Bigarren Qatarko Itzuliko laugarren etapan; bigarren Qatarko Itzuliko bosgarren etapan; bigarren Tirreno-Adriatikoko bigarren etapan... Denboraldia hasi zenetik azken kolpea eman ezinik, noiz eta nola irabaziko zuen asmatu ezinik zebilen Peter Sagan (Tinkoff), baina lortu du, behingoz, garaipen desiatua, Tirreno-Adriatikoko seigarren etapan, talde txiki baten esprintean. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, eta Nairo Quintanak (Movistar) jarraitzen du lider, biharko azken etapa falta denean. Hamar kilometroko erlojupekoa izango dute bihar.
Alessando Vanoti (Astana), Yukiya Arashiro (Europcar) eta Stijn Devolder (Trek) ibili dira ihes eginda, ia sei minutuko aldearekin, baina Montelparon gora erritmo bizia jarri du tropelak eta, aldea jaisteaz gain, atzean geratu dira esprinter gehienak. Igoeran, Alberto Contador (Tinkoff) saiatu da Quintana xaxatzen, baina ondo erantzun du kolonbiarrak. Ihesaldia ezerezean geratuta, Lottok eta Tinkoffek hartu dute ardura tropelean, eta esprinta izan da azken metroetan. Sagan taldekiderik gabe zela, MTN Quebeka taldea jarri da tropel buruan azken kilometroan, baina, amorru keinua eginez, eslovakiarrak ondo irabazi du esprinta.