Baiona 27. Racing 23

Landutako garaipena

Racingek indar eta kilo gehiago izan arren, Baionaren pase jokoak eta Boyeten zangoak erabaki dute partida

Benjamin Boyet pase bat ematen, aurreko partida batean. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Baiona. Lafond (Iginiz, 53. min.), Roumieu, Boyoud (Avril, 51. min.); Linde (Lafitte, 61. min.), Boutaty; Haare, Baget (kap.) (Bernad, 51. min.), Puricelli; Gartzia, Otazo; Gerber, Lacroix (Visensang, 65. min.), Mazars, O'Connor; Boyet..

Racing Metro. Brugnaut (Vakatawa, 65. min.), Arganese (Noirot, 44. min.), Tuugahala (Descon, 54. min.); Ghezal, Dellape (Van Der Merwe, 57. min.): Leo'O (Combes, 61. min.), Cronje, Qovu; Durand (kap.), Wisniewski; Saubade, Chavancy (Vaqatawa, 67. min.), Matavesi, Jane: Germain.

Epailea. Jean-Luc Rebollal.

Markagailua. 3-0; 3-3; 6-3; 6-10; 9-10; 12-10 (atsed.) 15-10; 18-10; 18-13; 21-13; 24-13; 24-16; 24-23; 27-23.

Baionak lana ongi eginiko irudipenarekin utzi zuen atzo Jean Dauger estadioa. Racingen indarraren aurka irabazteko izerdi dezente bota behar izan zuen, eta larrutik ordainarazi zizkien faltak kanpokoei. Lanak saria izan zuen, eta lasaiago arnasa eginen du hemendik aitzina Lapurdiko hamabostekoak.

Bi estilo kontrajarri ikusi ziren. Baionak gibelean abiadura eta bizitasunaren alde egin zuen. Freskotasuna O'Conorrek jarri zuen, eta Otazo zuloa hartzen entseatu zen behin baino gehiagotan. Puricelli edo Haareren mugikortasuna ere aipatzekoak izan zen. Racingek bere aitzineko zortzikotearen indarrarekin erantzun zuen. Eremu txikian min egin zion Baionari, Leo'O, Qovu edo Cronjeren barneraldi gogorrekin.

Kanpokoek falta anitz egin zituzten, ordea. Uztartze irekietan indarra baliatu nahi izan zuten baloiak lapurtzeko, baina, horren ordez, epaileak zigor kolpeak adierazi zituen. Baionarrek ederki baliatu zuten aukera Benjamin Boyeten zangoari esker puntuak pilatzeko. Halerw, Racingen indarrak lehen fruitua lortu zuen. Jokaldi luze baten ondoren, Matavesi barnekoak bere 110 kiloak baliatu zituen Otazo paretik kendu eta entsegua lortzeko (6-10). Baionak bere armekin erantzun zuen, baina bizpahiru jokaldi eder egin arren, Racingek ondo eutsi egin zion. Ondorioz, Boyeten zangoa bilatu zuen eta, pixkanaka, berriz aitzina hartu zuen. Atsedenaldira aldeko 12-10arekin joan zen.

Bigarren zatiak antzeko gidoia berean iragan zen. Baionarrak erasoan abiadura emateko gogoz zelairatu ziren, eta Racingek bere indarraren alde egin zuen. Hobeki hasi ziren baionarrak, eta Racingek defentsan falta anitz egin zituen. Behin baino gehiagotan zigor kolpeak entsegurik ez hartzeko erremedio gisa erabili zituen —Boyetek zortzi sartu zituen hagen artean—. Guzti honen ondorioz, Baionak alde polita lortu zuen: 24-13.

Minutuak aitzina joan ahala Racingen indarra eraginkorragoa izan zen. Paristarren ordezkoek freskotasuna eta kiloak ekarri zituzten, eta etxekoek sufritu zuten. Partida bukatzear zela, Vaqatawak entsegua sartu zuen, Racing puntu bakarrera jarriz: 24-23. Boyetek, baina, hurrengo jokaldian garaipena segurtatu zuen bukaerako 27-23koa ezarriz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.