140 kilometroko entrenamendua du aurretik Lampre taldekoak. Hondarribian hasi (Gipuzkoa), Lapurdiko mendebaldea zeharkatu, Lizarietara igo Saratik, Etxalar eta Lesakatik pasatu Nafarroan, eta Agiña eta Aritxulegi mendateetara igo ondoren, Oiartzundik etxera berriro. «Lauzpabost ordu», bota du animoso. 10:00ak dira. Zerua gris, euri tanta batzuk, zortzi gradu, eta ia mundu guztiarentzat, bizikletan ibiltzeko gogo gutxi.
«Hendaia eta Sokoa arteko itsas hegitik joango nauk, eta Donibane Lohizunetik aurrera serie batzuk egingo dizkiat». 300 watteko indarrean, 140 taupada minutuko. Errazago ulertzeko, 45 kilometro orduko abiadura etengabe. Laino beltzek Larrun mendia estali dute erabat, baina Atxuria eta Lizarieta mendateko ingurua, Sara eta Zugarramurdi inguruan, garbiago dago. Vilak mendi guztian izenak esan dizkie autoan doazen kazetariei, eta Lizarietako usategiak non dauden adierazi. Berako Labiaga mendia zein den ere esan du, mendi horrek oroitzapen on-onak dakarzkiolako. Miguel Indurain handia Etxalar eta Zugarramurdi arteko aldapa batean fintzen zela ere kontatu du, eta bera ere hara joaten dela Girora joan aurretik.
Entrenamenduko lehen mendatera, Lizarietara iristear, crevaison oihu egin du Vilak. Gurpila zulatu zaio: «Lehen aldiz aurten». Gurpila konpontzen iaioak dira txirrindulariak, baina airea gordetzen duen balbula izorratu zaio nafarrari, eta ezin du jarraitu. Ez da sobera larritu, eta zer egin pentsatu du. Entrenamendua bukatutzat ematea litzateke logikoena, baina Vilak bidean ikusi duen lagun bati deitu dio, eta Sarako baserriren batean gurpil puzgailu bat lortzeko esan dio (albaitaria da). Esan eta egin, han azaldu da Xabi laguna puzgailuarekin.
MUSIKA LAGUN LEIAL. Vilak musika entzuten du entrenamendu saioetan. Lana atseginagoa izateko egiten omen du, baina baita gauzak ondo egiteko, ilusioa pizteko ere: «Begiratu inguru honi. Astean bizpahiru aldiz ibiltzen naiz hemendik, eta baso, mendi eta paraje hauek nire parte dira. Ilusioa egiten dit hemendik ibiltzeak, hunkitu egiten naiz, eta sentimendua daukan musikak asko laguntzen dit lanean gustura aritzeko». Itoiz entzuten ari da, «euskaraz, sentimendu asko islatzen dituzten abestiak». 2.000 abesti baino gehiago dauzka gordeta iPod-ean. «Psikologoak esan zidan lagungarria izan zitekeela. Nik zein musika atsegin dudan esan nion, eta oso pozik entrenatzen naiz musika entzuten hasi nintzenetik». Gailuak bere kabuz aukeratzen du musika.
Lizarietan gora egurrean hasi da Vila. %2koa da malda lehen bi kilometroetan, eroso doa. Azken laurek, ordea, %6ko malda gainditzen dute, eta Vilari arnasestuka sumatzen zaio. Ordu laurden inguruko lana da, 400 watteko indarrean, 160 bat taupada minutuko. Azken kilometroa plater handiarekin egin du, eta gainera hurbildu ahala pinoiak jaisten hasi da. Bizikletan ibili denak badaki kateak errazago egiten duela pinoietan gorako bidea, abiadura apalagoa denean aldatzen direlako pinoiak normalean. Beherantz, ordea, ozenagoa da soinua, abiadura azkarragoa delako. Abiadura azkarrean pinoi bat jaisteak hankari eragiten dion oztopoa handia da.
