Denboraldi hasieran edonork sinatuko lukeen egoera batean dago Reala. Lehen Mailara ondo egokitu da oraingoz, eta gaur hirugarren garaipena kateatuko luke, Racingi irabaziko balio.Lortzen baldin badu, datozen jardunalditarako sekulako lasaitasuna emango liokeen puntu kopurua bilduko luke, hamasei. Hau da, Ligaren laurdena jokatuta etxeko lanen herena baino gehiago eginak izango bailituzke. Hori da kontuan hartu beharreko aukera. Egia da Racingi irabazita Europako postuetan ate-joka jarriko litzatekeela taldea, baina anekdota besterik ez da. Puntuek hazten jarraitzeko konfiantza emango lioketela da garrantzitsuena.
Garaipena erdiestea «zoragarria» izango litzatekeela esan zuen atzo Martin Lasartek. Bolada onak aprobetxatu behar direla eman zuen aditzera, badakielako txarrak ere iritsiko direla eta egutegia dezente gogortuko dela lehen itzuliko bigarren zatian. Hala ere, ohikoa duen gosea erakutsi zuen entrenatzaileak. «Beti diot ezin dugula pentsatu zer galtzen dugun galduz gero. Irabaziz gero irabaz dezakeguna eduki behar dugu buruan. Baina badakit jarrera horrek zer sor dezakeen zaleengan, eta ezin dugu inor engainatu. Ahal bezain goian egon nahiko genuke, baina gure helburua mailari eustea da; ahal bada, gehiegi sufritu gabe».
Beste edozertan pentsatzeko goizegi dela uste du uruguaitarrak: «Zortzi jardunaldi falta balira, desberdina izango litzateke, baina... Poza neurtzen jakin beharra dago, gero etsipena datorrelako. Beti irabazi nahi dugu, baina besteak ere jokatzen du. Gure aurreikuspenetan zeuden postuetan mugitu gara orain arte, ez oso goian eta ez oso behean. Denborarekin bestelako helburuak lortzeko aukeraren bat badugu, ez diogu uko egingo. Sinetsi beharra dago posible dela, baina hau ez da erraza, ez guretzat ez inorentzat. Gauza askotan hazi behar dugu oraindik». Burua hotz eta «jarrera egokiarekin» ikusten ditu bere jokalariak.
Hobe horrela izatea, gaurko partidak tranpa kutsua duten horietakoa delako. Reala bikain aritu da orain arte Anoetan. Lau partidatik hiru irabazi ditu, eta galdu zuenean ere ondo aritu zen. Baina gehiegizko konfiantza ezin du piztu horrek. Azken urteetan, sarritan gertatu zaio taldeari gauzak ondoen zituenean, hau da, jauzia eman zezakeenean, kale egitea. Behin baino gehiagotan ustez gutxiago ziren aurkariekin, gainera. Racing ezin da gutxietsi; azken finean, Realarengandik hiru puntura dagoelako: «Udan bere aurka jokatu genuen partidan min eman zigun.Jokatzen saiatzen da, eta fisiko eta indar handiko jokalariak dauzka goian. Eskarmentua ere badu».
Racing, pattal etxetik kanpo
Sailkapenean berez dagokiona baino beherago dagoela eta Osasunaren aurka lortutako garaipen argiak indarra eman diezaiokeela azpimarratu zuen Lasartek. Etxetik kanpo makal dabil Miguel Angel Portugalen taldea. Puntu bakarra lortu du, bi gol baino ez ditu sartu, eta hamar jaso, Realak bezala. Hegaletan arriskua kentzen dioten hutsuneak dauzka, hala nola Serrano edo Aranarenak, baina baditu jokalari bikainak. Colsa bermea da zelai erdian, Kennedyk arrisku handia sortzen du geldikako jokaldietan, eta Rosenberg, hotza izan arren, pixkanaka suspertzen hasia dela dirudi.
Racingentzat etxetik kanpo lehen garaipena lortzea akuilu izan daitekeen galdetuta, hauxe erantzun zuen Lasartek: «Motorrak bezala irteten baldin badira, arazoak egongo dira errepidean, gu ere halatsu irtengo baikara». Izan ere, Realak badaki zer duen jokoan, eta eroso sentitzen da Anoetako partidetan sortzen den giro berezian. Besteak beste, Ansotegiren eta Markelen hutsuneak izango ditu. Bizkaitarra jokalari garrantzitsua da, baina Labaka gai da hura ondo ordezkatzeko. Markelek, berriz, min hartu du denboraldiko partidarik onena jokatu ondoren, hau da, oso garai txarrean. Baina ez dute arazo larririk, eta espero da biak jokatzeko moduan egotea laster: datorren astean Ansotegi, eta bi aste barru Markel.
Sarpongek eman du asteko albiste atsegina. Min hartu zuen sorbaldan, eta ez zirudien inolaz ere gaur deialdian sartuko zenik, baina besoa ondo mugi dezake, eta aulkian egongo da. Haatik, ez da sorbaldan lesioa duen lehen aldia, eta luze gabe behin betiko konponbidea eman beharko zaiola esan zuen Lasartek. Aurpegi berririk ez da faltako aukeratutakoen zerrendan, Estrada etaIllarramendi lehen aldiz sartu baitituzte. Euskarri gaztearen kasuan, Almeriaren aurkako partidan ere hura aintzat hartzea zen teknikarien asmoa, baina ezin izan zuten gastroenteritisa zuelako. Bigarren taldean bikain ari da azken boladan, eta aukera ona izan daiteke lehen taldeko zelai erdi beteranoari freskotasuna emateko.
Lasaitasuna baino gehiago
Sailkapeneko goiko postuetan sartuko da Reala gaur Racingi irabazi eta Anoetako bolada onarekin jarraitzen baldin badu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu