SASKIBALOIA. EUROLIGA. LAUKO FINALA

Lau finalean eta bakarra harmailetan

Finala Tel Aviven, Israelen, jokatzeak erabat baldintzatu du lehia, eta Maccabik ez beste guztiek ia jarraitzailerik gabe jokatuko dute

Jon Rejado.
GASTEIZ
2004ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Europako saskibaloiaren jaia hastear dago. Euroligako Lauko Finalaren hirugarren ekitaldiak saskibaloiaren zirrara eta ikusgarritasuna azpimarratuko ditu faborito argirik ez duen lehian.

Hasiera batean CSKA Moskuk eta Maccabi Tel Avivek abantaila txiki bat izan zezaketen (Italiako bi taldeak baino indartsuagoak dira), baina lehen kanporaketan elkarren aurka jokatzeak aukerak irekitzen ditu guztiz. Aurtengo Euroliga, ordea, kirola ez den beste arazo batengatik dago baldintzatuta: kokalekuagatik. Tel Aviven, Israelen, jokatu behar izateak zaleen gaitzespena eragin du.Euroligako txanpa erabakigarria baldintzatuta egon arren, kantxa barruko ikuskizuna maila gorenekoa izango dela aurrera daiteke. Parekotasuna da nagusi gaur jokatuko diren bi finalerdietan. CSKAk eta Maccabik bi partida jokatu dituzte aurtengo denboraldian elkarren aurka, eta parekotasuna erabatekoa da. Montepaschi Sienaren eta Skipper Boloniaren arteko kanporaketari dagokionez ere berdintasuna da nagusi, eta bietako edozeinek lor dezake postu bat Lauko Finalean.

Egoera politiko nahasiak baldintzatutako Lauko Finala

Kantxa barruko ikuskizuna zirragarria izango bada ere, Lauko Finalak izan beharko lituzkeen kolorea eta alaitasuna ez ditu izango aurtengoak. Israelera bidaiatzea ez dago poltsiko guztien eskura, eta hango egoera politiko nahasiak ere saskibaloiaren jaiaz behar bezala gozatzeko aukera galarazten du, zale askoren ustez. Italiako zale taldeek, besteak beste, Tel Avivera ez zutela bidaiatuko jakinarazi zuten, Euroligak Lauko Finalaren kokalekua berretsi zuenean,Lauko Finala jokatzeko Italiako bi talde sailkatu arren. Partideetan Israelgo zaleak izango dira gehiengo oso, eta jakina da zaleen presioak dezente baldintza dezakeela partidetako bilakaera.

Hedabideen jarraipenari dagokionez, ez du inolako zerikusirik izango aurreko ekitaldietakoekin. 300 bat kazetari egongo dira. Aurtengo Espainiako Kopan 500 kazetari inguru zeuden kreditatuta. Atera kontuak.

Maccabi Tel Aviv (1932)



 

Maila erakusteko beharra





Euroliga hasi zenetik Maccabi Lauko Finalean kokatu zuten aditu guztiek, baina jardunaldiak aurrera egin ahala israeldarren ustezko nagusitasuna ez da izan espero zena. Erasoari begira Europako talde onena du, maila goreneko atzerritar sorta amaigabearekin, baina Euroligako azken txanpara zalantza asko argitu gabe heldu da. Hala nola Pamesak Israelera bidaiatu izan balu Lauko Finala ezberdina litzateke, ziur asko. Hortaz, eskatzen zitzaien maila emateko ordua heldu zaio.

Taldeari buruz dagoeneko esan ez den ezer gutxi esan daiteke. Jasikevicius, Parker, Sharp, Vujcic, Baston, Deon Thomas... Horrelako taldeen aurrean baloi bat baino gehiago behar duen taldea esaldiaren benetako esanahia ulertzen da. Postu guztietan jokalari erabakigarriak ditu Pinhas Gershonek, baina une bakoitzean baloia nori eman behar zaion asmatzea falta zaio. Sharp lan horretan ondo moldatzen da, baina Jasikeviciusen fitxaketarekin minutuak galdu ditu, lituaniarra oso eraginkorra izaten ari baita.

