Bizkarreta-Gerendaingo (Nafarroa) 24 urteko aurrelariak eta Baikok bi urte eta erdirako kontratua adostu dute, 2023ko abenduaren 31ra arte. «Pozik nago. Gogo handia dut kantxetara itzultzeko, eta aukera berri hau aprobetxatzeko», esan du Lasok, kontratua sinatu berritan.
Lasok duela bederatzi hilabete jokatu zuen azken partida profesionaletan. Hilabete geroago amaitu zitzaion kontratua Baikorekin, baina hura eta enpresa ez ziren ados jarri hitzarmena berritzeko orduan, eta Laso enpresatik kanpo geratu zen. Pilotariak salatu zuen egin zioten eskaintza ez zela duina.
Horren ondorioz, Baikok Asier Agirre jarri zuen Lasoren ordez Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkan. Egoera zeharo gaiztotu zen gero, eta Baikoko pilotari gehienek grebara deitu zuten. Baita greba egin ere, eta txapelketa eten egin zen. Gero, akordioa lortu zuten Eskuz Pilotako Enpresen Ligarekin. Horri esker itzuliko da lehiara Laso. Haren aurretik Jon Mariezkurrena eta Iosu Eskiroz itzuli ziren. Mariezkurrena eskaintza baten zain dago, binakakoa jokatu eta gero. Victor Esteban falta da bueltatzeko. Aurrelariak denbora darama Asperekin entrenatzen, eskaintza baten zain.
Bestalde, ostiralean hasiko da Promozio Mailako buruz burukoa: Elordi-Erasun, Egiguren V.a-Alberdi, Peio Etxeberria-Zubizarreta III.a eta Salaberria-Larrazabal izango dira final-laurdenetako lehiak. Finala ekainaren 5ean jokatuko dute.