Lasaitu ederra Euskaltelentzat

Samuel Sanchezek irabazi du Voltako seigarren etapa, Euskaltel-Euskadiren denboraldiko lehena

unai zubeldia
Donostia
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Behar zuten garaipen bat, arnasa pixka bat. Euskaltel-Euskadi aspaldiko denboraldi hasierarik eskasena egiten ari da, eta ezinegona nabarmentzen hasita zegoen azken egunotan. Paris-Nizan eta Tirreno-Adriatikoan kolperen bat emateko helburu argia zeukan taldeak, baina erabat itzalita ibili ziren txirrindulariak bi proba horietan, Paris-Nizan bereziki —Tirreno-Adriatikoan Ion Izagirrek txukundu zuen talde laranjaren lana, 16. postuan amaituta—. Apirilean hasten da beti Euskaltel-Euskadiren loraldia, Euskal Herriko Itzuliarekin, eta poz ederra hartuko zuten atzo taldeko agintariek Samuel Sanchezek Kataluniako Voltako seigarren etapan —Badalonan— lortutako garaipenarekin.

Denboraldia hasi besterik ez da egin, baina World Tourreko egitura berriak eraginda, ezinbestekoa da zakua puntuz betetzen hastea. Atzo arte etaparik irabazi gabe zegoen Euskaltel-Euskadi, eta espainiarraren garaipenak arnasa emango dio taldeari. Euskal Herriko Itzulian ere Sanchez izango da taldeburua, eta atzo irabazi izanak konfiantza emango dio etapa amaiera bihurrietarako. Helmugara iritsi baino kilometro bat lehenago zegoen aldapa motzean jo zuen erasoa Sanchezek, eta hortxe lortu zuen bospasei segundoren aldea. Atzean Garmin eta Lampre ari ziren lanean, baina ez ziren gai izan Euskaltel-Euskadiren denboraldiko lehen garaipena saihesteko.

Gaur amaituko da Volta, eta bigarren dago Sanchez, Michael Albasinirengandik (Greenedge) 1.30 minutura. 119,8 kilometro dauzka gaurko etapak, eta oso urduria izango da. Lau mendate igo beharko dituzte, bigarren mailako bat eta hirugarren mailako hiru, azkena helmugara iristeko zazpi kilometro falta direnean.

Evans nagusi Kriteriumean

Cadel Evansek (BMC) irabazi zuen atzo Nazioarteko Kriteriumeko bigarren etapa, 6,5 kilometroko erlojupekoa, eta australiarra jarri da lider. Denbora berean dago Michael Rogers (Sky). Gaur amaituko da Kriteriuma, mendiko etaparekin. Gante-Wevelgen klasikoa ere jokatuko da gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.