Lau postu hobetzeko aukera dauka

2010ean Osasunak Ligan ez du etxeko partida bakar bat ere galdu, eta Getafek azken zortzi partidetatik bakarra irabazi du

Iruñea
2010eko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Getafe mendean hartu eta madrildarrei sailkapenean aurre hartu nahi die gaur Osasunak. Gorritxoek kale egin zuten iragan asteburuan Sportingen zelaian, eta, mailari eusteko behar diren puntuak lehenbailehen batu nahi dituztenez, gaur Nafarroako Erresuman ezin dute huts egin Getaferen aurka. Iragan sasoian 5-2 irabazi zion Osasunak Getaferi, baina aurreko bi denboraldietan Getafe 0-2 gailendu zen Iruñean. Lehia orekatua espero da, baina nola edo hala hiru puntuak eskuratzen ahalegindu beharra daukate Camachok zuzentzen dituen jokalariek. Izan ere, Getafe mendean hartuz gero, sailkapenean lau postu hobetzeko aukera dute gorritxoek. Vila-real, Sporting, Getafe eta Atletico Madrili aurre har diezaioke Osasunak jardunaldi honetan, sailkapenaren hamabigarren postutik zortzigarreneraino igaroz.

Getafek indartsu hasi zuen Liga Racingen zelaian 1-4 irabazita -Soldadok hiru gol sartu zituen-, baina, harrezkero, etxetik at jokatu dituen 11 partidetan bederatzi porrot eta bi garaipen bildu ditu. Etxetik at ez dute partida bakar bat ere berdindu, eta Sanchez Pizjuanen ezustekoa eman eta Sevilla mendean hartzeko gai izan bazen ere, Michelen taldeari etxetik kanpo asko kostatzen ari zaio puntuak batzea. Osasuna, aldiz, 2010ean etxean partidarik galdu gabe dago. Espanyol eta Tenerife menderatzeaz gain, Real Madril eta Valladoliden aurka berdinketa bana lortu ostean, Getafe dago orain gorritxoen jomugan.

Espainiarrek azken zortzi jardunaldietan garaipen bat -Atletico Madrilen aurka, 1-0-, bost porrot eta bi berdinketa bildu dituzte. Michelen taldearen inguruan urduritasuna sumatzen hasi da, batik bat iragan asteburuan Zaragozaren aurka 0-2 galdu ondoren. «Egia da azken boladan partida gutxi irabazi ditugula, baina askotan aurkariek bezain ondo edo hobeto jokatu dugu», adierazi zuen herenegun Michel entrenatzaileak. «Hori ikusita ez da bidezkoa Getafe krisian dagoela esatea. Zaragozaren aurka partida txarra egitetik gatoz, baina partida batengatik krisian gaudenik esaterik ez dago».

Camachok ere atzo ez zion batere garrantzirik eman Getaferen bolada txarrari: «Oreka handia dago Ligan, eta antzera gaude talde guztiak. Partida bat irabazita onena zarela dirudi, baina aste batetik bestera asko alda daitezke gauzak eta denok behar ditugu puntuak sailkapenean aurrerapausoak emateko».

Irandarrak ez dira itzuli

Javad Nekunam eta Masud Shojaei Irango selekzioarekin bildu dira aste honetan. Asiako Koparako sailkapen faseko norgehiagoka zuten asteazkenean Teheranen, Tailandiako selekzioaren aurka -Iran 1-0 nagusitu zen, Nekunamek 90. minutuan sartutako golari esker-. Nekunam zein Masud atzo goizeko lan saioan Taxoaren izango zirela baieztatu zuten Osasunako arduradunek. Baina atzo goizean ez bata ez bestea ez zeuden Taxoaren.

Astelehena arte Teheranen geratzeko baimena eman dietela jakinarazi zuen klubak atzoko entrenamenduaren amaieran. Nekunamek Getaferen aurkako partida ez zuela jokatuko eman zuen aditzera iragan asteburuan Camachok, Patxi Puñal deialditik at geratzea txandakatzeak hasi diren seinale zela adierazteko. Nekunam Irandik garaiz ez itzultzea espero zitekeen, beraz. Baina, hala ere, ezustekoa izan zen atzo bi irandarrak Taxoaren ez ikustea.

Puñalek ordezkatuko du Nekunam hasierako hamaikakoan. Hori izango da, hain zuzen ere, berritasun bakarra Camachoren taldean. Gainerakoan, Sportingen zelaian 3-2 galdu zuten jokalarien aldeko apustuari eutsiko dio entrenatzaileak. Dena dela, egindako probetan halakorik erakutsi ez bazuen ere, prentsa aretoan Ruperrek ere hasieratik jokatzeko aukera duela esan zuen Camachok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.