REALA 3. ZARAGOZA 0

Laua izan da oso

Denboraldiko garaipenik erosoena eskuratu du Realak Anoetan, Zaragoza azken sailkatuak miseria guztiak erakutsi eta geroLaugarren aldiz jarraian irabazi du Realak etxean, Agirretxe eta Velaren golei esker

Agirretxe, pozez zoratzen, behatzarekin De la Bella seinalatuz, 3-0ekoa sartu berritan; Xabi Prieto ageri da atzean. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Agirretxek (19. min.). 2-0: Velak (22. min.). 3-0: Agirretxek (40. min.). Epailea: Velasco Carballo. Txartel horiak: Realeko Mikel Gonzalezi; eta Zaragozako Pablo Alvarezi. Txartel gorria: Zaragozako Lanzarori (82. min.), bi txartel hori ikusi ondoren. Bestelakoak: 23.500 ikusle inguru Anoetan.

Zaragozak bazuen mailari eusteko aukera apurren bat Anoetara iritsi aurretik, azken hilabetean Espanyol eta Vila-realen aurkairabazteak hatsa itzuli ziolako. Baina hatsik gabe atera zen, erabat lur jota. Carlos Vela eta Imanol Agirretxe berehala ohartu ziren aragoarren aurpegiera ez zela parte onekoa, eta sekulako triskantza eragin zuten kanpokoen lerrorik ahulenari errukirik gabe erasota, atzealdeari. Mexikarra txuri-urdinen jaki gozoenak prestatzen ari da, Griezmanni lekukoa hartuta, eta usurbildarrak haginak izerditan dauzka; gol gosea du. 2004-2005etik ahaztuta zituzten kopuru esanguratsuetara hurbildu ziren Montanierrenak atzokoan. Jose Mari Amorrorturen aginduetara, bost garaipen segidan eskuratu zituzten Anoetan. Laugarrena josi zuten atzo, eta, Nihat eta Kovaceviceken ondoren, Agirretxe da zortzi gol sartu dituen bestea.

Azaroan jo zuen hondoa Realak, Espanyolen aurka berdindu eta gero. Harrezkero, kontrako bidean dator, sendo, zalantza gehienak uxatuz. Aurreko sasoian Anoetan kale egin zuten Malaga eta Herculesen kontra, bigarren itzulian. Ez zuen ikusi azken sailkatuaren amarrua. Ondorioak bai. Ez zuen harri berean estropezu egin nahi hirugarrenez, eta ukabilkada eman zuen mahai gainean.

Lehen hogei minutuei haginkada ematea nahikoa izan zen atzo zuku gehiena ateratzeko. Hasierako hamaikakoan Montanierrek hiru aldaketa egin zituen: De la Bella, Illarramendi eta Agirretxe sartu zituen Cadamuro, Markel eta Griezmannen tokian. Kanpoko taldeak kokatuago ekin zion lanari, antolaketa txukun baten bitartez txuri-urdinen ibilia galaraziz. Carlos Velaren pazientzia amaitu arte. Orduan egin zuen Zaragozarenak.

Aurreneko eraso ahalegin zorrotzean, Agirretxe, arratsaldeko beste protagonista handia, Roberto atezainaren aurrean utzi zuen lerro arteko pase goxo-goxo batekin. Baina usurbildarrak ez zuen behar adina loratu jaurtiketa. Gutxienez, Zaragozako atzelariei beldurra sartu zieten gorputzean, eta hortik aurrera arrisku eremuan barneratu ziren bakoitzean dar-darra antzematen zitzaien. Nola azaldu bestela Realak sartutako hiru golak? Etxekoak bakarrik gai ez eta, kanpokoak lagundu zion, golerako bidea nabarmen erakutsiz.

1-0ekoan Zurutuzak aurrenekoz zapaldu zuen area, eta Da Silvak enbarazurik ere ez zion egin. Pasea azpi-azpitik egin zuen atzera, errematatzaile bila, Robertok ukitu eta aldaratzea usurbilgo ehiztariak baliatu zuen. Hor egin zuen Manuel Jimenezen taldearenak. Beheko putzutik atera ezinda zabiltzanean, edozein danbatekok eragiten dizkizu zauri lazgarriak, eta horixe gertatu zitzaien atzo. Kolpe bat matrailezurrean, eta kito; gorputz enborra uzkurtzera. 2-0ekoan ere Lanzarok ezin izan zuen baloia ganoraz urrundu, taldekideari elkartasuna adieraziz. Velak hartu, burua jaso, jaurti eta barrura.

Erraztasunak ez ziren horretan geratu. De la Bellak zelaiaren puska handiena zeharkatu zuen txapinak erantzi gabe. Aurkari bi inguratu zitzaizkion, auskalo zertara, arean sartu zen, eta Agirretxerentzat goleko baloia bidali, bakar-bakarrik baitzegoen bigarren zutoinean.

Llorenteren gola falta

Festa biribilduko zukeen Llorenteren golak, baina... Hondarribiarrak bi abagune itzel izan zituen neurketaren hondarrean hilabeteetan pilatutako amorrazioa azaleratzeko. Agirretxe ordezkatu eta berehala, Griezmannen pase neurtu batek Robertoren parean utzi zuen aurrenekoz. Ez zuen asmatu. Bigarrenen bat ere izan zuen. De la Bellak eman zion goleko pasea. Baina ezin. Baina txuri-urdinek urrats handia egin zuten lasaitasunaren bila. Horrekin konformatuko ote dira?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.