Binakako txapelketako sailkatze fase luzeak azken unera arte emozioa izango duela dirudi. Hiru jardunaldi falta dira bukatzeko, eta bikote bakarra dago sailkatuta: Olaizola II.a-Beroiz. Finalerdietako beste hiru txartelak bost bikoteren artean banatuko dituzte, eta horietatik lau sei garaipenekin berdinduta daude.
Asteburu honetako partidak argigarriak izango dira, enpresa bereko bikoteen artean jokatzen den azkeneko jardunaldian. Pilotazaleen artean susmoak zabal daitezen eragoztea ezinezkoa izango da, are gehiago hiru bikotek deus ere jokoan ez dutenean. Dena den, aurreko urteetan horrelako egoerak eman izan direnean, pilotariek zintzo jokatu dute, garaipena enpresen interesen aurretik lehenetsiz.
Aitor Zubietaren parte hartzea da astebururako argitzeke dagoen zalantza bakarra. Iragan astean uko egin zion jokatzeari ezker eskuko arazoen erruz, baina badirudi hobera egin duela, eta bihar proba bat egingo du jokatzeko moduan dagoen ala ez aztertzeko. Xalak ere jokatuko du, duela bi aste urdaileko arazoak izan eta gerriko minekin egon den arren. Irujok iragan ostiraleko partida min txikiekin bukatu zuen, baina ez dira eragozpen izango igandean Eibarren berriz jokatzeko. Iberokoa eta Barriola txapela irabazteko faboritoak ziren, baina egun kinka larrian daude.
Lau bikote berdinduta daude binakako txapelketako bigarren postuan
Aitor Zubieta lehiara itzul daiteke asteburu honetan, eta biharko probaren ondoren hartuko du erabakia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu