Aitzol Atuxa nagusi izan da Euskadiko Txapelketako finalean, eta laugarren urtez jarraian jantzi du txapelik preziatuena. Garaipenarekin, urtea borobildu du Atutxa II.ak, aurten jokatu diren hiru txapelketa nagusiak irabaziak baitzituen aurretik: lehena, Urrezko Aizkolarien binakakoa, zazpigarrenez, Mugertzarekin; bigarrena, Urrezko Aizkolarien banakakoa, bigarrenez; eta azkena, Urrezko Kopa, hirugarrenez.
Atutxaren garaipenari emozioa jarri dio Iker Vicente gazteak. Bosgarren enborra erdibitzerakoan, 10 segundoko aldea besterik ez dio atera Dimako aizkolariak. Baina aldea handitzen joan da pixkanaka txapelduna hortik aurrera. Bederatzigarrena amaitzerako, 36 segundokoa zen alde,a eta Atuxak tarte nahikoarekin ekin dio azken lana egiteari. Amaieran, Atutxak 40:53ko denbora egin du eta Vicentek 18 segundo gehiago behar izan ditu.
Atzetik, hirugarren izan da Mikel Larrañaga 43:50eko denborarekin; laugarren, Iñaki Azurmendik 44:07ko denbora egin du; Joseba Otaegik, 44:39koa, eta Ugaitz Mugertzak 46:45eko denborarekin amaitu ditu lanak.
Laugarren txapela eskuan, Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a-ren marka berdindu du Atutxa II.ak. Aurretik ditu oraindik Floren Nazabal, Joxemari Olasagasti eta Anjel Arrospide—sei txapel— eta Miel Mindegia —hamar—. Arrospide izan zen lau urtez jarraian txapela irabazi zuen azkenekoa. Leaburuarrak sei garaipen kateatu zituen 1990etik 1995era.