Montepaschi Siena (1871)



 

Hutsetik zerurasei hilabetean





Euroliga gustuko duela erakutsi du beste behin Montepaschik. Hasiera batean ez zuen jokatu behar, baina azken unean Kinder Boloniaren tokia hartu, eta, iragan urtean egin zuen bezala, Lauko Finalean sartu da bidean talde indartsuak gaindituta. Bartzelona, Benetton eta Panathinaikos bide bazterrean utzi eta toki bat egin du Tel Aviven, eta hutsetik hasita gailurrera arte heltzeko asmoarekin arituko da.

Euroligan maila ona emateko taldea indartu ondoren, inor gutxik espero zuen italiarren bidea hain luzea izatea. Dena den, eta talde lanean oinarrituta, zailtasun handiko partidak aurrera atera dituzte. Hori da, agian, Montepaschiren alderik indartsuena: taldea. Hasierako bostekoa aldatzeko ohitura du Recalcatik, minutuak banatuz, eta horri esker aldaketak egiterakoan gorabeherarik ia ez da sumatzen jokoan.Zerbait azpimarratzekotan, kanpoko lerroa nabarmendu behar da. Stefanoven gidaritzapean, Thornton eta Vanterpool estatubatuarrak arriskutsuak dira, talde lanak lehentasun osoa badu ere.

Skipper BolonIa (1932)



 

Lana biribiltzeko aukera





Azken denboraldietan gogor bilatu du Skipperrek Lauko Finalean sartzea. Euroligako ekitaldiak aurrera joan ahala geroz eta gertuago izan du azken saria, baina bertan parte hartzen duen laugarren urtean lortu du sari potoloa. Lauko Finalean sartuta egotea saritzat har daitekeen arren, lana biribiltzen saiatuko da.

Iragan denboraldiko talde sendoa oinarritzat hartuta egituratu du aurtengo proiektua Jasmin Repesak. Talde izaera nagusi da, baina Skipperrek zazpi jokalari ditu oinarri. Hasierako bostekoaz gain, Van den Spiegelen eta Pozzeccoren artean partidako minutu gehienak bereganatzen dituzte. Aulkian sakontasun handiegia ez izateak, ordea, ez die galarazi CSKA edo Maccabiren mailako talde onak mendean hartzea.Partidaren erritmora egokitzeko trebezia handia erakutsi dute Euroligan. Saskiratze gutxiko neurketetan erosoago aritzen dira, baina saskiratu behar denean ere bikain moldatzen dira. Alor hori agerian utzi dute maila handiko taldeekin lehiatu behar izan dutenean.

CSKA Mosku (1924)



 

Bigarreneanezin hutsik egin





Bigarren Lauko Finala du jarraian CSKAk aurtengoa, eta oraingoan ez du hutsik egin nahi. Aurrekoan bezala etxeko taldearen kontra jokatu beharko du lehen partida, horrek duen arriskuarekin, baina aurtengo denboraldian errusiarrek badakite zer den Tel Aviveko Nokia Arenan irabaztea.

Taldeari dagokionez, Lauko Finaleko talde fisikoena dela esan daiteke, batez ere defentsari dagokionez. Horretan oinarritzen dute euren jokoa; jasotzen duten puntu kopuruari begiratzea baino ez dago. Hiru aldiz bakarrik hartu ditu 80 puntu baino gehiago: Maccabiren kontra jokatutako bi partidetan eta Tauren kontra Moskun jokatutakoan.Erasoari dagokionez, Holden-Brown bikoteak bereganatzen du garrantzi osoa kanpoko lerroan. Dena den, garrantzi handiegia bereganatzeko joera dute partidak aurrera egin ahala. Papaloukas joko banatzailea ere bi jokalari horiekin batera egon daiteke kantxan, kontraerasorako izaera handiagoa emanez taldeari. Saskipea ere ondo zainduta dute Turckan eta Alexanderrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.