Larunbatean hasiko da ofizialki Lau t'erdiko Txapelketa, Gasteizen, Sebastian Gonzalez eta Mikel Urrutikoetxearen arteko partidarekin. Baina etzi D multzoko aurrekanporaketa bat jokatuko dute Santo Domingo de la Calzadan (Espainia) David Merino eta Mikel Idoatek, eta irabazlea Aritz Lasaren aurka ariko da igandean, Eibarren, multzoa osatzeko.
Gaur aurkeztu dute txapelketa, Zarautzen, eta aldaketa bat da nabarmena: azken urteotan ez bezala, final-laurdenetan izango da aurten ligaxka. Aimar Olaizola, Yves Salaberri Xala, Juan Martinez de Irujo eta Abel Barriola multzoburuek, beraz, hiruna partida jokatuko dituzte gutxien-gutxienik.
Urriaren 28-29ko asteburuan jokatuko dituzte finalerdiak. Atzerapenik ez dela, abenduaren 2an izango da finala —pilotalekua zehaztu gabe dago oraindik, baina Bilbon edo Gasteizen jokatuko da—.