematea, ordea, Skyk eman du, Landaren eskutik. Gasteizen hasi eta Lesakan amaituko da biharko etapa, itzuliko luzeena,193,5 kilometrokoa.