Lasaitasunaren ufada

Urdaibaik irabazi du San Miguel ligako hirugarren estropada, Pedreñan, eta joan zen asteko kezkak uxatu ditu

Aitor Manterola Garate.
2010eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Hemen da. Urdaibaik irabazi du denboraldiko lehen bandera ofiziala. Denboraldi-aurrean pilatu zituen beste batzuk, baina joan zen asteburuan, San Miguel ligako lehen estropadan, kale egin zuen. Atzo ez. Hirugarren jardunaldia jokatu zuten atzo Pedreñan (Espainia). Haize handia etsai zutela jardun zuten arraunlariek, eta ondoen Urdaibai moldatu zen. Duela astebeteko kontu kezkagarriak uxatzeko, lasaitasun ufadak jo dio, eta garaipenen bidera itzuli da aspaldiko partez Ligan, aurreko urtekoan ez baitzuen alerik bildu.

Lasaitasuna pilatu du, lasaitasunean oinarrituz. Estropada amaieran, horixe onartu zuen Josu Zabalondok, klubeko presidenteak. Bezperan, lasai egoteko esan omen zion Jose Manuel Francisco entrenatzaileak, bandera irabaziko zutela-eta. Azken txandan jardun zuten Bermeokoek, eta ezusteko aurkaria atera zitzaien: San Juan. Ez horretarako gai ez delako, Orio eta Castro atzean nabarmen utzi zituelako baizik. Lehen luzetik lehia estua eduki zuten txandako bi indartsuenek. Lehen ziabogan, segundo bateko tartea zegoen bizkaitarren alde. Bigarrenean, irauli egin zen kontua. San Juan zen aurretik, segundo batez. Hirugarrenean jo zituen bereak eta bi Urdaibaik, eta aldea handituz, azken luzean pixka bat handitu zuen tartea. Azkenean, lau segundo kendu zizkion Pasai Donibaneko ontziari. Lehen bandera tostetan zeukaten. Erakutsi zuten arraunlari propioen muga arazoa gertatzen bazaie ere banderen lehian daudela.

Borroka horretatik urrun Orio eta Castro ibili ziren. Hasieratik atzean, eta gero eta atzerago. Ederki azaltzen du sailkapeneko postuak: Orio seigarren, eta Castro zazpigarren. Bien eta bi onenen artean Pedreña. Astillero eta Kaiku sartu ziren. Bi espainiarrek bigarren txandan neurtu zituzten indarrak, eta etxekoek zortzi segundoren aldea atera zieten bizilagunei. Kaiku lehen txandan aritu zen, eta Jose Luis Korta oso gustura ez bazegoen ere bere mutilen lanarekin, irabazi egin zieten lehen lehia hori Tirani.

Hondarribiak eta San Pedrok ez zuten joan zen igandeko konturik atzo. Egia da bost segundoren buruan sartu zirela Kaiku bosgarrena eta San Pedro hamargarrena, baina atzo, atzerago egotea egokitu zitzaien bi gipuzkoarrei. Bigarren txandan egin zuten arraunean, eta urrun izan zituzten Pedreña eta Astillero. Zumaia eta Zarautz, atzo ere, azken-aurreko eta azkena. Baina joan zen astean ez bezala, zarauztarra asko gerturatu ziren zumaiarrengana.

Gaur, laugarren jardunaldia izango da, Portugaleten (12:00). Kale zozketak erabat baldintzatuko du lehia. Lehen txandan lehiatuko dira Hondarribia, San Pedro, Zumaia eta Zarautz; bigarrenean, Kaiku, Orio, Castro eta Tiran, eta hirugarrenean, Urdaibai, San Juan, Pedreña eta Astillero.

KAE 1ean, Camargo

Trintxerpen, laugarren jardunaldiko lehia zuten KAE 1ekoek, eta Camargo izan zen onena. Segundo eskas bat atera zion Santurtziri, zazpi Zierbenari eta hamalau Isuntzari. Ligako sailkapenean, hurrenkera honetan daude: Isuntza, Camargo, Zierbena eta Santurtzi. Hiru puntuan daude laurak. Gaur, bosgarren jardunaldia, Camargon (Espainia), 16:30ean.

KAE 2ko estropada Getxon izan zen, eta Portugalete nagusitu zen, Mundakaren eta Zarautz Bren aurretik. Ligako buruan atzoko garaileak daude. Gaur, Pasai San Pedron dute lehia (12:00).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.