Sevilla eta Bartzelona Ligako oilar nagusiak dira, Real Madrilekin batera. Xerezek eta Osasunak partida perfektuak jokatu beharko dituzte larunbatean hiru puntuak eskuratu ahal izateko. Baina, zailtasunak zailtasun, asteburuko hiru puntuek gaurko Kopa kanporaketak eman diezaiekeena baino gehiago balio dute Xerezentzat eta Osasunarentzat. Kopa gutxiesterik ez dute nahiko Zigandak eta Camachok, baina lehiaketa batean eta bestean zelairatuko dituzten hasierako hamaikakoek argi uzten dute zein den lehentasuna. Osasunaren kasuan, esaterako, «sei edo zazpi aldaketa» iragarri ditu Camachok. Azkeneko partidan, Santanderren (Espainia), irabazteko zorian izan ziren jokalarietatik lau Iruñean utzi zituen atzo entrenatzaile espainiarrak: Ricardo atezaina, Puñal eta Nekunam euskarriak eta Carlos Aranda aurrelaria. Lau jokalariok pieza garrantzitsuak dira gaur egungo Osasunan, baina ez dute jokatuko Kopako estreinako partida. Roberto, Ruper, Vadocz eta Jorge Galan izango dira haiek ordezkatzeko aukeratutako jokalariak. Horrez gain, beste berritasunik ere izango da, dena dela. Camachok aitortu du Calleja ezker hegaleko erdilari lanetan ariko dela, eta Oier Sanjurjo ere hasierako hamaikakoan izango da.
Jon Andoni Goikoetxeak ere, Zigandak aurrez Osasunan bezalaxe orain Xerezen duen laguntzaileak, partidaren atarian argi utzi du Liga dela Xerezen lehentasuna: «Partida berezia da Zigandarentzat eta niretzat, noski, baina are eta bereziagoa izango da itzulerako partida Nafarroako Erresuman jokatzea, lagun asko ikusiko baititugu han. Ligako azken porrota lehenbailehen ahazteko ondo etorriko zaigu Kopako partida hau jokatzea, baina garrantzitsuena Liga da, eta horrexegatik normalean Ligan jokatzen ez dutenek jokatuko dute Osasunaren aurka. Ea Ligan ere ekarpena egiteko gai direla erakusten diguten Kopan», esan zuen atzo Osasunako, Realeko, Bartzelonako eta Athleticeko jokalari izandakoak.
Pandiani, Kopan ere bai
Osasunarentzat hitz gozoak izan zituen Goikoetxeak: «Guk bagenekien bizpahiru jokalari on fitxatuz gero Osasunak itxura ona eman zezakeela. Beraz, ez gaitu ustekabean hartu gorritxoen hasiera onak. Camuñasek eta Arandak ekarpen ona egin dute, eta taldea ondo ari da jokatzen».
Walter Pandianiren inguruan ez zuen hitzik esan, dena dela. Zigandak eta Goikoetxeak baztertuta zeukaten aurrelari uruguaitarra biak Osasunan lanean ari zirenean, baina Pandiani sasoirik onenera itzultzea lortu du Camachok. David Villa eta Zlatan Ibrahimovicen ostean, Ligako golegilerik onena da Pandiani, Leo Messik adina gol sartuta: zortzi partidatan sei. Une honetan Pandianik Osasunarentzat duen garrantzia ikusita, uruguaitarrak Kopan atseden hartzea izango litzateke logikoena. Baina Camachok badaki Pandianik bere balioa erakutsi nahiko diela Zigandari eta Goikoetxeari, eta haren amorru hori baliatu nahi du Osasunako entrenatzaileak. Atzo, ordea, ukatu egin zuen arrazoia hori dela. «Pandianiren lana egiteko beste jokalaririk ez dugu, eta Xerezen jokatzeko aukera asko dituela uste dut», esan zuen Camachok zozketak Zigandaren aurka lehiatzeko aukera emango ziela jakin orduko. Eta bai, arriskuak arrisku, hasieratik ariko da gaur ere ziurrenik.
Ziganda: «Partida berezia izango da niretzat, noski»
Jose Angel Zigandari gogorra egingo zaio gaur Osasunari porrota opa behar izatea, baina argi dago Xerezek irabazteko egin beharreko guztia egingo duela Larraintzarko entrenatzaileak. Jokalaria zela Osasunaren aurka aritzea zer zen ikasi zuen Athleticekin, baina entrenatzaile lanetan hasi zenetik inoiz ez du bere bihotzeko taldearen aurka aritzerik izan. Gaurkoa da lehendabiziko aldia. «Partida berezia izango da niretzat, noski; partida ezberdina. Nire herriko taldearen aurka ariko gara, eta ezberdina izango da, baina are eta bereziagoa izango da itzulerako partida Iruñean jokatzea. Ea gauzak ondo egiten asmatzen dugun, eta kanporaketa gainditzeko aukerarekin iristen garen Nafarroako Erresumara», esan zuen atzo Xerezeko entrenatzaile nafarrak.Garrantzitsuena Liga dela baina gaur iluntzeko partida serio hartuko dutela azpimarratu zuen Zigandak, dena dela: «Ligan jokatu ez dutenek merezi dutelako jokatuko dute Kopan. Kopa lehiaketa garrantzitsua da, eta asko eman ahal digu, jokalari guztiak erne izateko ondo baitator. Larunbatean oso partida garrantzitsua dugu, etxean, Sevillaren aurka, eta jokalari guztiak prest izan nahi ditut».