Brasilgo Munduko Kopa. D multzoa. Costa Rica

Lanik zailena egokitu zaio

Lanik zailena egokitu zaio.
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Costa Rica ez da erreferentziazko izena munduko selekzioen artean. Txapelketa honetarako zozketa egin zenean, aurkari indartsuenek bere multzoan nahi zuten, talde ahulenetakoa den neurrian. Bada, indarrik gutxiena duenetako honi egokitu zaio multzorik zailenean lehiatzea. Hor dauka erronka, eta handia, gainera. Lan oso zaila dauka, aldez aurretik eta jokatzen hasi baino lehen kanporatutzat jotzen dutelako. Askoz gehiago dira Uruguai, Ingalaterra eta Italia. Horretan inork ez du bestelako iritzirik izango. Sailkatze fasean, nahikoa erraz lortu zuen txartela Jorge Luis Pinto kolonbiarraren taldeak; gol gutxien jaso zuen, eta etxeko partida guztiak irabazi. 1990ean aritu zen aurrenekoz Munduko Kopan, eta final-zortzirenak harrapatu zituen Luis Conejo atezain handi haren itzalean. Gero, 2002an eta 2006an aritu zen, eta ez zuen multzoen fasea gainditu. Jokalari ezagunenak hauek dira: Bryan Ruiz aurrelari-erdilaria(PSV), Cristian BolaƱos erdilaria (Kobenhavn), Joel Campbell aurrelaria (Olympiakos) eta Keylor Navas atezaina (Levante). Laukote hori ona da, eta horiek dira selekzioaren indar nagusia. Beste horrelako zazpi falta, ordea, lan handiren bat egiteko Munduko Kopa honetan. Multzoko erraldoien aurka aritze hutsa handia da Costa Ricarentzat, eta ezagunenak diren jokalari horiei beste batzuk gehituko zaizkie agian lehen fase hau bukatzean. Erakusleiho aparta daukate Munduko Kopa honetako multzorik zailenean eta gogorrenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.