Laugarrenean laugarrena

Joaquin Caparros talde zuri-gorriko entrenatzailea denetik Athleticek sekula ez ditu irabazi lau partida jarraianSportingek ere irabazi egin ditu azken hiru neurketak, eta zulotik irteten ari da

Pablo Orbaiz, jaurtitzen, Urko Vera begira duela, Lezamako entrenamendu batean. Orbaiz hasieratik ariko da gaur, eta Vera aulkian izango da. JON HERNAEZ / ARP.
haritz gallastegi
Bilbo
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Athleticek salto handia egin du azken jardunaldietan. Hilabete askoko lanaren ostean, sei onenen artean sartzea lortu du. Badirudi Europarako postuetan egoteak indar eman diola. Zuri-gorriek goraka jarraitzen dute etengabe. Atzetik datozen taldeei bost punturen aldea atera ostean, orain bosgarren postua dute jomuga. Espanyol puntu bira dago. Beraz, zuri-gorriek euren lana egiten baldin badute eta Espanyol Almeria gainditzeko gai ez bada, beste aurrerapauso bat emango luke talde zuri-gorriak. Hala ere, ez da komeni kalkuluak egiten hastea, horrela hasiz gero bidean galtzeko arriskua baitago. Jokalariek gauza bakarra izan behar dute buruan: gaur Sporting mendean hartzea. Athletic bolada onean dago, eta San Mamesen indar handia erakusten ari da. Beraz, faborito garbia da irabazteko. Taldea konfiantzaz gainezka dago eta ez du laugarren partida jarraian irabazteko aukera galtzerik gura. Joaquin Caparrosek zuri-gorrien ardura hartu zuenetik Athleticek ezin izan ditu lau partida jarraian irabazi —hiru aldiz eskuratu ditu hiru garaipen erreskadan—. Lortuko al du laugarren aukeran? «Gaitza izango da. Sporting aurkari ezerosoa da. Oso ondo ezagutzen gaitu. Gainera, eurak ere bolada onean dira», adierazi du asteon Carlos Gurpegik.

Denboraldia txukun hasi zuenGijongo taldeak, baina gero asko okertu zitzaion bidea. Duela hilabete eskas kolokan zegoen Manuel Preciado, baina ez da premiarik egon entrenatzailez aldatzeko, Preciado gai izan baita egoerari buelta emateko. Zortea izan du, gainera. Gaur egungo futbolean ez baita samurra izaten emaitzek laguntzen ez dutenean jokalari zein zaleen babesa izatea. Guztien artean egin dute aurrera. Jaisteko postuetan zegoen Sporting, eta 12. postura arte igo da, azken hiru jardunaldietan hiru partida irabazita. «Eurek bizi izan dutena gogorra da. Beraz, indartuta eta gogotsu etorriko dira»,gogoratu duGurpegik.

Ez da erraza jakitea zein talderentzat diren garrantzitsuagoak gaur jokoan egongo diren puntuak. Athleticek onenen artean lortu duen postua sendotu gura du. Sportingek, berriz, lasai aritzeko aukera emango dion garaipena nahi du. Zuri-gorriek, behinik behin, garrantzi handia ematen diote gaurko neurketari. «Guretzat oso garrantzitsua da. Ezin gara erlaxatu», esan zuen atzo Joaquin Caparrosek.Giro ona, hori bai, bermatuta dago. Sportingek zale asko mugitzen ditu. Mareona famatua da. Eta Gijondik zenbat eta gertuago egon, orduan eta gehiago. Aurreko sasoian, esaterako, Athleticek ezin izan zion aurkariaren sarrera eskariari aurre egin. Eta gaur ere antzeko arazoa izango du. Athleticeko jarraitzaileak ere leialak direlako oso. Ia beti betetzen dute Katedrala, eta taldea une gozoan dagoenez, are eta gehiago.

Urko Vera, debuta egitear

Hasierako hamaikakoari dagokionez, ez da aparteko berritasunik espero. Caparrosek azken unean ezer aldatzen ez badu, aldaketa bakarra egongo da. Zelai erdian Orbaizek jokatuko du Javi Martinezen partez —partida bateko zigorra bete behar du—. Aiegiko erdilaria sasoian dago, eta, beraz, litekeena da taldeak faltan izatea haren indarra eta azken jardunaldietan erakutsi duen gol sena. Hala ere, Orbaiz ez da nolanahiko ordezkoa. Beharbada, Athleticek daukan euskarri osoena da. Joko antolatzaile bati eskatzen zaizkion gauza gehienak ondo egiteko gai den bakarra da. Seguruenik ez du golik sartuko, eta egon ziur ez duela baloia bere areatik beste arearaino eramango, baina taldea hobeto antolatzeaz gain, azkarrago ibiliko da baloia Athleticen oinetan dagoenean. Ekizak oin batean izan dituen arazoak gainditu dituenez, gainerako hamar jokalariak azken bi partidetan hasieratik aritu direnak izango dira.

Gaurkoan aulkian egongo da berritasun nagusia. Partida hasi aurretik argazkilari guztiak Athleticen aulkian batuko dira. Urko Vera egongo da han. Aurrelari bilbotarrak nahikoa izan du aste biko lana Diaz de Zeriori eta Igor Martinezi aurrea hartzeko. Badirudi Caparrosek ere Jose Angel Ziganda Kuko-k egunkari honetan esandakoa duela buruan. Vera jokalari aproposa izan daitekeela San Mamesen. «Lan ona egiten ari da. Ondo etorri da eta orain arte gol asko sartu ditu. Beraz, uste dut baliagarria izan daitekeela Sportingen kontra». Aurrelariari, berriz, ez zaio babesik faltako, haren kuadrilla San Mamesen egongo baita, pankarta handi batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.