Asier Legarda-Ereño
Osasuna asko hazi da azken urteetan, eta presidenteak bere egoa lasai daukala dio. Polemikak polemika, Patxi Izkoren agintaldia urrezko hizkiekin idatziko da Osasunaren historiaren liburuan. Eta hori badaki berak. Seigarren denboraldia du agintean, eta nekatzen hasia dela ere sumatzen zaio zenbait unetan. Baina egindakoaz harro dagoela ere agerikoa da. Hori bai, zuhurtzia ez du galdu: dio sasoi honetarako helburuak direla Espainiako Kopan ahal den neurrian gozatzea eta mailari eustea direla dio.
Hasteko, zorionak: 9,5 milioi euroko irabaziak izan ditu Osasunak azken sasoian.
Meritua ez da nirea bakarrik, jende asko zoriondu beharko zenuke. Halere, egia da azken denboraldia ikusgarria izan dela Osasunarentzat. Historiako urterik onena izan da ekonomikoki, zalantzarik gabe. Pozik gaude, noski. Agintaldia hasi genuenean zorra zuzentzea zen helburu nagusietako bat, eta, 2004an hondoa jo genuenetik, susperraldia iritsi da. Osasuna merezi duen tokian uzteko, bide horretatik jarraitu behar dugu, tinko.
Klubaren kudeatzaile nagusia zara. Kirol arloko lorpenek baino gehiago harrotzen al zaituzte arlo ekonomikokoek?
Kirol kluba garela ahazterik ez dago, eta arrazoi ematen diot Jorge Valdanori esaten duenean zaleak inoiz ez dituela ikusi gai horren inguruan balantze ekonomiko on bat ospatzen . Ni, ordea, finantzen mundutik iritsi naiz futbolera, eta niretzat oso garrantzitsua da, ia ezinbestekoa, klubak oinarri ekonomiko sendoak izatea. Baina, noski, kirol ibilbide onak ekarri du indarberritze ekonomikoa neurri handi batean.
Seigarren denboraldia duzu presidentetzan, eta hasieran Osasuna enpresa bat dela errepikatzen zenuen etengabe. Orain zure diskurtsoan aldaketa txiki bat suma daiteke.
Orain sei urte bezala pentsatzen jadut oraindik ere, baina kanpotik ikus ez daitezkeen gauzak ikusten dituzu klubaren barrutik, eta presidente izateko hautagaia nintzenean ez nekien benetan zertaz ari nintzen. Halere, Osasuna enpresa bat dela argi daukat. Urtean 30 milioi euro mugitzen dituen enpresa bat da, eta ez dago halako dirutza darabilen enpresa asko Nafarroan. Enpresa serioa da Osasuna, erabatekoa, astelehenetik ostiralera. Nahiz eta gero asteburuetako partidetako emaitzen loteriak ere zeresana izan enpresaren etorkizunean. Baloia zutoinera joateak eragin ekonomikoa izan dezake. Kudeaketa on bat egitea ez da nahikoa enpresa hau zuzentzeko. Adibidez, enpresari batek bi milio euroko makina bat erosten duenean badaki bere ekoizpenak gora egingo duela. Gauza segurua da hori, eta beharren araberako makina erosiko du enpresariak. Futbolean inork ez du ziurtatzen bi milioi euroko fitxaketa batek emaitzak hobetuko dituenik, ezta 10 milioi eurokoek ere. Lesioak, hirira egokitzen ez diren jokalariak...kontrolpean izan ez daitezkeen aldagai ugari daude futbolean.
Oraindik hiru denboraldi geratzen dira zure agintaldiaren amaierarako, baina jada esan al daiteke hau izango dela zure azken agintaldia?
Hiru urte geratzen zaizkit, eta oraindik ez daukat oso argi, baina ziurrenik ez naiz aurkeztuko. Gaur hori ziurtatzerik ez dago, baina pertsona bat aginte kargu batean denbora gehiegi egotea ez da komenigarria, eta bere garaian gu iritsi ginen bezalaxe, hiru urte barru ere izango da ziurrenik jende talde bat lan egiteko gogoz.
Hainbeste urtetan hedabideen aurrean egotea nekagarria da?
Lana da nekagarria. Hainbeste lan egin eta gauzak ondo ateratzen direnean poza ere asko gozatzen da, baina atsekabe batzuk ere izaten dira tartean, eta musu truk hainbeste denbora eskatzen duen lan batek nekatu egiten zaitu azkenean. Osasunak futbolzale nintzenean niri emandakoa itzuli diot neurri batean klubari, eta hor dagoela uste dut nire ekarpentxoa. Datozela beste batzuk!
Osasunaren historian zure orritxoa ziurtatu duzu.
50 urtez Osasunaren zalea izateak eragindako poz eta atsekabe ugarien ostean, nire presidente lanarekin gustura nago. Nire egoa lasai dago, asetuta.
Sasoi honetan nola ikusi duzu taldea orain arte?
