AIZKORA. URREZKO AIZKOLARIEN LEHIAKETA

Larretxeak arantza atera nahi du

Urrezko Aizkolarien Lehiaketako finala jokatuko du Nazabalen aurka, gaur Azpeitian

DONOSTIA
2005eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Azkenaldian ondoen diharduten bi aizkolarik jokatuko dute aurtengo buruz buruko Urrezko Aizkolarien Lehiaketa Gurea-Kaiku Sariko finala, gaur Azpeitiko (Gipuzkoa) Landeta kiroldegian gaueko hamaiketan. Aizkolari biak nafarrak dira; hots, Floren Nazabal eta Donato Larretxea. Iaz ere, berek jokatu zuten finala, eta Nazabal gailendu zen.

Nazabal sasoi betean heldu da gaurko finalera, eta aurrez jokatu dituen saioak nahiko ongi irabazi ditu. Euskal Herriko txapeldunak, nolanahi ere, gogoan du Nafarroako Txapelketako azken finalean Larretxeak hartu zuela mendean, eta Arantzakoak ongi baliatu zuela txapeldunaren beheralditxoa. Nazabalek Olasagastiri irabazitako finalerdia du erreferentzia, baina baita Arrospideren aurkako saioa ere.Larretxeak ongi dagoela adierazi du, eta erabat sasoiko ez badago ere, orain dela hiru urteko garaipena errepikatzeko asmoarekin plazaratuko da Azpeitian. Olasagastien aurkako saioa izan du aipagarria. Ez zegoen unerik gozoenean, baina, hala eta guztiz ere, gai izan zen azken hiru enborretan aurrea hartzeko Igeldokoari. Nazabalek baino aste bat gutxiago izan du atsedena hartzeko eta prestatzeko, baina bi aste nahikoak izan daitezke.

Iazkoan, 2 minutu eta 25 segundoko aldea Nazabalek

Bi aizkolariek aurreko bi finalak dituzte erreferentzi hein handi batean. Orain dela hiru urte Larretxeak jantzi zuen txapela eta iaz Nazabalek. Iaz iraupeneko neurketa jokatu zuten, eta azkenean, Nazabalek 2 minutu eta 25 segundoko aldea atera zion Larretxeari. Animo aldetik gogotsu plazaratu zen Nazabal, eta baita konfiantzarekin ere.

Finaleko zortzigarren enborrean ohartu zen Etxarri-Aranazkoa Larretxearen parean aritzeko moduan zela, ura edatera jaitsi baitzen Arantzakoa, eta animatu egin zuen bere burua. Egungo txapeldunak 34 urte ditu, eta hasia da txapelei eusteko lehian konfiantza hartzen.Nola batak ala besteak ongi ikasi dute egoera txarrei aurre egiten. Nazabalek plaza-gizonagoa izaten ikasi du eta bere buran konfiantza handiagoa izaten. Larretxeak, berriz, probaren unerik txarrenean egon arren, egoerari aurre egin eta irabazten ere ikasi du. Horregatik, gaur dena ematera joko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.