Partidarik galdu gabe zegoen Tau Baskonia ACBko kanporaketetan. Unicajaren kontra aise irabazi zituen lehen hirurak, Bartzelonaren kontrako lehenengoa ere bai joan den ostiralean, eta egin baino lehen lanak eginda zeudelakoan zeuden asko. Bartzelonak erakutsi dio Baskoniari ez daudela lanak eginda eta asko estutuko duela. Herenegun Gasteizen irabazitako partida da horren seinale. Etxean aritzearen abantaila bere egin dute berriro kataluniarrek, han jokatuko baitira hurrengo bi norgehiagokak. Gutxienez lau partida jokatuko dituztela esan nahi du horrek, eta bosgarrena beharko balitz Gasteizen jokatuko litzatekeela hori.
Bartzelonan jokatuko dituen bi partidetatik bat irabazi beharra dauka Baskoniak, eta ez da erraza izango etxeko taldea igandean bezain ongi moldatzen baldin bada. Ez da konponbiderik gabeko egoera. Nekez galduko ditu Tauk hiru partida jarraian, baina albisterik txarrena zera da: Bartzelonak neurria hartu diola kanporaketari (eta kontrarioari). Gasteizen jokatutako lehenengo partidaren amaieran hasi zen Bartzelona kanporaketari (eta kontrarioari) neurria hartzen, eta igandean berretsi zuen guztiz aintzat hartzeko taldea dela. Espainiako Kopa irabazi zuen taldearen itxura hartu du.
Ivanovicek lan bikaina egin du Bartzelonan eta ongi ezagutzen ditu Baskoniako jokalariak. Bere jokalarien defentsako lana baliatu zuen kontrarioen erasoko gaitasunari bidea ixteko. Ez ziren Tauko jokalariak sekula eroso aritu. Korrika egiteko aukerarik ez zieten eman, eta ongi jaurtitzeko betarik ere ez. Gehitu horri Navarro Bartzelonakoak partidak denbora gutxian apurtzeko duen dohain berezi horri, eta hori da emaitza: 76-83 galdu zutela Maljkovicenek. Hirugarren partida ostiralean jokatuko da, Palau Blaugranan (20:45).
JOVENTUTEN BALENTRIA MADRILEN. Finalerdietako beste kanporaketa ere ez dago erabakita. Real Madrilen eta Joventuten artekoa berdinduta dago (1-1), eta beste itxura bat hartu du Joventutek igandean Madrilen irabazi ostean. Izan ere, hamar urte baino gehiago zeramatzan Badalonako taldeak Real Madrilen kantxan partidarik irabazi gabe, eta igandean irabazi zuen aurrenekoa (69-76). Rudy Fernandez izan zen irabazleen artean izarra. Hark erabaki zuen norgehiagoka, azken 80 segundoetan. Erasoko errebote bat, lapurtutako baloi bat, hiruko bikain bat, errebote bat eta bi jaurtiketa libre. Horiek guztiak egin zituen Fernandezek denbora gutxian, eta partida irabazi.
Lau partida izango dira, gutxienez
Bartzelonak berdindu egin du Tauren kontrako kanporaketa, eta asko estutuko duela erakutsi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu