kataLUNIA

Laporta, Generalitaterako hautagai?

"Kataluniak estatu propioa behar duela ulertzen duen alderdian edo plataforman sartzeak seduzitu egiten nau", adierazi du Bartzelonako presidenteak. Aste Santuetarako erabakiko du hauteskundeetara aurkeztuko den edo ez.

2010eko urtarrilaren 4a
17:16
Entzun
Joan Laporta Bartzelona kirol klubeko presidenteak denboraldi honen bukaeran utziko du kargua -barne araudiak behartuta ezin du gehiago egon-, eta politikara pasatzeko gogoa daukala aitortu izan du maiz. Gaur El Mundo Espainiako egunkariari emandako elkarrizketan dio politikan sartzekotan, Kataluniaren independentziaren aldeko indarren batean sartuko litzatekeela. "Kataluniak estatu propioa behar duela ulertzen duen alderdian edo plataforman sartzeak seduzitu egiten nau", adierazi du Laportak. "Espainiarrak ez daitezela batere kezkatu: Katalunia libre balitz, harreman bikainak izango genituzke".

CiUrekin eta ERCrekin hartu-emanak eduki dituela jakinarazi du, baina inork ez diola "proposamen zehatzik" egin. Reagrupament-en aukera ere hor da. "Baina, oraingoz, gehiago limurtzen nau alderdi berri batekin aurkezteak".

Laportak esan du Aste Santuak baino lehenago erabakiko duela Generalitaterako hauteskundeetarako aurkeztuko den edo ez -udazkenean izango da bozak-, eta Bartzelonako agintaldia bukatzean emango duela horren berri.

Espainiako Auzitegi Konstituzionala Kataluniako Estatutu Berriaz epaia ateratzekoa da, eta hori "umiliagarria" izango dela dio Bartzelonako presidenteak -katalanek, Kataluniako Legebiltzarrak eta Espainiako Kongresuak 2006an onartu zuten ituna-. "Espainiako Estatuak ez ditu katalanon arazoak konpontzen. Saiatu gara hitz egiten, amore ematen, baina ez gaituzte errespetatzen".

Laportari Espainiako hainbat eragilek leporatu diote Bartzelona kluba "politizatzen" ari dela. Ezetz dio hark. "Gaur, Barçarik katalanistena, aldi berean, bere historiako unibertsalena da".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.