Gaina hartu du, eta hauspoari atseden eman ondoren, emaitzak jakinarazi ditu. 14.08n igo da Lizarietara. Ikusgarria! 2007ko denboraldia prestatzeko egindako saioetan 15.10 izan da haren denbora onena, eta betikoa, 14.22, iaz egindakoa. 14 segundotan ondu du bere marka Vilak. Etxalar aldera jaisten aurreko gurpila zulatu zaio, eta bizikleta autoan sartu beste erremediorik ez du eduki. Beraraino, mekanikariarena. Barratxo energetiko bat jan du, eguneko bigarrena dietistak horrela aginduta.
Eguerdiko ordu bata da, eta Vilak Agiña eta Aritxulegiko buelta beste baterako uztea erabaki du. Trukean, Ibardinera igo da, eta handik etxera, Hondarribira. Ibardinera ere bizi igo da, baina Lizarietara baino mantsoago. «Denbora asko egin diat geldirik Beran, eta Lizarietako esfortzuarekin nahiko gaurkoz», bota du. Ordu biak jotzear daude etxera iristen denerako. Ur eta Laia txakurrek egin diote ongietorria, baita Noemi emazteak ere. Txirrindulariak ez du galdetu zer dagoen bazkaltzeko. Bere menua nahiko monotonoa da, eta badaki aukera ez dela handi-handia. Entsalada bat, arroza, pasta...
AITORTZA ZINTZOA. Vilak entrenamenduko datuak erakutsi ditu: 100 kilometro egin ditu hiru ordutan, 121 taupadako batez bestekoarekin, eta 85 pedal kolpeko erritmoarekin minutuko: «Badakizue, gauzak Armstrongek bezala egin nahi eta...». Lizarietako igoerarekin harrituta geratu garela eta, prestakuntza ondo doala aitortu digu. Iaz Paris-Nizako etapa bat irabazi zuela gogoratu diogu, eta hori hobetu behar dela aurten: «Tira, poliki-poliki. Txirrindulari profesional izatea erabaki nuenean 10-12 urteko plangintza egin nuen, eta gutxi-asko, orain sei bat urte pentsatutakoa betetzen ari da. Lehen bi urteak egokitzeko eta ikasteko, hurrengo hiruzpalau urteak taldeari laguntzen. Urrian 32 urte egingo ditut, eta nire kirol ibilbidea beste norabide bat hartzen ari dela sumatzen dut». Ze norabide, galdera: «Ba, urtez urte koska bat hobetzeko norabidea».
Garaipena hitza, emaitza onak lortzeko erantzukizuna saihestu nahi du nola-hala Vilak. Bere burua txirrindulari langileekin lotzen du, ez liderrak direnekin, eta Marzio Bruseghin Lampre taldekidea omen bera gehien begiratzen dion ispilua. Bruseghinek Luciano Ligabue Italiako musikagilearen istorioa kontatu zion behin Vilari. Ligabuek abesti bat egin zuen Italiako futbol selekzioko Gabriele Oriali jokalariarentzat. Espainiako Munduko Futbol Txapelketan jokatu zuen erdilaria zen Oriali, 1982. urtean. Italiak txapelketa hura irabazi zuen, baina izena eta sona Tardellik, Rossik, Scireak, Zoffek eta enparauek lortu zuten. Orialik ez hainbeste, lan iluna, grisa egiten zuen jokalaria baitzen. Bruseghinentzat ikurra da aspaldi Oriali, eta Vilarentzat ere bai, jakina. Horregatik dio lasai-lasai Giroan Damiano Cunegori laguntzea izango dela bere erantzukizuna, hark Giroa irabaz dezakeela badakielako dagoeneko. Hori, Giroan hamar onenen artean sailkatzeko gaia duela jakinda (iaz sailkatu zen postu horretan, lana beltz egin ondoren): «Besteentzat lan eginez gozatu egiten dut oraingoz, taldeko nagusia izateko garaia iristen denean, iristen bada, hitz egingo dugu». Gauzak ondo bidean, hitz egingo da.
patxi vilaLampre taldeko txirrindularia
«Garaipenari nion beldurra gainditzea izan da nire lorpen handiena»
A.u.-I.s.Hondarribia
Iazko martxoaren 9an bizitza berri bat hasi zuen Patxi Vilak. Paris-Nizako hirugarren etapa poltsikoratu zuen, Landisekin batera helmugaratuta. Egun hartako argazkietan erdi negarrez agertzen da Vila, eskuak begiak estaltzen. Urtebete atzera gertatutakoa berarentzat zer izan zen azaldu du jarraian.
