ALTUNA III.A 7-22 LASO

Lasok erakustaldia eginda irabazi dio Altuna III.ari

Lasok astindu galanta eman dio Altuna III.ari Bizkaia frontoian. Baikokoa 20-3 aritu da irabazten, baina Aspekoak zertxobait itxuratu du emaitza azken txanpan.

Unai Laso, pozarren, garaipena ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Unai Laso, pozarren, garaipena ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2024ko apirilaren 21a
20:10
Entzun

«Hau badakit: egunen batean aterako da barruan dudan jokoa», esan zion Unai Lasok BERRIAri Jokin Altunaren aurka jokatzeko bezperan. Bada, iritsi da egun hori. Gaur izan da. Bizkarreta-Gerendiaingo (Nafarroa) aurrelariak sekulako erakustaldia egin du Bilboko Bizkaia frontoian. Noren aurka, eta pilotako izar distiratsuenaren aurka. Baikokoak astindu galanta eman dio Aspekoari: 22-7 irabazi dio Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako ligaxkako B multzoko lehen jardunaldian.  

«Bolada txarrak pasatu ditut, eta hau garaipen izugarria da. Oso pozik nago Altunari horrela irabazteagatik. Partida ia perfektua egin dut», esan du Lasok neurketa amaieran. Pozarren zegoen. Garaipena, berriz, grina biziz ospatu du: besoak zabal-zabalik, harmailaren goialdera begira, eta barru-barrutik oihu eginez. Bazuen hori egiteko motiborik. Sufritu egin du azken urtean. Eskuin aldakako lesio batek urte erdiz urrundu zuen frontoietatik. Nahi baino gehiago kostatu zaio lehengora itzultzea. Baina, gaur, agerian geratu da itzuli egin dela. Erne harekin. Aurtengo buruz burukoan kontuan hartzeko pilotaria zen gaur arte. Gaurtik, ordea, hautagai nagusietako bat da.  

Lasok emanak zituen ondo zegoelako lehen zantzuak: final-zortzirenetan, nagusitasun handiz irabazi zion Joanes Bakaikoari (22-9). Sumatu zuen «gora» egin zuela, baina berehala zioen oraindik «asko» zuela hobetzeko. Horri eutsi dio gaur ere, neurketa amaieran hitz egin duenean. Baina nekez hobetuko du gaur egin duena. Dena egin baitu era ikusgarrian: oso ondo sakatu du —lau tanto egin ditu sakez—; oso ondo jokatu dio hanketara Altuna III.ari, eta une oro bilatu du haren ezkerra; aspaldi ez bezala gozatu du eskuinarekin, pilota oso goian jarrita; eta, aurrean, aukera izan duenean, bikain bukatu du, era guztietara: airez, boleaz, pilota txokoan utziz, horma-bikoa botaz... Jokoz bikain aritu da, eta jarreraz, beste horrenbeste: adi-adi aritu da hasi eta buka, ausart, zalantza egin gabe. Partida amaierako datuek ezin hobeto islatzen dute zer-nolako erakustaldia egin duen: hemeretzi tanto egin ditu, eta hiru huts besterik ez.   

Alde oso handia egon da baten eta bestearen artean. Amezketarrak behin bakarrik galdu du alde handiagoagatik banaka, duela hamar urte profesionaletan debuta egin zuenetik. Duela zortzi urte izan zen hori. Orduan, Mikel Urrutikoetxeak 22-6 irabazi zion buruz burukoaren finalerdietan. Tanto bat gehiago egin du gaur, baina direnak eta ez direnak pasatu ditu hori lortzeko. Lasok hogei tanto zeramatzanean, berak hiru besterik ez zituen eginak. Nola edo hala itxuratu du emaitza azken txanpan. 

«Egur ikaragarria eman dit. Ezer gutxi gehiago dago esateko. Hura zoriondu besterik ezin dut egin. Eskerrak zazpi tanto egin ditudala, uneren batean sentsazioa bainuen ezin nuela tanto bakar bat ere egin. Berehala ahaztu behar dut partida hau, eta hurrengo biak ahalik eta ondoena prestatu», esan du Altuna III.ak, inoiz ez bezain etsita.

Hurrengo asteburuan jokatuko dituzte multzo honetako bigarren jardunaldiko partidak: larunbatean, Laso eta Dario Gomez ariko dira Iruñeko Labriten; hau da, lehen jardunaldiko irabazleak. Igandean, berriz, galtzaileak ariko dira Eibarko Astelena frontoian (Gipuzkoa): Altuna III.a eta Jose Javier Zabaleta.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.