Mirandes 0-1 Reala

«Amets bat» bizi dute realzaleek

32 urte igaro dira Realeko gizonezkoen taldeak Kopako azken finala jokatu zuenetik. Zaleentzat «historikoa» da atzo lortutakoa.

Realeko zaleak atzoko partidan. SANTI OTERO / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko martxoaren 5a
08:36
Entzun

«Zirraragarria izan da, baina onena falta da». Hala adierazi zuen Realeko entrenatzaile Imanol Alguacilek atzoko partida amaitu ostean. Hunkituta esan zituen hitzok, negar ere egin zuela onartuta. Ez da gutxiagorako, 32 urteren ostean jokatuko baitu Realeko gizonezkoen taldeak Kopako beste final bat. Mila realzale inguru bildu ziren atzo Anduva futbol zelaian, inoiz han izan den bisitari kopuru handiena. Orain, horietako askok Sevillan dute burua. Batzuek aurretik ere hartua zuten lotarako lekua.

32 urte ez dira gutxi. Tartean momentu onak bai, baina bigarren maila eta une txarrak ere ezagutu ditu talde txuri-urdinak. «Odiseak basamortuan», erabili du taldeko presidente Jokin Aperribaik horiek deskribatzeko. Orain, ordea, bikain ari da taldea, eta «amets» bat bizi du, presidentearen esanetan «ilusio ikaragarria» egiten duena: «Negar egin dut amaitzean, final hau jende askoren esfortzuaren ondorio delako». Sevillan izango da, Cartuja futbol zelaian, apirilaren 18an. Orduan, «momentua disfrutatu eta aprobetxatu» behar dutela esan du presidenteak: «Indarrez joan behar dugu Sevillara, ea irabazten dugun». Hala eginez gero, iaz emakumeen taldeak eginikoa berdinduko lukete gizonezkoek.

Iraganera begira, etorkizuna eraiki nahi du Aperribaik. 1980ko hamarkada izan du gogoan: bi Liga, Kopa, Superkopa, Europan finalerdi batzuk jokatu izana... «Hori berdintzea oso zaila da, baina ea Sevillan hasten garen». Urrun daude garaipen haiek, eta asko dira garaipen handi horiek ikusi ez zituzten realzaleak. «Ni gazte sentitzen naiz oraindik, baina egia da 32 urte igaro direla», esan du presidenteak. Apenas zegoen egungo jokalaririk bizirik Realak azken titulua irabazi zuenean. Horregatik, Aritz Elustondo jokalariak adierazi du «flipatzen» ari direla bizitzen ari direnarekin.

Une gozoan da Imanol Alguacil entrenatzailea ere, momentuaz «disfrutatzen». Realzalea da, haurra zela taldeak galtzean «logelan ilunpean ezkutatzen» zen horietakoa, eta hori argi geratzen da haren adierazpenetan: «Zaila da hitzekin azaltzea nola sentitzen naizen Kopako finalera iritsita, hain talde garrantzitsuarekin, niretzat garrantzitsuena».

Zaleak taldearekin, taldea zaleekin

Inoiz baino bazkide gehiago ditu Realak uneotan, 35.000 inguru. Horiei eta gainontzeko zaleei eskerrak eman dizkiete jokalariek, entrenatzaileak eta presidenteak, «momentu txarretan» ere eskaini duten babesagatik, nahiz eta orain garai gogoangarrian dauden. «Hau haientzat da, disfrutatu dezaten», gehitu du Alguacilek.

Sare sozialetan, «ametsa», «ikaragarria», «historikoa» eta halako hitzak dira gehien errepikatzen direnak realzaleen artean. Izan ere, horien artean gazteenek ez dute sekula halakorik ikusi. Oraingounearen, eta zaleen bultzadaren erakusgarri da atzo Miranda Ebrora joan ziren 3.000 zaleak —milak izan zuten zelaira sartzeko aukera—, baita goizeko ordu txikietan Zubietara gerturatu direnak ere, taldeari ongietorria egiteko.

Euskal Herritik kanpo ere badira, ordea, realzaleak, eta horren adibide da Madrilgo Malasaña taldea. Dozenaka lagun elkartu ziren partida elkarrekin ikusteko, eta baita ondoren garaipena ospatzeko ere.

Politikariek ere izan dituzte zorion hitzak Realarentzat. EH Bilduko koordinatzaile Arnaldo Otegik «Goazen Reala!» mezua zabaldu zuen partida amaitu eta berehala, zale txuri-urdinen argazki batekin. Zaleen argazki bat baliatu zuen Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok ere: «Ametsak egia bihurtuz, orain bai, ozen diogu: finalera goaz! Gaur eta beti, gipuzkoarrok harro gaude zuetaz. Handiak zarete». Espainiako Gobernuko ordezkari Denis Itxasok, berriz, «emozioa, nortasuna eta harrotasuna» aipatu zuen.

Aurkari zain

Orain, aurkaria zein izango den jakitea falta da. Granadaren eta Athleticen arteko partidatik aterako da. Joanekoan, 1-0 irabazi zuten zuri-gorriek, eta emaitza defendatu nahiko lukete, apirilean Sevillan jokatzeko. Alguacilek argi du Athleticen aurkako finala nahiko lukeela, halako final bat «oso polita» litzatekeelako. Gaueko 21:00etatik aurrera ikusiko da ea halakorik gertatzen den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.