Paris-Nizako etapa hura irabazita, gainetik etengabe zigortzen zintuen zama kendu zenuela zirudien. Egia al da?
Bai, hala da bai. Nik betidanik izan diot garaipenari beldurra. Garaipena lortzeko gai ote nintzen edo ez, baina, batez ere, garaipen batek ekar zezakeena onartu eta gainditzeko prest ote nengoen. Paris-Nizako etapa hartan, helmugatik bi kilometrora edo bi ziztada mingarri izan nituen buruaren atzealdean, Landisek atzean utziko ninduela beldurrez, garaipenik gabe geratzeko beldurrez. Behin helmuga pasatuta, buf!, beste mundu batean bezala egon nintzen, askatasunaz gozatzen.
Zergatik zalantza horiek?
Beno, jakitun naiz fisikoki dohain onak ditudala, baina buruz-eta... Fede gutxiko mutila izan naiz beti, nire gaitasunean konfiantza gutxi eduki duena. Zorionez, sentimenduak partekatu zalea ere izan naiz, eta emazteari esker hasi nintzen konfiantzaren arazo hori konpontzen. Berak psikologo bat ezagutzen zuen, eta harekin hasi nintzen lanean. Maria Zubia da psikologoa, eta hura, nire lana eta bizitza beste modu batean ikusten lagundu didan neurrian, nire emaitzen erantzulea ere bada.
Paris-Niza bigarren postuan bukatu zenuen, eta komunikabideek Euskal Herriko Itzulia irabazteko hautagaitzat jo zintuzten. Presio hori nabaritu al zenuen?
Bai, asko. Fisikoki ondo nengoen, indartsu, baina komunikabideen arreta erakarri izanak buruko neke handia eragin zidan, eta ezin izan nuen maila on-ona eman.
Eta nola gainditzen da gabezia hori?
Ba, arazoari buruz asko hitz eginez. Atzera ere sarri begiratzen dut. Baneston egin nuen bigarren urtean txirrindularitza uzteko zorian egon nintzela gogoratzen naiz sarri. Egun euritsua zen, eta entrenamendua bukatuta, ezin nuela jarraitu esan nion emazteari. Jota egon nintzen 15 egun, baina jarraitzea erabaki nuen, eta erabaki zuzena izan zela uste dut.
Entrenamendu saioan garbi ikusi da oso indartsu zaudela. Noizko bete-betean?
Beno, Euskal Herriko Itzuliari begira egin dugu prestakuntza. Italian egon nintzen orain aste pare bat, Monte Serra mendatean, Toskanan, eta historiako 15. denbora egin nuen.
Erronka handiagorik ez? Giroa, adibidez.
Beno, konfiantza lortzen ari naiz pixkanaka, baina hainbesterako ez. Lor ditzakedan kirol emaitzen inguruan pentsatzen dut, lortzen ezinezkoak direnetan ez.
Zein da zure dohain onena?
Erregulartasuna eta konstantzia. Urtez urte hobetzen joan naiz, eta oraindik badut hobetzeko tartea. Erregularra naizelako lortzen dut hori.
Berandu hasi zinen profesionaletan. Noiz arte jarraitzeko asmoa duzu?
Beno, urte hau eta beste pare bat bai. 35 urte bete arte edo. Ez da- kit, horrek ez nau arduratzen orain. Pozik nago. Kazetariekin, jendearekin nire bizipenak partekatzea atsegin dut, kalean ere ezaguna naiz jendearentzat... noiz arte ibiliko naizen ez da garrantzitsua.