TXIRRINDULARITZA. EUSKAL HERRIKO ITZULIA

Laranjak ala atzerritarrak?

Bihar hasiko da Euskal Herriko Itzulia, Bergaran, eta ostiralean bukatu, Lazkaon; guztira 765 kilometro ditu ibilbideaketa 27 mendate igoko dira. Iban Mayo, David Etxebarria, Samuel Sanchez, Vinokourov, Rebellin eta beste dira hautagaiak

Andoni Urbistondo.
DONOSTIA
2004ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Bihar hasiko da Euskal Herriko Itzulia, Bergaran. 765 kilometroko bidea egingo dute Hego Euskal Herriko lau probintzietan, bost egunean. 27 mendate igoko dira orotara, 25 kilometroan bat. Ohi legez, menditsua izango da Itzulia, baina igotzaile petoenak ez direnek ere azken aukera izango dute ostiralean, Lazkaon, 8,5 kilometroko erlojupekoan.

Aukera baino gehiago, epaile izan liteke erlojupeko labur hori azken urteetako Itzulietan gertatutakoari erreparatuz. Aspaldiko kontua da, egungo txirrindularitzan, erlojupekoetan egiten direla aldeak, mendate gogorretan baino gehiago. Errazago nagusitzen da mendian gora eutsi eta erlojupekoan hausten duenak, mendian gora hautsi eta erlojupekoan pattala denak baino.Biharko etapako azken igoera gogorra da, Asentziotik. Lehenago ere badaude gogorrak, Deskarga, esaterako. Asteartean, 9 mendate igoko dira. Asteazkenean, Urduña eta Gasteizko Lautadako haizetsua. Ostegunean, Azpiroz tentea Lekunberriko helmugatik gertu eta ostiral goizekoa segadaz josita dago. Nahikoa izango al da tropela txikitzeko, garailea erlojupekoaren aurretik erabakita egoteko? Nekez.Garaipena Euskaltel-Euskadiko laranja koloredunen eta atzerritarren artean egongo da. Baieztapen erraza da hori, aurreikuspena zabala delako. Pronostikoa itxiz gero, bi euskaldunen izenak aipatu behar dira: Iban Mayo eta David Etxebarria. Mayo da jarduneko garailea, eta aurten lasaiago ari bada ere, irabazle sena darama barru-barruan. Garaipena gertu ikusten badu, itsu-itsu bilatuko du, eta ez harritu lortzen badu. David Etxebarriari buruz ezer gutxi dakigu. Lehiaketan zein maila eman dezaken ez dakigu, baina isilean ibili bada, zeozer egiteko gogoz egongo da. Urteetan ere gora doa Abadiñoko txikia, eta aukera baliatu nahiko du. Espainiarra da Samuel Sanchez, baina Euskal Herriko talde batean ari da, Euskaltel-Euskadin. Paris-Nizan lan ona egin zuen eta bete-betean da Lieja-Bastogne-Lieja klasikoan eskuak garaile jasotzeko.Atzerritarrei dagokionez, zailagoa da asmatzea, edo izenak botatze hutsa ere. Denen ahotan daude Alexandr Vinokourov (T-Mobile), Alejandro Valverde(Kelme), Davide Rebellin (Geroslteiner), Tyler Hamilton (Phonak) eta CSCko Ivan Basso edo Jens Voigt. Italiako Giroa hasteko ere hilabete pasatxo geratzen da, eta proba horretan bete-betean egon nahi dutenek itxura txukuna eman ohi dute Euskal Herrian. Gilberto Simonirena da adibide ona. Horiei guztiei espero ez den hautagairen bat gehitu behar zaio, beti azaltzen baita horrelakoren bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.