Liga gaur bukatuko balitz, Realak Europako Liga jokatuko luke datorren sasoian. Anekdota hutsa izango litzateke bizpahiru partida soilik jokatu izan balira, baina hamalau jardunaldi igaro dira jada; hau da, azterketak egiten hasteko behar adina denbora, eta taldea seigarren postuan dago sailkapenean, besteak beste, Sevillaren eta Atletico Madrilen aurretik. Egoera hori hotzean hartu beharra dago, Realaren borroka ez delako hori. Merezita dago dagoen tokian, kasualitateak ez direlako existitzen, are gutxiago Lehen Maila bezalako lehiaketa krudelean. Baina apaltasunaren bidetik jarraitu behar du, orain arte bezala, hori delako emaitza onak eman dizkion jarrera.
Martin Lasartek ez zuen zalantza izpirik utzi herenegun, derbia irabazi ostean: «Ez diogu ezeri uko egingo, baina lehentasuna mailari eustea da. Lasaitasuna eduki behar da, bai porroten ondoren, bai garaipenen ondoren». Eta lasaitasuna da, hain zuzen, zaleek sentitzen dutena sailkapena begiratzean, bi garaipen kateatu dituelako Realak, eta hamabi puntura duelako jada jaitsiera. Eta hori mundu bat da, beheko taldeei irabaztea zenbat kosta zaien kontuan hartuta. Gorriak ikusiko zituen ustearekin itzuli zen Lehen Mailara, eta oraindik ere asko sufritu beharko du, ziurrenik. Baina baikorrenek ere ez zuten espero hain ondo moldatzea.
Nahikoa da jaitsi zeneko datuei erreparatzea egoera zeinen gozoa den ikusteko. Hamalau partida jokatuta, azken postuan zegoen Reala, sei punturekin. Garaipenik lortu gabe zegoen artean, eta bost puntura zuen salbazioa. Defentsan hainbestean ari zen. Hogei gol sartu zizkioten, orain baino bat gehiago. Baina aldea erasoan dago: orduan zazpi gol baino ez zituen sartu. Orain, berriz, hogeita bat. Gatza dauka taldeak. Llorente eta Tamudo ondo erantzuten ari dira, baina erdilariek ere zeresan handia dute golak sartzeko orduan, Griezmannek eta Prietok batez ere, hiruna sartu baitituzte. Ardurak ondo banatzen ari da taldea. Guztira, hamar jokalarik zulatu dute aurkarien atea.
Xabi Prietoren aurrerapausoa
Erregulartasuna aipatu beharra dago, orain arte norgehiagoka guztietan sartu baitu Realak gola, bakarrean izan ezik -Mallorcan-. Jokalari asko joko bolada bikainean daude. Prieto da adibide garbiena. Athleticen aurka bitan sartu behar izan zuen penaltia, aurrenekoa baliogabetu ziotelako. Betidanik eduki du presiopean ondo erantzuteko behar den odol hotza, baina jokoaren beste alor askotan aurrerapausoa eman du. Lehen baino gehiago agertzen da jokoan, Carlos Martinezekin ondo moldatzen ari da, defentsan ere behar bezala laguntzen du, eta luzaroan eskatu zaiona egiten ari da: aginte makila hartzea. Aurkariek badakite mehatxu handia dela, baina, hala ere, asko kostatzen zaie gelditzea.
Malagan irabazi zuenetik, joko puntu polita hartu du Realak. Hiru partida irabazi ditu azken bost jardunaldietan, eta galdu duenean ere, Atletico Madrilen eta Herculesen aurka, txukun aritu da. Atzean gelditu da Levanteren, Mallorcaren edo Osasunaren aurka emandako itxura eskasa. Reala lehiakor ari da azken boladan, eta ofizioa hartzen ari da. Erakustaldien beharrik ez du puntuak eskuratzeko, igandeko norgehiagokan ikusi ahal izan zen moduan. Derbien berezko osagai guztiak eduki zituen: tentsioa, erritmo handia, borroka eta urduritasuna. Athleticek indartsu jokatu zuen hasieran, baina lehen golak lasaitasuna eman zion Realari. Hortik aurrera oso sendo aritu zen.
Athletic zen, hain zuzen, jardunaldi guztietan gola sartu zuen talde bakarra, baina Bravo gainditzerik ez zuen izan. Txiletarra ere heldutasunera iritsi da jokalari gisa. Egoera korapilatsuetan konfiantza ematen dio taldeari, eta halako asko izan ziren derbian. Hasieran, gainera, bikain gelditu zuen San Joseren jaurtiketa. Gainerakoan, Realak ez zuen ia batere sufritu, erdiko atzelariek kate motzean lotu zutelako Llorente, eta aldaketek, Labakarenak batez ere, sendotasuna eman ziotelako. 2004an irabazi zioten Athletici txuri-urdinek azkeneko aldiz, 3-2. Nihaten eta Gabilondoren golei esker 0-2koari buelta eman zioten.
Datorkionari aurre egiteko arnasa emango dio garaipenak Realari. Izan ere, Camp Noun jokatu beharko du asteburuan, eta Valentziaren aurka, gero. Nagusitasunaren logika betetzen baldin bada, badaki esku-hutsik irtengo dela Bartzelonatik, baina gerta liteke haztea, lotsagabe aritzea eta aurpegia ematea, behar gorririk ez duelako. Jokalariek oraindik ez dutela goia jo uste du Lasartek. Hala adierazi zuen derbiaren atarian, eta hala adierazi zuen ondoren ere: «Taldea konfiantza hartzen ari da, eta gero eta sendoagoa da. Edozeini irabaz diezaiokeela sinesten hasi da». Errespetua galdu gabe, baina denboraldi hasierako beldurrak erabat uxatu ditu Realak. Lasai dago, eta horrek ez dauka preziorik.
Lasaitasuna
Sendotasunari eta ofizioari helduta irabazi zuen Realak herenegungo derbia, eta amestutako egoeran dago sailkapenean. Bi garaipen on kateatu ditu Realak, eta hamabi puntura ditu jaisteko postuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu