Pau Ribas. Caja Laboral Baskoniako jokalaria

«Lauko Finala ez dago hain urrun; bi pausora baino ez»

Taldeak hobetzeko tarte handia duela dio. Izarrak izar, arrakasta izanak ematen omen du, «ez izenek». Joan den sasoian Lauko Finaletik bi koskara bakarrik geratu zirela eta, «erronka pauso horiek ematea» dela dio.

Andoni Urbistondo.
Gasteiz
2011ko urriaren 19a
00:00
Entzun
CAI Zaragozaren aurka porrot mingarria hartu ondoren ekingo dio Baskoniak Euroligari. Jokalariek lan saio arina egin dute, BAKHn Istanbulerainoko hegaldi luzeari ekin aurretik. Kantuan pasa dira Kevin Seraphin eta Reggie Williams, Pau Ribasen aurretik (Badalona, Herrialde Katalanak, 1987), eta ez dirudi igandeko astinduak haiengan eragin handirik izan duenik.

Buelta asko eman al dizkiozue Zaragozan gertatutakoari?

Norberak bere modura eramaten du porrotaren pisu astuna. Nire hausnarketa da galdu, gal dezakezula, baina ez Zaragozan galdu genuen moduan, hain jarrera baldarra erakutsita. Ez da ohikoa, eta ezin da askotan errepikatu. Izorratuta bueltatu ginen etxera igande arratsaldean. Zorionez edo zoritxarrez, lehiaketak ez dizu tarte handirik uzten gaizki egindako gauzetan pentsatzeko. Irabazten duzunean ere ez, baina galtzean ere ez.

Ivanovicek epelak bota zituen prentsaurrekoan, baina itxaropentsu agertu zen, Zaragozan gertatutakoa berriro oker berak ez errepikatzeko baliagarria izan litekeelako.

Entrenatzaile batek esan beharreko hitzak direla esango nuke. Jokalariok etsipenean ez pentsatzea da haren zeregina, eta gurea, kantxan partidarik ez galtzea, egindako hutsetatik ikasi eta ondo egiten ditugun gauzak errepikatzeko.

Zuen martxa ona moztu du porrotak.

Bai, Superkopan oso ondo jokatu genuelako eta Ligan ere lehen bi partidak itxura ona emanda irabazi genituelako. Ez genuen han galtzea pentsatzen, baina haiek oso sartuta jokatu zuten partida, eta guk oso hotz, indarrik gabe. Hankapean ibili gintuzten. Saiatu ginen partidan sartzen, baina Zaragozak asko asmatu zuen.

Buruko indarrari kalterik egiten al dio porrotak? Ezberdina al da Euroligari garaipen bolada bat lotuta ekitea, edo partida bat galduta ekitea?

Ezberdina da batzuengan eta besteengan duen eragina. Batzuek buelta gehiago ematen dizkiote, besteek ez. Kirol profesionalean azkarregi pasatzen zara ilusio ikaragarritik atsekabe handiagora, eta ez luke zertan horrela izan. Partida bat galtzeagatik ez da ezer gertatzen. Istanbulen garaipena lortzen badugu, inor ez da gogoratuko Zaragozako partidarekin. Emaitzari baino, jarrerari erreparatzen diot gehiago. Baliteke Istanbulen garaipenik ez lortzea, Euroligan etxetik kanpo irabaztea zaila delako, baina saiatzen bazara, porrota ez da hain mingarria izaten. Zaragozan ez ginen saiatu ere egin.

Zer esaten dizu Euroligak? Dirudienez, eta NBAko lock out-aren eraginez, inoiz baino zailagoa izango da arrakasta lortzea.

AEBetako ligako grebak egoera berezia ekarri du, baina guretzat ere bai. Seraphin daukagu gurekin, eta Reggie Williams eta Dorsey ere ez ziren etorriko, agian, dena normal joan izan balitz. Kirol honetan dena ez da izena. NBAko jokalari asko etorri direla? Eta zer? Horrek arrakasta ziurtatzen al du? Ze anbizio, gogorekin etorri dira jokalari horiek? Europan hilabete batzuk egoteko egokitzeko prest al daude? Litekeena da izar distiratsurik ez daukan talderen batek izar asko dituen beste talde batek baino emaitza hobea lortzea. Gauza bat da izena, eta beste bat izana.

Eta egoera horretan, zein da Baskoniaren helburua?

Joan den sasoian final-laurdenak jokatu genituen, eta lau partidetan menderatu gintuen Maccabik. Denboraldi honetan langa hori gainditzea da erronka.

Orain hori hain argi esanda, gehitxo ez ote den.

Zergatik? Hobetzeko aukera handia daukagu, eta ez dut uste talde txarra dugunik. Joan den sasoian ere Top16a gainditzea oso zaila zela entzuten nuen han eta hemen, eta, azkenerako, Lauko Finala jokatzeko bi pausora geratu ginen, eta ez dut hain urrun ikusten Istanbuleko azken fase hori [Turkiako hiri horretan jokatuko da Lauko Finala]. Joan den denboraldian gorriak ikusi genituen lehen fasea pasa eta Top16a jokatzeko, eta, gero, Top16an multzoko lidergoa lortu genuen, gure taldean Panathinaikos txapelduna bazegoen ere. Talde gaztea gara, baina anbizio handia sumatzen dut kideengan, eta talde honen bidea eta arrakastarena berdinak dira.

Hobetzeko tarte handia duzuela esan duzu. Non dago taldea orain, eta noraino hel liteke?

Kontua ez da zenbaki bat ematea eta bi hilabete barru sasoi betean egongo garela esatea. Nik neuk ere ez dakit oraintxe gure benetako gaitasuneko zein puntutan gauden, %40an edo %60an. Iritsi berriek ahal dutena egin dute, eta taldean denbora gehiago daramagunok hartu behar dugu ardura. Asteek aurrera egin ahala talde dinamikan sartuko dira iritsi berriak, eta horrek bultzada emango digu.

Egokitu zaizuen taldeak errespetu handia ematen du. Olympiakos, Ulker, Bilbo Basket eta, ustez, multzoko bi talde apalenak: Cantu eta Nancy. Zein analisi egiten duzu?

Ba zuk zeuk eta jende askok pentsatzen dudan gauza berbera pentsatzen dut nik ere. Kantxan zer neurri ematen duten eta dugun ikusi gabe ezin dela jakin multzoa erraza edo zaila den. Nik gauza bakarra dut garbi: bai edo bai, Baskoniak Top16a jokatu behar duela. Multzo zaila da, itxuraz, baina hori ona da guretzat, guk partidak irabazteko zailtasunak baldin baditugu, aurkariek ere ez dutelako lan errazik izango. Etxean sendo jokatzea da lehen fase honetako helburua, eta etxetik urrun garaipen pare bat lortzen saiatzea.

Taldeak zuk egindako denboraldi hasiera errepikatzen badu, urrun iritsiko zarete ziur. Ondo ari zara.

Gustura nago. Denboraldi-aurrea oso-osorik egin ahal izan dut, eta hori oso garrantzitsua da. Dagoeneko hirugarren urtea dut taldean, hirian, eta hori ere aintzat hartu behar da, urtez urte ikasi egiten duzulako. Nire kontratua berritzeko tratuan ari gara, eta hitzarmena luzatzeko gertu gaude. Hori ere pizgarri handia da niretzat, eta entrenatzaileak ere laguntza eta babes handia ematen dit. Aulkitik kantxaratu arren, pozik nago nire lanarekin eta taldean daukadan garrantziarekin, eta aurrerantzean etorriko dena ere denboraldi hasiera hau bezain ona izatea espero dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.