Urte batetik bestera aldaketa gutxi egitea izan da gure politika azken urteetan, taldearen indarra baliatzea zen helburua. Sasoi honetan, ordea, jokalari askok utzi dute taldea, eta ezinezkoa izan da politika horri eustea. Lana erruz egin behar izan dugu, aske geratzen ziren jokalarien bila aritu ginen gehienbat, baina besteetan ez bezala, sasoi honetan dirua ere bagenuen. Azkenean postu bakoitzerako bi jokalari nahi genituen, eta lortu dugula uste dut. Taldeak ez du oraindik bere benetako maila eman, baina lasai gaude, Osasunan joka dezaketela erakutsi dute jada ia jokalari guztiek, eta denbora apur bat behar dute orain.
Azken hiru denboraldietan Corrales fitxatzeko 200.000 euroak ziren Osasunaren gastu bakarra. Sasoi honetan fitxaketetan 12,7 milioi euro xahutzea aldaketa nabarmena da.
Bai, baina hutsuneak betetzeko beharrezkoa zen saldutako jokalariengatik jasotako diruaren zati bat erabiltzea. Aurreko urteetan beste egoera batean zen Osasuna, behartutako herstura ekonomikoa zen hura. Gainera, 12,7 milioi euro xahutu ditugula esatea baino, nahiago dut esatea 12,7 milioi inbertitu ditugula. Fitxatzeko orduan, etorkizunean jokalari horren truke eskaintzarik jaso al daitekeen ere aztertzen da eta.
Beste klub batzuentzat 3,5 milioi euro ez da gauza handia, baina Dadyren fitxaketa ia imajinatu ezinezkoa zen orain gutxi Osasunarentzat, ezta?
Bai, baina jokalarien fitxa ere aintzat hartu behar da, eta batzuetan jokalaria aske etorri arren, egundoko fitxa izan ohi du. Dadyren fitxaketa Osasunako aurrelari baten fitxaketen barruan sar zitekeen, eta hala egitea erabaki genuen. Iragan sasoian Soldado utzita ekartzea merkeagoa izan zen, noski. Baino Dady lau urterako lotu dugu, eta lau urte hauetan bere ekarpena egiten badu, harengatik ordaindutako dirua ondo baino hobeto ordainduta dagoela esango dugu. Portugalgo Ligan bigarren golegilerik onena izan zen Dady, eta merkatuak erabakitzen du jokalari baten balioa.
Pozik zaude Zigandak eginiko lanarekin?
Iragan sasoia bere lehen esperientzia izan zen Lehen Mailako entrenatzaile gisa, baina gutxienez bi urteko eskarmentua hartu zuen, 60 partida jokatu baizituen taldeak! Bere balioa ederki erakutsi zuen, eta sasoi honen hasieran jokalari berriak taldera egokitu beharrak ez dio utzi berak nahi bezala hasten, baina gero eta hobeto ari da. Taldea bikain ezagutzen du, eta jokalari guztientzat garrantzi itzela du Zigandaren esanak. Sasoi polita egingo dugula uste dut.
Javier Aguirrek lau urte egin zituen Osasunan, zure lehen agintaldia osorik, alegia. Bigarren agintaldian Zigandak ere gauza bera egingo ote du?
Lau urte baino askoz gehiagorako ikusten dut Ziganda Osasunan. Egundoko eskaintzaren bat jasotzen badu, agian hausnartu egin beharko du, eta lehenago utz dezake Osasuna, baina gainerakoan Osasunak urte askotarako entrenatzailea daukala uste dut.
Eta hainbeste diru inbertitu ostean, helburua aurreko urteetako bera al da?
Bai: mailari eustea. Lehen Maila da gure Txapeldunen Liga. Ez diogu ezeri uko egingo aukera izanez gero, baina helburu nagusia ez jaistea da. Espainiako Kopa ere asko gustatzen zait, zerbait polita egitea ederra litzateke, baina zaila da.
Eta noiz ikusiko dugu Osasuna Europan berriz?
Osasunak ezin du izarrez jositako taldea izan, hori ezinezkoa da. Baina talde lehiakorra izan nahi dugu, taldean dugu indarra, aldagelan. Guk ez ditugu jokalari onenak, baina Lehen Mailako talde onena dugu. Seguru nago inork ez duela guk baino talde hobea, eta harro diot hau. Iragan sasoian inork ez zuen pentsatzen UEFA Kopako finalerdietaraino iritsiko ginenik, baina finaletik ere gertu izan ginen. Leverkusenera joan eta 0-3 irabaztea ezingo dugu inoiz ahaztu.
Egia da, partida haren amaieran bezalako irribarrerik ez dakit inoiz zure aurpegian ikusi ote dugun.
Zale gisa bizitzan izan dudan pozik handienetakoa izan nuen.
