Laugarren aukera lehena lortzeko

Lagun Arok sasoiko aurreneko partida irabazi nahi du, baina ez dauka bisita samurra: Murtzia

Andoni Urbistondo.
2012ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Mina ematen du garaipenen kutxatxoan agertzen den 0 horrek, eta berandu izan baino lehen kendu nahi dute. 1 jartzen duen unetik egoera beste modu batean ikusiko dutela pentsatzen baitute, gora begira hasteko indar handiagoarekin. Lagun Aro konfiantza, kemena irabazten ari da asteak aurrera joan ahala, bere entrenatzaile eta jokalarien ahotan, eta Bizkaiaren aurka bigarren zatian erakutsitako hobekuntza partida osora luzatzea espero dute Murtzian. Kantxa zaila, partida guztietan 6.000 zale sutsu bertaratzen direlako kantxara, eta taldea bera arriskutsua delako.

Joko antolatzaile azkarra duelako, Josep Franch. Eskarmentu handiko jokalari sorta kanpoko lerroan: Andres Miso, Berni Rodriguez eta David Barlow australiarra. Bi estatubatuarrak ere ez dira herrenak. Matt Gattens eskolta lan ona egiten ari da, 14,3 puntu partidako, eta Marcus Lewis herrikidea ere zenbaki politak lortzen ari da, hamasei puntu eta sei errebote partidako, hain handia ez bada ere (2,03 metro da luze). Beste jokalarien ekarpena apalagoa da, Kim Tillie pibot frantziarrak neurria ematen badu ere aulkitik kantxaratuta.

Balantzaren bestaldean, Lagun Arok badauka indar horri aurre egiteko lehengai nahiko. Raul Neto brasildarra bikain ari da sasoi hasiera honetan, eta dema polita espero da Franchekin, biak jokalari azkarrak baitira. Salgadok orain arte baino gehiago lagundu beharko du, eta Papamakariosek nahikoa lan izango du Rodriguez eta Gattens zaintzen. Saskipean indartsuago dirudi Lagun Arok, Doblas Lewis baino astunagoa delako, eta Ibekwe nigeriarrak ere saskitik kanpo urrundu dezakeelako Lewis-Tillie bikotea.

Sito Alonsok taldea lasai dagoela esan zuen herenegungo prentsaurrekoan. 0-3 balantzeak eragin dezakeen urduritasunaren jakitun dela, baina urduritasunik ez dagoela taldean, inguruan baizik: «Gu lasai gaude, gure neurria bilatu nahian», esan zuen entrenatzaile espainiarrak. Qyntel Woods eta Guille Rubio gero eta hobeto daudela dio, eta Kuksiksek ere laguntza handiagoa ematea espero duela asteak aurrera egin ahala. Dani Diez hegalekoa ez dago bete-betean, baina litekeena da taldekideei minutu batzuetako atsedena emateko moduan egotea.

MURTZIA-LAGUN ARO GBC

Txapelketa. ACB ligako laugarren jardunaldia.

UCAM Murtzia. Franch, Servera, Miso, Berni Rodriguez, Gattens, Juani Jasen, Barlow, Antelo, Marcus Lewis eta Killie.

Lagun Aro GBC. Salgado, Neto, Papamakarios, Motos, Dani Diez, Kuksiks, Korolev, Woods, Rubio, Doblas eta Ibekwe.

Sailkapena. Murtzia hamabigarren postuan dago: 1-2 (-4); eta Lagun Aro hamabosgarrenean 0-3 (-35).

Lekua. Murtziako Kirol Jauregia (7.341 eserleku).

Ordua. 12:15 (ETB K).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.