Pilota dEPELen buruz buruko txapelketako finala

Lasaitasun pixka bat

Ez Olaizola II.ak, ez Xalak ez dute kexarik izan finalerako pilotak aukeratzean, nahiz eta oso mota ezberdinekoen alde egin dutenLekuinekoak sasoiko dagoela esan badu ere, apustuak doblean irtengo dira haren aurka

Aimar Olaizola, pilota jotzear, Yves Salaberri Xala eta Juan Mari Juaristi begira dituela, atzo, Bilbon, Bizkaia pilotalekuan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2011ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Ekaitzaren ondoren, barealdia etortzen da normalean. Zalapartak isiltasuna ekartzen du, eta iskanbilak, patxada. Azken asteetako polemikaren ondoren, buruz buruko finaleko metronomoa nabarmen mantsotu da. Ez da azken orduko polemikarik egon, eta bi finalistek atzo eginiko pilota aukeraketa oso lasaia izan zen. Bazegoen kexurako arriskurik, Olaizola II.ak eta Xalak pilota mota oso ezberdinak aukeratu zituztelako, baina ez. Biak gustura gelditu ziren, eta ez zen inolako arazorik egon. Azkenean, lasaitasun pixka bat finalerako.

Olaizolaren esanetan, bi finalistek «oso pilota ezberdinak» izango dituzte. Kanpotik ere suma zitekeen, eta pisuetan aldea badago. Xalak berehala aukeratu zituen pilotak, Jokin Etxanizen laguntzaz. Aurreko asteleheneko entrenamenduaren ondoren lehen galbahea egiten ibilitakoak ziren. Astelehenean aukeratutako pilotak atzoko saskian zeuden, eta horregatik ez zuen zalantzarik izan. 103,5 eta 103 gramokoak aukeratu zituen, arautegiak onartzen duen gutxieneko pisukoak. Olaizola II.ak denbora pixka bat gehiago behar izan zuen, baina ez gehiegi. 104,1 eta 104,8 gramokoak aukeratu zituen, behetik gehiago dabiltzanak. Xalak laburbildu zuen bien hautua. «Bote handieneko pilota nik aukeratu dut, eta bote gutxienekoa berak. Halere, laurak dira jokatzeko modukoak ». Olaizolak ez zuen askorik hitz egin pilotei buruz, baina gustura agertu zen.

Final berezia izango da igandekoa. Biei luzea egin zaie itxaronaldia eta jokatzeko irrikan daude.Xalari sasoi betean iristeko denbora eman dio, eta atzo primeran sentitzen dela errepikatu zuen. «Oso ondo nago, beti bezala. Lan saio fisikoak betikoak dira, eta hiru pilotaleku entrenamendu egin ditut. Beste edozein final bezala prestatu dut». Bere buruaz hitz egitean, konfiantza nabarmendu zuen. «Nire buruz buruko hirugarren finala izango da, eta aurrekoekin alderatuta, konfiantza handiagoa sumatzen dut. Agian, adinarengatik izango da». Polemikaren asteak izan dira, eta Xalari zaila egingo zaio kolpetik dena ahaztea. Berak, baina, hausnarketa positiboa egin zuen. «Agian, polemika honek guztiak barruan dudan amorru hori ateratzen lagunduko dit, eta igandean hala gertatzen bada, onerako izatea espero dut».

Aimar Olaizolak ere sasoi onean dagoela esan zuen, eta «Bengoetxearen aurkako eguneko freskotasuna» nahiko lukeela. Ondo sentitzen da, eta kazetariek eskatuta, iraganera begiratu zuen, duela urtebete belauna sendotzen ari baitzen. «Duela urtebete final hau jokatzea espero al nuen? Ez, baina ezta duela zazpi hilabete ere. Beldurrez nengoen, ez nekielako berriz ere Xala bezalako pilotari handien aurka jokatu ahal izango nuen; herren nengoen. Niretzat, finala jokatzea bakarrik ospatzekoa modukoa da, baina behin hemen egonda, irabaztera irten behar dugu».

Giro ona espero dute

Finaleko gauza interesgarrienetako bat harmailetako giroa izango da. Xalaren polemikak bere aldeko iritzia sortu zuen, eta enpresen aurkakoa. Nabarituko al da pilotalekuan? Finalistek ez dute uste, eta nabaritzen bada onerako izatea espero du Olaizolak. «3.000 ikusleak ez dira haren alde egongo; nire herrikoak behintzat nire alde egongo dira. Jendeak errespetuz animatuko duela uste dut». Xalak, berriz, ez du uste bere aldekoak gehiago izango direnik. «Harmailak erdi eta erdi egongo direla uste dut. Gainera, Hego Euskal Herriko zaleek zarata handiagoa egiten dute. Beraz, Ipar Euskal Herrikoei ozenago oihu egin dezaten eskatuko nieke». Apustuei dagokionez, doblean irtengo dira Olaizola II.aren alde, eta artekariak kexu dira hainbeste zalapartarekin, apustuzaleak ez direlako fidatzen.

Partidari buruz, erritmo bizikoa espero dute biek. Olaizola oso fin dabil sake-erremate jokoa egiten, eta, Xalak adierazi zuenez, litekeena da errestoa airez bilatu behar izatea. Lekuinekoak final guztietan zerbait berezia prestatzen duela esan izan du, baina oraingoan ez omen du halakorik egin. «Sake batzuk zabalera-eta bai, baina ezer arrarorik ez. Final honek izan du nahiko gauza arraro dagoeneko». Eta finalera arte, zer? Ezer berezirik ez. Olaizolak masajea hartu zuen atzo, eta mendian babestuko da igandera arte. Xalak ere lasaitasuna bilatuko du, Lekuineko bere txokoan, kanabera hartuta. «Mendira joango naiz, eta pixka bat ibili. Hor amuarrainen bat edo beste dabilen ere ikusi beharko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.