Lasterketa ero baten zain

Mark Webberrek lortu du 'pole'-a Sepangen, euriak baldintzatutako sailkapen proban; gaur ere euria espero da

Laurentzi Garmendia
Donostia
2010eko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Urteko hirugarren Sari Nagusian ere Red Bull auto bat irtengo da lehen postutik, atzo Mark Webberrek sailkatze saio korapilatsuan denbora onena lortu baitzuen. Euriak saioa aztoratu zuen, eta, halakoetan gertatu ohi denez, sailkapena erabat aldrebestu zen. Aurrean sailkatu ziren guztiak izen nagusiak dira, baina izen nagusi guztiak ez daude aurrean. Izan ere, Ferrariko eta McLareneko gidariak oso atzetik aterako dira: Jenson Button 17. postutik, Fernando Alonso 19. postutik, Lewis Hamilton 20. postutik eta Felipe Massa 21. postutik.

Bakoitzak bere arrazoiak izan zituen hain atzean amaitzeko. Ferrarik ez zuen aurreikuspen egokia egin, lehen sailkapen saioa euripean hasi zenean atertuko zuela uste baitzuen. Ez zen halakorik gertatu. Gogotik egin zuen euria, eta auto gorriek ez zuten gainditu lehen sailkapena. Euripean ongi moldatzen dira Alonso eta Massa -espainiarra hobeto-; beraz, errua taldearena izan zen.

McLarenek ere antzera egin zuen kale, baina kasu honetan Hamiltonekin bakarrik. Ingelesari Ferrarikoei gertatutako gauza ia bera gertatu zitzaion, eta zigor bera jaso zuen. Haren taldekideak lan hobea egin zuen, behintzat pistan iraun zuen artean: Buttonek gainditu egin zuen lehen sailkapen saioa, baina irrist egin eta harri kozkor artean harrapatuta gelditu zen, bigarren sailkatze proban parte hartu ezinda.

Gainerakoek espero zena bete, eta zegokien lana egin zuten. Ferrarin eta McLarenen ez daude pozik, baina ikusleak bai. Lau auto azkar horren atzetik ateratzeak esan nahi du lasterketan saltsa izango dela, aurreratzeak barra-barra. Eta, batez ere, segurutzat jo baitaiteke atzo bezala gaur ere euria egingo duela. Lurra bustitzea ikuskizunaren baliokide da 1 Formulan, atzo berriro ikusi ahal izan zen moduan. Egunero arratsaldez euri jasa izan ohi da Malaysian, montzoia urtaro honetan hasten baita. Bernie Ecclestone 1 Formulako nagusiak iaz lasterketaren ordua atzeratu zuenean, montzoiaren efektupera eraman zuen. Gogoratu iaz Buttonek lortu zuela garaipena, baina lasterketa behar baino lehen amaitutzat eman zutela, sekulakoa bota zuelako. Gaur antzekoa gertatzen bada, inor ez da harrituko. Aurten, baina, ez dago Kimi Raikkonen izozkia berriro jateko.

Webberren apustua

Saioaren azkenera igarotzea lortu zutenek jasan zuten eguraldirik txarrena. Hasi eta gutxira FIAk eten egin zuen, baldintzak ez baitziren seguruak. Hogei bat minutuz zain egon ostean, autoak berriro pistaratu ziren, denbora egitera. Hortik aurrera euriak nolabaiteko bakea eman zuen, eta, tenperatura altuak lagunduta, pista lehortuz joan zen. Ondorioz, euritako pneumatikoak aukeratu zituztenek berehala irentsi zituzten, eta itzuli bakarra egin ahal izan zuten.

Gidari batek bestelako erabakia hartu zuen, ausart jokatuta, halakoa baita bera. Mark Webberrek bere ingeniariarekin adostu zuen arriskua hartu eta pneumatiko mistoak muntatzea. Besteek kale egin zuten tokian, australiarrak guztiz asmatu zuen, eta oso erraz lortu zuen pole-a. Aurreko igandean, Australiako Sari Nagusian, hanka sartu ostean, atzo arantza atera zuen, eta emaitza bikaina lortu.

Gidariek dioten bezala, baina, puntuak ez dira larunbatean banatzen, igandean baizik. Itzuli guztiak falta dituzte oraindik, eta auskalo zer gerta daitekeen gaur. Osagaiak prest daude lasterketa ikusgarria gerta dadin. Ferrari eta McLaren atzean, eguraldi ezegonkorra, normalean aukerarik ez duten taldeak itxaropentsu... Ikuskizuna seguru.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.