Lau eta erdiko txapelketa

Lau eta erdiko txapelketako lehen finalaurrekoko pilotak aukeratu dituzte Altunak eta Bengoetxeak

Oinatz Bengoetxea kexu azaldu da pilota "motelak" eraman dituztelako aukeraketara. Jokin Altunak bi pilota  "ezberdin" aukeratu ditu.

Altuna eta Bengoetxea, pilotak aukeratu ondotik. IDOIA ZABALETA, FOKU
Ainhoa Larretxea Agirre.
2018ko urriaren 30a
07:20
Entzun

Gaur goizean aukeratu dituzte Oinatz Begoetxea eta Jokin Altunak lau eta erdiko txapelketako lehen finalaurrekorako pilotak, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Ikusmin handia sortu du aukeraketak, eta ehun lagunetik gora elkartu dira Labriten. Oso azkar aukeratu dituzte bi pilotariek finalaurrekoa jokatzeko bi pilotak.

Altunak Jon Apezetxea Aspeko intendenteak lagunduta egin du aukeraketa. Elkarren artean ezberdinak diren bi pilota aukeratu ditu Amezketarrak, bizia bat, motelagoa bestea. Lau eta erdikoan bi pilota bakarrik aukeratzen direnez, biak ezberdinak izatea "garrantzitsua" dela nabarmendu du amezketarrak. Finalerdietako pilotak txapelketa guztian ikusitakoen antzekoak direla adierazi du.

Bengoetxeak Ruben Beloki Asegarceko intendentearekin egin du aukeraketa. Aukeraketara eramandako pilotak "motelak" iruditu zaizkio goizuetarrari: "Pilota azkarragoak espero nituen. Tokea badaukate, baina nahiko motelak dira. Materiala partida zein den jakin baino lehen erabakitzen da, eta, beraz, ez dago kexarik".

Lau eta erdian elkarren aurka jokatuko duten hirugarren partida izanen da; aurreko hirurak Bengoetxeak irabazi ditu. Altuna lesio batetik osatu berri da, eta ikusi beharko da nola erantzuten duen. Minik gabe dagoela, baina jokorako “erritmoa” falta duela erran du pilotari amezketarrak.

Larunbatean jokatuko da lau eta erdiko lehen finalaurrekoa, 17:00etan hasita. Bigarrena, Joseba Ezkurdia eta Mikel Urrutikoetxearen artekoa, igandean jokatuko da, Bilboko Miribilla frontoian. Finala azaroaren 18an jokatuko dute, Iruñeko Nafarroa Arena pilotalekuan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.