«EZ GARA ABERASTEKO ETORRI OSASUNARA»
A. Legarda-ereño
Osasunaren bazkide konpromisarioen azken batzarrean batzorde ekonomikoko presidenteak [egungo zuzendaritzak hautatu zuen bere egunean] zuzendarientzat diru-ordaina izatea proposatu zuen. Neurri hori bazkideen onespenik gabe har zezaketela ikusita, egundoko polemika sortu zen. Azkenean, atzera bota zuten proposamena Izkoren agintariek. Baina zerbait kobratzea «logikoa» ere bada Izkoren ustez.
Ez zen garai txarra bazkideei sinetsarazteko kudeaketa on batek ordainsaria merezi duela?
Gai hori baztertu egin behar dugu jada. Zuzendaritzak zer pentsatzen duen agerian geratu zen, baina gu ez ginen aberasteko etorri Osasunara. Klubaren batzorde ekonomikoko kideen proposamena izan zen zuzendariok dirua kobratzearena. Hausnarketa egin eta gero, ezetz esatea erabaki dugu, baina presidente izateari uzten diodanean zuzendari berriek lanaren truke kobratzea proposatzen badute, nire onespena izango dute. Partida egunetan palkora purua erretzera joaten ziren zuzendarien garaiak amaitu ziren! Ia-ia palkoa dekoratzeko dauden presidente bakarren batzuk ezagutu ditut tarte honetan, baina %95a lanerako gaude. Eta futbolak denbora asko eskatzen duenez, ordainean diru-sariren bat izatea logikoa dela ere uste dut.
Zeresana izan da ba! A zer polemika, bai bazkideen batzarrean, bai hedabideetan...
Ez da ondo azaldu. 2005eko abenduan klubeko batzorde ekonomikoak hartutako erabaki baten ondotik egin zuten proposamena [batzorde ekonomikoak lau kide ditu, bi bazkide zuzendaritzak hautatzen ditu, eta beste biak bazkide konpromisarioen artetik hautatzen dituzte]. Gutunez azaldu zidaten hori, eta 2005ean klubaren ekonomia orain bezalakoa ez zenez, aukera hori baztertu egin genuen. Soldata izango genuela esan da, eta guk ez dugu inoiz soldata hitza aipatu. Gu ez gara profesionalak izango inoiz, baina egun askotan klubarentzat lanean aritzeagatik gure lanbideak utzi behar izaten baditugu, logikoa iruditzen zait ordainsaria izatea. Gainera, polemika sortu dela esan duzu , baina Osasunako bazkide askok esan dit begi onez ikusiko lukeela zuzendariok zerbait kobratzea. Soldata bat jasotzeak gure profesionalizazioa eskatuko luke, eta hori ez dugu eztabaidatu, inork ez du esan profesionalak izan nahi dugunik.
Zuzendariok soldata izanez gero, agian uko egin beharko zeniokete Osasunarenaz gain beste diru sarrerarik izateari. Erabat Osasunarekin murgilduta zaudetela agerian uzteko, alegia.
Ez, egungo zuzendarion egoeran ez litzateke beharrezkoa behintzat. Nik denbora asko galtzen dut klubaren lanekin, eta zenbait egunetan 05:30ean ere joan izan naiz nire bulegora gero klubera garaiz iritsi ahal izateko. Baina hala eta guztiz ere, bi lanak bateragarriak dira nire ustez, nahiz eta ahalegin berezi bat egin behar izaten den. Juan Pascual eta Fernando Vera gure liberatuak dira, erretiroa hartuta daudenez denbora asko baitute. Miguel Artxankok komeria gehiago izaten du, lanpetuta dago beti, baina profesional itzela da eta bere eginbeharrak bikain egiten ditu, eta Jose Manuel Purroik besteok baino denbora gutxiago eskaini ahal dio klubari, baina horrek ere egundoko borondatea dauka.
Soldatarik ez izan arren, zuzendariek fitxaketekin dirua bildu izan dutela esan ohi da.
Nik ez dut halakorik ezagutu, baina gauzak argiago egon daitezke aurrez ezarritako diru kopuru bat baldin badago. Gauza bat esango dizut, Miguel Artxanko zuzendariak Osasunaren igerileku berria egiteko gai urbanistikoetan egin duen lana kanpoko bulego batek egin izan balu, 500.000 edo 600.000 euroko faktura igorriko ziguten, lasai-lasai. Miguel Artxankok eskuzabaltasun osoz egin du. Osasunako presidente gisa, Patxi Izkok Miguel Artxankori bere lanagatik 18.000 euroko diru-saria eman ahal izatea begi onez ikusiko nuke nik. Aurrekontuan publizitatearentzako dirua dagoen bezala, zuzendarien gastuetarako beste bat egotea izango litzateke gakoa, ez zuzendariok soldata finko bat izatea. Gezur asko esan da, zuzendari bakoitzak urtean 60.000 euro kobratuko zituela ere entzun dut, eta ez zen proposamenean ageri. Dena dela, ahaztu egin nahi dut afera hau.
Patxi Izko, Osasunako presidentea
"Lau urte baino askoz gehiagorako ikusten dut Ziganda Osasunan"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu