FUTBOLA

Laporte, Manchester Cityra

Ingalaterrako taldeak erdiko atzelariaren etete klausula ordaindu du. Talde zuri-gorriak 65 milioi euro pasatxo jasoko ditu.  

2018ko urtarrilaren 29a
16:30
Entzun

Manchester Cityk Aymeric Laporte fitxatu du, haren etete klausula ordainduta, 65 milioi euro, hain zuzen. Ingalaterrako taldeak 650.000 euro inguru gehiago pagatuko dizkio Athletici, «elkartasun tresna» moduan —ez du formazio eskubideak ordaindu beharrik—. Beraz, guztira ia 66 milioi euro jasoko ditu talde zuri-gorriak. Laportek eta Manchester Cityk, berriz, sei denboraldirako kontratua adostu dute. Bihar aurkeztuko dute.

«Eman didazuen guztia eskertu nahi dizuet. Nerabea nintzela iritsi nintzen, eta hemen, pertsona eta futbolari gisa hazi naiz. Ez dut nahi nire irteera agur bat izan dadin, gero arte bat baizik. Hemen, bakarra, ezberdina eta ahaztezina den klub bat uzten dut. Eskerrik asko denagatik». Hitz horiekin agurtu da Laporte klubaren webgunean.

Athleticek dirutza jasoko du Laporteren truke, baina jasoko duen dirutzaren tamainako zuloa dauka orain, erdiko atzelaria funtsezkoa izan baita duela bost urte pasatxo lehen taldearekin debuta egin zuenetik: 222 partida ofizial jokatu ditu elastiko zuri-gorriarekin, eta hamar gol sartu ditu.

 

Etxean dagoenaren alde egin edo kanpora bila joan. Horra Athleticek erabaki beharrekoa. Dagoeneko hasi dira izenak azaltzen: Iñigo Martinez, Natxo Monreal, Cesar Azpilikueta, Mikel Merino, Anaitz Arbilla... Hilabeteko epea du fitxaketa bat egiteko.

Fitxaketa garestienak euskal taldeak tartean egonda

1. Aymeric Laporte. 65 milioi euro. Athleticetik Manchester Cityra. 2018an.

2. Javi Martinez. 40 milioi euro. Athleticetik Bayern Munichera. 2012an.

3. Asier Illarramendi. 39 milioi euro. Realetik Real Madrilera. 2013an.

4. Ander Herrera. 35 milioi. Athleticetik Manchester Unitedera. 2014an.

5. Antoine Griezmann. 30 milioi euro. Realetik Atletico Madrilera. 2014an. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.