Lasaitua eta arnasa

Beheko postuak urrundu nahi dituzte Realak eta Osasunak gaurko derbia irabazitaTalde txuri-urdinak etxean daraman bide onari eutsi nahi dio; gorritxoek, aldiz, etxetik kanpoko bolada txarra eten

Nelson Osasunakoa eta Zurutuza Realekoa, lehian, lehen itzulian Iruñean jokatutako partidan. LANDER F. ARROIABE / ARP.
Xabier Lopetegi<br /><br /> Asier Legarda-Ereño
Donostia<br /><br /> Iruñea
2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Hiru denboraldi pasatu ziren Realaren eta Osasunaren arteko norgehiagokarik gabe, baina gipuzkoarren eta nafarren derbia ez da aldatu. Azken hamarkada luzean, biek izaten dute helburu: mailari eustea. Gertatu izan da bietako batek sasoi bikaina egitea eta derbia batere estutasunik gabe jokatzea, baina gehienetan, gauza bera bilatzen dute: beheko postuak urruntzea. Txukunago dabil sasoi honetan Reala, eta sailkapenean duen egoera erosoa finkatu nahi du. Osasuna, berriz, larri dabil, oso gertu ikusten dituelako azken hiru postuak, eta arnas apur bat hartzea du jomugan. Lasaitua eta arnasa, arnasa eta lasaitua, derbietan ohikoa den leloa.

Gauza bat argi dago: oparirik ez da izango, ez nahita egindakorik, behintzat, eta bai, ordea, tentsioa. Aste osoan zeresana eman du Realaren inguruan 2007an Nafarroako Erresuman jokatutako norgehiagokak. Normala da zaleek eta hedabideek halako kontuei bueltak ematea, baina iraganeko kontuak dira, eta futbolean orainak agintzen du. «Horrek guztiak kontzentratuta jokatzen laguntzen baldin bagaitu, primeran», esan zuen herenegun Martin Lasartek. Arrazoi du Realeko entrenatzaileak. Hortik aurrera, inolako zentzurik ez du partida errebantxa moduan aurkeztea. Puntuek berebiziko garrantzia dutelako saiatuko dira biak elkar mendean hartzen. Ez beste ezergatik.

Realak badaki asko duela jokoan datozen jardunaldietan. Hurrengo lau partidetatik, hiru jokatuko ditu etxean, aurkari zuzenen aurka guztiak: Osasuna, Mallorca eta Levante. Bigarren itzuliaz gozatzeko aukera bikaina izan dezake bolada horretan emaitza onak pilatzen baldin baditu. Sekulako konfiantza emango lioke, eta konfiantzaz jokatzen duten taldeak oso arriskutsuak dira, beldurrik gabe aritzen direlako, hazita. Aldarte hori lortzeko, ordea, Santiago Bernabeun emandako itxura eskasa hobetu beharko du taldeak. Aitzakiarik ez du oraingoan. Bere Liga da etorkizun hurbilean jokatuko duena.

Erasoan faltan izan dezakeen jokalaririk onena faltako zaio gaur Realari: Xabi Prieto. Norgehiagoka guztiak jokatu ditu erdilariak, hasi eta buka, gainera. Behin baino ez zuen aldatu Lasartek. Hamazazpi minutu horiek kenduta, beti egon da zelai gainean, bere lehen denboraldietan zuen bigun ospea ez hanka ez buru ez duela berretsiz. Jokalari bat baino gehiago dauka entrenatzaileak hura ordezkatzeko: Paco Sutil edo Antoine Griezmann eskuinean koka dezake, eta Dani Estrada aurreratu, baina oso litekeena da Jeffrey Sarpongek jokatzea. Hasieratik, ez da sekulan aritu hegaleko gaztea, eta bigarren zatietako jokalaria baino zerbait gehiago dela erakutsi nahiko du. Baita defentsan behar bezala aritu daitekeela ere.

Mikel Aranburu atzera bueltan eskura izango du Lasartek, eta David Zurutuza ere deialdian sartu du, herenegun izterrean kolpea jaso eta zalantza bazen ere. Ezin da baztertu azken partidatik bestelako aldaketak egitea, zelai erdian zein defentsan. Estrada ez da gaizki ari, baina gerta daiteke Carlos Martinezen oldarkortasunaren alde egitea. Halaber, Mikel Labaka kanpoan utzi du entrenatzaileak, ustekabean, eta horrek esan nahi du Alberto De la Bella hamaikakora itzuliko dela, eta Mikel Gonzalezek bere postuan jokatuko duela, hots, defentsaren erdian.

