Lagun Aro Gipuzkoa Basket. Salgado (10), Papamakarios (7), Panko (18), Doblas (3), Vidal (7) —hasierako bostekoa—, Neto (2), Baron (21), Adeleke (13), Lorant (6) eta Betts (1).
Assignia Manresa. Rodriguez (7), Montañez (6), Gladiir (10), Doellman (13), Asselin (14) —hasierako bostekoa—, Hanga (4), Achara (6), Hernandez (2), Downs (18) eta Oriola (2).
Markagailua. 17-21, 43-39 (atsedenaldian); 65-58 eta 88-82.
Epaileak. Conde, Trujillo eta Sacristan. Kanporatua: Asselin.
Bestelakoak. 5.820 ikusle Donostiako Illunbe pabiloian.
Ez ote dago sufrimendurik gabeko garaipenik? Ilunbeko harmailak inoiz baino beteagoak zeuden, eta partida bukatzeko sei minuturen faltan bere taldea hamalau puntuko aldearekin zihoala ikusita (75-61), hain ezaguna egin den olatua egiten hasi ziren. Pozik zeudelako, Lagun Arok bigarren garaipena lortu eta arnas pixka bat hartuko zuelako, eta behingoz partida bukaera lasaia ikusiko zutelako. Nahi bai! Hitzekin zaila da azaltzea zer eta zergatik gertatu zen, baina Manresa bi puntura hurbildu zen partida bukatzeko minutua falta zela, Lagun Arok jabetza modu inozoan galdu ostean (84-82). Zorionez, azken minutu horretan Manresa izan zen asmatu ez zuena, eta eskerrak.
Partidaren bilakaera ikusi eta gero berriro galtzea kolpe gogorra izango zelako donostiarrentzat. Oso gogorra. Gauza asko egin zituztelako ondo. Orain arte baino pazientzia geixeagorekin jokatu, jokaldi jakin batzuetan izan ezik, Panko eta Baronentzat jokaldiak landuz, eta grina handiarekin jokatuz. Izen bat nabarmentzekotan, ezustekoa: Kenny Adeleke. Orain arte desagertuta ibili da, ezinean, baina atzo lan bikaina egin zuen. Nigeriarra txikia da dorre handien aurka ekiteko, eta ez dauka oin joko eraginkorrik, baina borroka jarri zuen balantzaren bestaldean, eta erabakigarria izan zen bere lana.
Lehertzeraino hustu zen saskipean, eta sei errebote berreskuratu (hiru erasoan). Taldekideen asistentziak ere ondo baliatu zituen, eta hamahiru puntu saskiratu. Bistan da, bere marka onena taldean dagoenetik. Grina horrek beste taldekideak kutsatu zituen, eta horri esker hasi zen partida hausten bigarren laurdenaren bukaeran. Ordura arte zaharrak berri baitziren Ilunben. Aurkaria hobeto kantxaratu zen, eta 1-7, 10-17 eta 17-21 aurreratu. Bigarren laurdena Adelekeren lau punturekin hasi zen, eta Baronek hiruko bat gehitu zion. Beste bost puntu saskiratu zituen Rhode Islandekoak, azkenak atsedenaldira iritsi aurretik, taldeari sei puntuko aldea emateko: 43-37.
Opari gehiegi aukeran
Ez sinisteko modukoa izan zen hirugarren laurdena. Salgadoren hiruko on batekin hasi zen, baina Manresak ez zion ihes egiten utzi: 55-51 25. minutuan. Adelekek sei puntu saskiratu zituen laurdena bukatu bitarteko minutuetan, denak saskipean, eta Peter Lorantek ere lan txukuna egin zuen. Eskasen ibili diren bi jokalariak ari ziren taldea sostengatzen. 65-58 bukatu zen hirugarren laurdena, eta zaleak sufritzeko prest zeuden. Sufritu, ordea, ez. Kontrakoa gertatu zen. Baronek hiru hiruko sartu zituen bata bestearen atzetik, eta Lagun Arok partida hautsi zuen. Hamalau puntu eta minutu apur batzuk dema bukatzeko.
Une kritikoetako gestio zaila etorri zen ondoren. Zer galdu ez, eta arriskatu egin zuen Manresak. Besoak erabili, baloiak berreskuratu, eta erasoan bere jaurtitzaile onena bilatu eraso guztietan: Micah Downs. 12 puntu sartu zituen azken laurdenean estatubatuarrak, eta marmarra eragin harmailetan, Teletovicek eta Baronek etxetik urrun hiruko ikusgarriak sartzen dituztenean bezala (84-80). Azken minutura iritsi aurretik sartu zituen denak, baina. Azken minutuan batere ez. Zorionez.
Lagun Aro 88. Manresa 82
Lasaitasunik gabe, baina ona
Bigarren aldiz irabazi du Lagun Arok, baina 14 punturen aldea harrika bota azken laurdenean; Baron izan da onena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu