Oscar de Marcos (23 urte)
Oso zaila du aurreko sasoian egindako lana hobetzeaInolako zalantza barik, Oscar de Marcos izan zen joan den sasoiko ezusteko nagusietako bat. Haren motorra aprobetxatze aldera, hegaletik kendu eta erdian jarri zuen Bielsak. Apustu arriskutsua izan zen; seguruenik, beste inork egingo ez lukeena. Baina bete-betean asmatu zuen. Langile fin bat korrika egiten jarri zuen Bielsak. De Marcos zen lehena presio egiten, baita aurrera egiterakoan aurkariaren atzeko lerroan zuloak aurkitzen ere. Lehen Mailan ez da beste jokalari bat egongo baloia horren gutxi ukituta taldearentzat horrenbesteko garrantzia duenik. Deialdietan lekurik ez zuen futbolari bat zen, baina, denbora gutxian, ezinbesteko bihurtu zen. Dena den, gai izango al daiaz hasi zuen bideari jarraipena emateko? Horretarako, arlo fisikoan sasoi betean egon beharko du. Gainera, aurkariek gertuagotik zainduko dute. Oraindik goiz da, baina oraingoz ez dago aurreko sasoiko De Marcosen berririk. Hala ere, ez da ahaztu behar gainerako taldekideek ere ez diotela asko lagundu. Baloi gabe jokatzen duenak ezinbestean dauka inguruan dituenen premia.
Ander Iturraspe (23 urte)
Aurreko denboraldikoa errepikatuta, nahikoaDe Marcosek bezala, Ander Iturraspek ere aho zabalik utzi zituen zaleak eta adituak aurreko sasoian. Oso gazte eman zioten maila nagusian jokatzeko aukera. Athletic B-n ia jokatu barik eman zuen azken jauzia. Lezamako teknikariek esperantza handiak zituzten jarriak haren jokoan, baina Caparrosekin sekula ez zuen izan jarraitutasunik. Zelai erdian jokatzeko futbolari biguna eta izaera gutxikoa zela aurpegiratu zioten. Askok uste zuten erdilari aurreratu moduan izan zezakeela aukera bere maila erakusteko; hau da, pare bat bizkartzainen babesarekin. Eta justu kontrakoa gertatu da. Hura egin dute bizkartzain. Iturraspe da atzelarien aurretik jokatzeko aukeratutako futbolaria. Lehena erasotzerakoan, eta hirugarren erdiko atzelaria defendatzea egokitzen denean. Inork aurkitu ez zion tokia topatu zion Bielsak. Baina gai izango al da hurrengo hamar urteetan antzera jarraitzeko? Bada, hark ere ez du ondo hasi sasoia. Oraingoz, bermatuta dauka lekua hasierako hamaikakoan, baina entrenatzaileak kontuan hartzeko bi abisu eman dizkio. Betisen kontra ordu erdia bete aurretik kendu zuen, eta Valladoliden kontra, atsedenaldian. Lana hobetu behar duen seinale. Hala ere, Iturraspe zein De Marcosen konpromisoa ez du inork ezbaian jartzen. Lan saioetan zein partidetan duten guztia ematen dute.
Iñigo Perez (24 urte)
Pisua hartuz doaIñigo Perezi Lehen Mailako futbolari sentitzeko balio izan zion joan zen denboraldiak. Aurrez zegoen debuta eginda, baina ez zuen izan protagonismorik taldean. Pentsa: Bielsa fitxatu zutenean, oin eta erdi izan zuen Athleticetik kanpo. Baina haren dohain teknikoek konbentzitu egin zuten entrenatzaile argentinarra. Hala ere, De Marcosekin eta Iturrasperekin alderatuta, pisu gutxi izan zuen taldean aurreko sasoian. Hutsuneak betetzeko erabili zuen Bielsak. Pauso txikiak ematen ari den arren, urrats sendoak izan dira. Gero eta indar handiagoa du taldean. Ezker hegalean zein euskarrian neurketa guztiak ari da jokatzen. Hazten jarraitzeko aukera ezin hobea dauka. Baina lortuko ote du Lehen Mailako futbolariek duten estatusa? Oraindik zalantzak daude haren inguruan. Denborak esango du.
Jon Aurtenetxe (20 urte)
Aukerak aprobetxatzen ari daAurreko sasoian atzetik aurrera egin zutenen artean gazteena da Jon Aurtenetxe. Eta segurenik hark izan du biderik samurrena. Lehen Mailan jokatzea erraza baldin bada, behintzat. Izan ere, Athleticek urteak daramatza defentsaren ezker hegala indartu guran, eta oraindik ere hala jarraitzen du. Aurtenetxek behinbetiko amaitu gura du eztabaida hori. Aitor Larrazabalen gisara, taldeko ezker hegala luzaroan ondo beteta egon daitekeela erakutsi gura du. Joan zen sasoian asko hazi zen futbolari gisa, eta Lehen Mailako futbolaria izan daitekeela erakutsi. Baina oraindik asko dauka hobetzeko defentsan eta, batez ere, erasoan. Sasoi honetan, pubiseko arazoak tarteko, ez du oraindik jokatu. Xabi Castillorekin eta Iñigo Perezekin lehiatu beharko da hamaikakoan postu bat izateko.
Ibai Gomez (22 urte)
Ekin eta ekinNeurketa bakoitzean Athleticen lekua duela erakutsi guran dabil Ibai Gomez, taldean jokatzen duen bilbotar bakarra. Azken denboraldiotan beste inork erakutsi duena baino gehiago eginda igo zen talde nagusira. Eta bide beretik jarraitzen du lehen taldean. Aurreko sasoian gutxi jokatu zuen azken txanpara arte. Horregatik izan zen onena azken hilabete bietan. Fresko zegoen bakarra zen. Ausarta eta lotsagabea da zelaian. Areaz kanpotik ere ondo jaurtitzen du. Hala ere, Bielsak bestelako ezaugarriak dituen futbolariak gura ditu hegalean. Horregatik iritsi da Isma Lopez. Beraz, Iker Muniainen eta Isma Lopezen atzetik hirugarren aukera da. Baina ez du etsiko. Mutil saiatua da. Jokatu duen minutu bakoitza jokatzea merezi duela erakutsi du. Bada zerbait.