Etxetik kanpoko zama

Urtebete eta hamahiru egun etxetik kanpo partidarik irabazi gabe. Horixe da Osasunaren marka negargarria. Etxetik kanpo jokatzen duten bakoitzean bolada kezkagarri horri amaiera ematea amesten dute gorritxoek. Nahi baino gehiago kostatzen ari zaie amestutako partida irabaztea, dena dela. 2010eko urtarrilaren 31n Vila-realen 0-2 irabazi zutenetik hemeretzi Liga jardunaldi jokatu dituzte Nafarroako Erresumatik at: hamazazpi partida galdu dituzte, eta bi berdindu. Sasoi honetan, 11 partidatan bi berdindu eta bederatzi galdu dituzte, eta oraindik etxetik at irabazi ez duen talde bakarra da Osasuna. Ezintasun hori lehenbailehen amaitzea komeni da. Gaur Anoetan ahaleginduko dira gorritxoak. Reala sendo ari da etxean, eta ez da erraza izango, baina gorritxoek argi dute zein den helburua.

Derbia izanik, norgehiagoka berezia izango da, eta berezitasun horrek irabazteko aukera gehiago emango dizkiela sinetsi nahi dute Jose Antonio Camachoren jokalariek. «Derbia da: giro berezia izango da harmailetan; zale ugariren babesa izango dugu, eta etxetik kanpoko bolada txarrari amaiera emateko aukera aproposa izan daiteke Anoetakoa», esan zuen herenegun Damia Abellak. Eskuin hegaleko atzelari kataluniarrak argi dauka Osasunak bere onena emango duela Anoetan, eta behingoz etxetik at partida bat irabaztea amesten du. Taldekide guztiek ere iritzi bera dute. Badakite sasoi honetan etxetik at jokatutako partidarik onena San Mamesen jokatu zutela, sasoiko beste derbian. Athleticen zelaian luzapenean korner batetan jasotako gol baten erruz galdu zuten. Anoetan San Mamesko hutsak ez errepikatzea da gakoa. Realak Xabi Prieto eta Joseba Llorente faltako ditu, eta aukera alferrik galtzerik ez dute nahi gorritxoek.

Harmailetan izango duten babesa erabakigarria izan daiteke. Partida Donostian jokatuta, harmailetan etxeko taldearen zaleak izango dira nagusi, baina etxetik at jokatzeko ezohiko zale kopurua izango du Osasunak, ia 2.000 zale. Realak 700 sarrera inguru bidali zizkion Osasunari, eta klubak salgai jarritako 550 sarrerak berehala bukatu ziren. Horrez gain, Osasunako Peñen Federazioko kideek Donostian beste mila sarrera lortu dituztela aintzat hartuz gero, aspaldian ez bezalako laguntza izango du Osasunak Anoetan. Camachok ez dio horri garrantzi askorik eman, dena dela: «Realaren zelaian jokatu behar dugu; gureak ere izango dira, baina harmailetako zale gehienak Realarenak izango dira. Etxetik kanpo ariko gara, eta behingoz etxetik at partida bat irabazi nahi dugu, hori da garrantzitsuena», esan zuen atzo.

Hasierako hamaikakoan gutxienez lau aldaketa egingo ditu entrenatzaileak. Partida bateko zigorra bete ostean Damiak Nelson ordezkatuko du, eta urte honetan lehen aldiz Masud Shojaei eta Javad Nekunam hasieratik ariko dira, Carlos Arandaren lesioa eta Fernando Sorianoren txakalaldia baliatuta. Horrez gain, Sergio ere deialditik at geratu zen atzo, arazo fisikoen erruz, eta Josetxo izan daiteke haren ordezkoa. Bosgarren aldaketa bat ere izan daiteke, dena dela, Dejan Lekic Walter Pandianiren ondoan jarri eta Masud Ferran Corominasen tokian jarrita ere egin baitzuen proba atzo Camachok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.