Marka da, baina ez da gehiegizkoa Ligako laugarren jardunaldian Osasunak lehendabiziko finala jokatuko duela esatea. Gorritxoek lehen hiru jardunaldietan ez dute lortu azken bi denboraldietako zalantzak uxatzerik, eta Jose Antonio Camacho entrenatzailea atzo oso lasai bazegoen ere, Osasunaren inguruan ez da halako lasaitasunik nabaritzen. Tristea da, baina horixe da egia. Aste honetan jokatuko dituen bi partidetan sei puntu baino zerbait gehiago izango du jokoan Osasunak: lanean ondo jarraitzeko beharrezkoa den lasaitasuna ere izango dute jokoan gorritxoek.
Eta Camachori ere zama astuna kenduko diote bizkarretik, baldin eta gaur Valladoliden eta igandean Sportingen aurka Iruñean irabaziz gero. «Aste honetan sei puntu batu ditzakegu, eta hori da helburua. Lortuz gero, egoera erabat aldatuko da, eta ez da hain Liga hasiera txarra izango», esan zuen herenegun Josetxok, Osasunako bigarren kapitainak. Hori behar dute gorritxoek zurrumurruak, esamesak eta kritika ezkorrak saihesteko.
Osasunaren inguruan kezka sumatzen bada ere -Liga hasi besterik egin ez bada ere, jaitsiera postuetan egoteak ez du inor baikortasunera gonbidatzen-, Camacho lasai agertu zen atzo Taxoaren egindako entrenamenduaren osteko prentsaurrekoan: «Aurkariaren areara ez iristeak golik ez sartzeak baino gehiago kezkatuko ninduke, eta Osasuna asko iristen ari da aurkariaren ate ingurura». Entrenatzailearen esanetan, denek nahi izaten dituzte puntuak. «Eta talde batzuek lortu dituzte jada». Baina jokoari heldu nahi dio Camachok baikor izateko. «Aurkaria hobea izatea eta taldea menderatuta sentitzea da kezkagarriena. Baina hori ez da gertatu. Gu izan ohi gara nagusi jokoan, ondo iristen gara gora, eta aurkariak baino lehenago gola sartzea lortzen badugu, agian dena erabat aldatuko da». Markagailuan aurretik jarriz gero, aurkariek arriskuak hartu behar izaten dituztela gogorarazi zuen espainiarrak.
Eta egia da lehen hiru jardunaldietan aurkaria jarri dela beti aurretik. Baina Camachok badaki Osasunak asko hobetu beharra daukala alderantzizkoa gertatzeko. Egia da hiru partidetako zenbait minututan aurkariak bezainbeste edo hobeto jokatu duela taldeak. Egia da, baita ere, hiru partidetan hiru jokalari kaleratu dizkietela. Baina hiru partida horiek ikusi dituenak gabeziak ere ikusi ditu. Baloiaren jabetza izan arren, aurkariari ez dio minik egiten taldeak. Eta baloia izanda jokoan nagusi dela pentsa daitekeen arren, Osasuna ez da partida bakar batean ere aurkaria baino gehiago izan hasieratik amaierara. Tarteka bai, ordu laurdena orain, zati oso bat bestean... Baina hasieratik amaierara ez.
Eta hori da Camachok zuzendu beharrekoa. Ez da nahikoa, Tenerifen bezala, lehen ordu erdian baloiaren jabetza izatearekin. Ez da nahikoa, Sevillaren aurka bezala, bi zatietako lehen hogei minutuetan nagusi izatea. Nagusitasuna golekin erakutsi behar da, bestela baloiaren jabetzak ez baitu ezertarako balio.
Gainera, Camachoren hitzek galdera kezkagarri bat eragingo diete zaleei: aurkariak baino gutxiago izan ez direnean galdu egin badute, zer gertatuko da aurkariak baino pattalago aritzen direnean? Futbolak, zorionez, askotan ez du logikarekin zerikusirik izaten, baina jakina da zein den galdera horren erantzun logikoa, ondo jokatzen ez denean are zailagoa baita partidak irabaztea.
Clos Gomez epaileak Osasuna gehiago inoiz ez lukeela zuzendu beharko adierazi zuen Camachok iragan larunbateko partida amaitu ostean. Tenerifen ere epailearekin sutan amaitu zuen entrenatzaileak, eta atzo ere ez zituen ahaztu epaileak: «Orain arte ez dugu batere zorterik izan epaileekin, eta aurrerantzean zorte hobea izatea espero dut. Partida normal bat eskatzen dut, besterik ez, hiru jardunaldi daramatzat zain». Dena den, Liga hasi berritan, aitzakia usaina besterik ez dute epaileen aurkako mezuek. Norbaitek gogoratu beharko lioke hori Camachori.
Lau aldaketa hamaikakoan
Hasierako hamaikakoari dagokionez, Camachok ez zuen argibide handiegirik eman atzo, baina zelaian erakutsitakoaren arabera, badirudi lau aldaketa egin ditzakeela: Aranda, Nekunam, Monreal eta Josetxo izan daitezke berritasunak. Masud, Puñal, Calleja eta Sergio geratuko lirateke kanpoan. Azken horrek partida bateko zigorra bete beharko du, Sevillaren aurka txartel gorria atera baitzion epaileak.
Lasaitasuna dago jokoan
Jose Antonio Camacho baikor dago, lehen hiru partidetan puntu bakarra batu arren, aurkariak baino hobeto ikusi duelako taldea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu